Nely Carla Alberto Francisco. Eskubaloi jokalari ohia

«Oroimenean gordeko dut betiko nire debuteko eguna»

Jokalari gisa erretiroa hartu berri du, 38 urterekin, 22 urtez maila gorenean aritu ondoren. Baina baloi txikiari lotuta jarraituko du: etxera itzuli da, eta Bera Berako harrobian hasi da entrenatzaile lanetan.

GORKA RUBIO / FOKU.
Iñaki Fernandez Guridi.
<i>Lasarte-Oria</i>
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrira itzuli berri da Nely Carla Alberto Francisco, Frantzian eta Bretainian 11 urtez bizi ondoren. Aldi berri hau senarrarekin eta hamasei hilabeteko Cloe alabarekin egingo du, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). «Nekatuta» daude etxe aldaketarekin, baina espero dute datorren astean «lasaiago» egotea.

Amaitu da zure etapa, eskubaloi jokalari gisa. 22 urte egin dituzu. Zer errepaso egiten duzu?

Titulu asko irabazteko zortea izan dut, eta esperientzia hau partekatu ahal izan dudan jendearekin geratzen naiz; eurekin bizi ahal izatea eta haien jokatzeko modua ezagutzen ikastea eta egokitzea.

Poza eta tristura sentitzen al duzu aldi berean?

Azken finean, bizitza osoa eman dut eskubaloian jokatzen; DNAn daramat. Pena eman dit uzteak, gehiago jokatu nahi nuelako, baina beste proiektu batzuetara salto egiteko unea da.

Sare sozialetan zenioen eskubaloia ez dela lana izan zuretzat «bizitzeko modu bat baizik».

Egia da. Mundu guztiak har dezake lan bezala, egunero entrenatzen ari zarelako, baina, azkenean, zure pasioa bada, lana dela ahazten zaizu. Orduan, ahalik eta modurik onenean egoten saiatzen zara, ahalik eta lesio gutxien edukitzeko. Gainera, Espainiako selekzioarekin joateko aukera daukazu. Lana da, bai, baina saria oso polita da.

Zein balio transmititu dizkizu eskubaloiak? Egunerokorako baliagarriak izan al dira?

Buruz sendoa izatea; taldeak batzea; une zailei taldekideekin aurre egitea... Eskubaloiarengatik ez balitz, askoz gehiago kostatuko zitzaidan eguneroko egoerei aurre egitea. Taldean zaudela, laguntza handiagoa duzu, eta errazagoa da arazoak gainditzea.

Azken urte eta erdia zalerik gabe jokatu behar izan duzue. Zapore gazi-gozoa geratu zaizu?

Beti esan ohi dudan bezala, zaleak dira gure zortzigarren jokalaria. Asko nabaritu dugu haien falta pandemiaren ondorioz, baina orain espero dugu pixkanaka jendea sartzen uztea, talde batek bere zaleak behar dituelako, eta garai zailetan babesa jaso behar duelako. Azken urte honetan euren falta sumatu dugu.

Zure ibilbideko zein momenturekin geldituko zinateke?

Espainiako selekzioarekin Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu genuen momentuarekin. Taldeei dagokienez, zaila da, baina Itxakon nengoela irabazi genuen EHF kopa aukeratuko nuke. Irabazi aurreko urtean oso gertu geratu genuen, eta hurrengoan irabazi ahal izan genuen. Zaleek asko lagundu ziguten denboraldi horretan.

Espainiako selekzioan ere zure arrastoa utzi duzu: 136 aldiz jokatu duzu, eta 346 gol sartu. Aintzat hartzeko zenbakiak dira.

Oso gustura eta harro nago egindako ekarpenarekin. Tituluak eskuratu genituen, eta horretarako ari ginen lanean. Olinpiar Joko batzuetara zoazenean, zure helburuak dituzu, baina domina eskuetan duzula ikustea oso pozgarria da.

Zer sentitu zenuen domina irabazi zenutenean?

Egin duzun lan guztiak, ia oporrik gabe gainera, saria duela ikustea oso pozgarria da. Gauza askori uko egiten diezu, baina gero domina bat eskuratzea oso atsegina da.

Hamar taldetan aritu zara, gehienak Frantziako Ligakoak. Zer duzu nahiago: etxean ala kanpoan jokatzea?

Ez zen aldaketa zaila izan. Frantzia ondoan dago, eta oso ondo moldatu naiz. Baina egia da desberdintasunak daudela egunerokoan: hemen lagunekin poteoan ibiltzera irteten zara, eta beti zaude kalean; Frantzian, aldiz, etxeetan elkartzen zara.

Frantzian zinela ama izan zinen, hain zuzen ere, pandemia betean, iazko apirilean. Nola bizi izan zenuen?

Nire alaba Frantzian jaio zen, Bordelen. Eta familiak hasieran ikusi ezin izatea gogorra izan zen. Nire senarra, gainera, ezin izan zen erditzean denbora guztian nirekin egon. Baina konfinamendua ondo etorri zitzaidan nire senarrarekin eta alabarekin gehiago egoteko. Pixkanaka hura ezagutzeko balio izan zidan.

Nola hartu zuen taldeak haurdun zinela?

Ez zen arazorik izan. Gainera,espero gabeko haurdunaldia izan zen. Denboraldi hasieran jakin nuen, eta taldearentzat garrantzitsua izan zen nire falta. Ez zuten gaizki hartu; zoriondu egin ninduten, eta laguntzen aritu ziren denbora guztian. Eskertzekoa da.

Zenbat denbora pasatu zen albistea eman zenuenetik jokatzeari utzi zenionera?

Nire kasuan, berehala utzi behar izan nion jokatzeari, haurdunaldia arriskutsua izan zelako: biriketako bi enbolia izan nituen aurretik. Normalean, jendea hiru hilabeteko egon arte lehiatzen da, baina nire aurrekariekin hobe zen ez jarraitzea.

Nola eraman zenuen pistatik kanpo egotea?

Ez zen hain zaila izan, ni partidak ikustera eta entrenamenduetara joaten nintzelako. Ezin nuen jokatu, beraz, nire egoera onartu behar nuen.

Ia hiru hilabete pasatu dira jokatu zenuen azken partidarik. Gorde al duzu egun horretako elastikoa oroigarri gisa?

Egon naizen talde guztien elastikoak gordetzen ditut. Eta etorkizunean nire alaba Cloek eskubaloian jokatzea erabakitzen badu, bere amak izan zuen ibilbidearen berri izango du. Oroitzapena betiko izango dut.

Aurkarien elastikoen bilduma egiteko ohitura izan al duzu?

Ez daukat beste jokalariei elastikoa eskatzeko ohiturarik. Dena den, markatu nauten jokalarienak gordetzea gustatzen zait. Baina ez dut bildumarik egiten. Balio handia ematen diet dauzkadan elastikoei.

Soilik 16 urterekin debutatu zenuen lehen mailan Reyes Carrererekin, Bera Beran. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Pribilegiatua izan nintzen16 urterekin debutatzeagatik.Hor baloratzen duzu jokalari batzuek egindako ibilbidea urteetan zehar. Hain gaztea izanda,nire alde apustu egiteak iristeko aukerak dituzula pentsarazten dizu. Nire oroimenean gordeko dut betiko, jende guztia ezbaita lehen taldera hain gazte heltzen.

Ez duzu alde batera utziko eskubaloia. Entrenatzaile izango zara Bera Beraren harrobian. Gogotsu al zaude lan horri ekiteko?

Jokatzea entrenatzeagatik aldatuko dut. Badakit desberdina izango dela, baina eskubaloia beste era batera bizi nahi dut. Kanpotik ekarpen handia egin dezakedala uste dut.

Duela hamazazpi urte utzi zenuen Bera Bera. Bueltatzeko asmoa zeneukan?

Beti etxera itzultzea gura izan dut. Urte dezente neramatzan gogoarekin, eta, are gehiago, haurra izan nuenetik. Nire alabak uda honetan familiarekin izan duen poztasuna gakoa izan da etxera itzultzeko.

Nola ikusten duzu garai hartako Bera Bera eta oraingoa?

Oso desberdina da. Lehen atzerritarrak ekartzen saiatzen ziren taldea indartzeko, eta, orain, ikusten dut gazte asko aurrera egiten ari direla.

Taldetik deitu zizuten,ala zuk eskaini zenuen zeure burua?

Beste urte baterako kontratua neukan oraindik, eta jokatzen jarraitu nahi nuen. Uda honetan Frantziara itzultzeko prestatzen ari nintzela konturatu ginen alaba oso gustura egon dela lehengusuekin eta familiarekin, pozik ikusten genuen. Ondo pentsatu eta gero, klubarekin hitz egin nuen, eta akordio batera iritsi ginen. Hala ere, pixkanaka etxera hurbiltzen hastea zen gure asmoa, baina nire senarrak Bera Berarekin hitz egitea proposatu zidan. Tati Garmendiarekin harremanetan jarri nintzen [Bera Berako kirol zuzendaria da] eta aukera eman zidan. Bigarren taldeko entrenatzailearen laguntzailea naiz, eta lehen taldearekin ere egongo naiz, esperientzia emateko.

Luze gabeko edo luzera begirako proiektua da?

Nire asmoa goi mailako talde bat entrenatzea da. Oraingoz, urratsez urrats noa. Entrenatzaile izateko eskatzen dizuten titulu guztiak atera nituen Frantzian opor-egunak sakrifikatuz; bospasei urte izan dira. Etorkizunean ikusiko da, baina nik bakarrik eraman nahiko nuke goi mailako talde bat.

Ibilbide oparoa izan duzu jokalari gisa, eta garaipen zerrenda ederra daukazu. Gai ikusten zara entrenatzaile gisa beste horrenbeste eskuratzeko?

Hala espero dut. Entrenatzaile moduan tituluak irabazten jarraitzea gustatuko litzaidake, baina badakit dena oso desberdina izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.