Siriako alderdi kurduek batasuna sinatu dute, Barzaniren babespean

Iraken barneko Kurdistan autonomoko Parlamentuak onartu du pexmergak Kobanera bidaltzea.

Ocalanek ez du aipatu PKK-k Turkiarekin menia hausteko aukera, eta «fase berri bat» hasi dela dio

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 23
Siriako kurduen bi indar politiko nagusiek, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak eta KNC Kontseilu Nazional Kurdua koalizioak batasunerako akordio bat sinatu dute. Sirian 2011n Baxar al-Assad presidentearen aurkako matxinada hasi zenetik harreman txarra eduki dute bi aldeek, eta urte hasieratik etenda zeuzkaten hartu-emanak. Akordioaren arabera, Siriako kurduen hiru kantoi autonomoetan boterea partekatuko dute, eta indar militar bateratu bat osatuko dute. Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidente Massud Barzani izan da akordioaren babeslea. «Akordio honek mezu argi bat ematen die kurduak elkarrekin ikusi nahi ez dituztenei», adierazi du KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoak (Barzanirenak) bere webgunean. Hain zuzen, hitzarmena sinatzearekin bat onartu du eskualde autonomoko parlamentuak pexmerga indarrak Siriako kurduen Kobane hirira bidaltzea EI Estatu Islamikoaren aurka. Turkiako kurduei dagokienez, berriz, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillako burua ez da mintzatu Ankararekin su-etena haustearen alde.

PYDek eta KNCk Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko Dohuk hirian sinatu dute batasuna, Barzani presidentearen aitzinean. Joera aldaketa ekar lezake akordio horrek. Izan ere, Kurdistanen PKK-k eta KDPk 1990eko hamarkadatik lehia bat daukate indar hegemonikoa izateko (ezkerrekoa da PKK; eskuinekoa, KDP). PKKrekin dago lerratuta PYD, eta KNC, berriz, KDPrekin. PYD indar hegemonikoa da Siriako kurduen artean, eta KNCk bazterkeria salatu izan du. Horregatik, urte hasieran hiru kantoi autonomoak eratu zirenean, koalizio horrek ez zituen onartu. KNCk bat egin zuen NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalarekin, eta, horregatik, kanpoko interesak babestea leporatu zion PYDek.

Irakeko eskualde autonomoarekin ere harreman zaila izan du PYDek. Cizire kantoia EIren erasoa pairatzen ari zela, Barzaniren gobernuak luzaroan muga itxita izan du. Turkiarekin ere harreman onak dauzka Arbilek, eta horrek mesfidantza sortu dio PYDi. Saleh Muslim alderdiko buruak ere iaztik debekatuta zeukan eskualde autonomoan sartzea —atzo Dohuken izan zen—. Kobaneko egoera larriak ekarri du aldaketa. Jabbar Yawar pexmergen ministroak Rudaw kazetari adierazi dionez, datozen egunetan «pexmergen unitate txiki bat arma astunekin» pasatuko da Kobanera Turkiaren baimenarekin, Siriako kurduen miliziei EIren setioa hausten laguntzeko.

Espetxetik mezu baikorra

Hain zuzen, Turkiak Kobaneko muga blokeatuta duelako PKK su-etena hausteko prest zegoen. Ocalanek berak hilaren 15era arteko epea emana zion Ankarari PKKrekin hasitako bake prozesuan konpromiso zehatzen bat hartzeko. PKK-ko lider historikoak adierazi du prozesua «fase berri batean» sartu dela hilaren 15az geroztik, baina ez du menia haustea aipatu. «Bakean eta demokrazian konfiantza behar da, eta pauso politikoak emateko determinazio eta adore gehiago», adierazi du, Imrali espetxean bisita egin dion ordezkaritza politikoak jakinarazi duenez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna