Julen Aginagalde. Bidasoa Irun taldeko jokalaria

«Zaila litzateke hau etxetik urrun bizitzea; eskerrak itzuli garen»

Julen Aginagalde «oso gustura» ari da berriro etxean, nahiz eta aitortu duen egoerak ez diola bete-betean gozatzen uzten. Hain zuzen, taldean izan den positibo batengatik ez dira gaur ariko Benidormen aurka.

ARRATE MORALES.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Haurrak eskolara eraman, eta etxera iritsi berria da Julen Aginagalde (Irun, Gipuzkoa, 1982). Aitortu duenez, nahiago du kalera ahalik eta gutxien atera: entrenatzera, jokatzera eta ezer gutxiagorik ez. «Kezkatuta» dago koronabirusak gizartean eragindako egoerarekin, baina «itxaropentsu» dago. Etxekoak gertu izateak eta taldea egiten ari den lan bikainak ematen diote bizipoza. Gaur Benidormen aurka zen jokatzekoa Bidasoa, baina azken unean geratu da bertan behera neurketa, Irungo taldean izandako positibo batengatik. Horren berri izan aurretik egindakoa da elkarrizketa.

Nola sentitzen zara koronabirusak eragindako egoeran?

Tira. Egoera arraroa da, eta aldaketa asko eragiten ari da bizitzaren esparru guztietan. Osasun egoerak ere okerrera egin du azkenaldian, eta birusa gero eta zabalduago dago. Ni neu kutsatu nintzen, eta bi aste pasa behar izan nituen etxeko gela batean bakartuta, irten ezinik. Zorionez, dena ondo atera zen.

Nola kutsatu zinen?

Nava taldearen aurka jokatu ondoren izan zen, urri hasieran. Partida hori jokatu ondoren jakin genuen Navako kide askok koronabirusean positibo eman zutela. Handik gutxira, taldeko hiru jokalarik eman genuen positibo.

Nolako gaixoaldia izan zen?

Sukarra banu bezala sentitu nintzen lehen bi egunetan, eta dastamena ere galdu nuen.

Nola izan zen etxean bakartuta egotea?

Ez nuen horren gaizki eraman. Gutxienez, leihoaren bestaldetik ikusi ahal nituen etxekoak, eta horrek nolabaiteko gertutasun bat ematen zidan. Lehiara bueltatzea izan zen gogorrena, bi astez ia geldirik egon eta gero, hiru partida jokatu baikenituen astebetean.

Lasaitua hartuko zenuen negatibo emandakoan, ezta?

Bai, noski. Asko poztu nintzen, eta zortekoa sentitu. Jende askok oso gaizki pasatu du, eta oso gaizki pasatzen ari da.

Dagoeneko agerikoa da inor ez dagoela salbu.

Noski ezetz. Hori argi dago. Nahiz eta ahalegindu geure burua zaintzen, kutsatu gaitezke. Familia barruan ikusi dut hori. Gutxien espero duzuna kutsa daiteke. Hemen, inor ez dago salbu.

Lehen baino neurri gehiago hartzen dituzu orain?

Ez, antzekoak. Taldean hainbat protokolo ditugu, eta horiek betetzen ditugu. Arlo horretan oso lan ona egiten ari gara. Baina ezin da dena kontrolatu, eta, tamalez, halakoak gertatzen dira.

Egunerokoa aldatu duzu?

Erdialdetik urrunduta dagoen etxe batean bizi gara, eta eskertu egiten da hori. Haurrak eskolara eraman eta jaso, entrenatu, eta etxean lasai egon. Ez dugu gauza handirik egiten.

Koronabirusak gogor jo du eskubaloia, bereziki. Makina bat partida ari dira atzeratzen.

Hala da, eta ez dakigu zehazki zergatik ari den horrenbesteko eragina izaten eskubaloian. Izan daiteke kontaktuko kirol bat delako, baina auskalo. Baina bistakoa da kasu asko ateratzen ari direla, eta partida asko ari direla bertan behera geratzen. Liga arraroa izaten ari da. Espero dugu lehenbailehen normaltasunera itzultzea.

Jakina zen ezohiko denboraldia izango zela, eta gerta zitekeela partida asko bertan behera geratzea. Hala ere, Espainiako Eskubaloi Federazioak eta Asobalek 34 jardunaldiko liga baten alde egin zuten. Zer iritzi duzu?

Nik argi nuen liga laburrago bat jokatu behar zela. Argi zegoen hau pasa zitekeela, are gehiago, bi talde gehiago egonda. Zaila izango da denboraldi osoa jokatzea, eta egiten bada, partida pila bat oso denbora gutxian jokatuta izango da, horrek dakarren osasun arriskuarekin, are gehiago bizi dugun garai honetan. Ez da horretarako momentua. Formatu berri bat egiteko momentua zen, baina ez zen egin. Erabakiak ez du zentzurik.

Quique Dominguez Anaitasunako entrenatzaileak BERRIAn esan zuen egutegian izaten ari diren aldaketa mordoek eskubaloiari «kalte handia» ari zaizkiola egiten. Ados zaude?

Bai, eta sailkapena ikusi besterik ez dago: talde batzuk bederatzi partida jokatu dituzte, beste batzuk bost... gorabehera handiak daude. Horregatik, ez diot kasu handirik egiten. Nireari erreparatzen diot: badakit zazpi jokatu ditugula, zazpiak irabazi ditugula, eta horrela jarraitu nahi dugula.

Oso ondo ari zarete.

Ligan, bai. Europan, ordea, partida bakarra galdu genuen, eta, tamalez, horrek utzi gintuen lehiatik kanpo. Pena hori badugu, oso polita baita Europan jokatzea, eta gogo handiz ekin baikenion. Baina pasatu zen. Orain, ligan izan behar dugu arreta osoa, eta orain arte bezala jarraitu. Neurketa garrantzitsuak ditugu aurretik. Ea orain arteko bide onari eutsi diezaiokegun.

Zein da gakoa taldeak horren lan ona egiteko?

Talde honek oso oinarri sendoa duela. Nik argi dut horregatik ari garela irabazten. Urte askoko lana dago horren atzean, eta jende askok oso barneratuta dauka jokatzeko modua. Gainera, denek egiten dute arraun norabide berean. Aurten etorri garenok horretara egokitzen saiatzen ari gara, eta ahalik eta gehien laguntzen.

Zein da helburua?

Ahalik eta partida gehien irabaztea. Baina oso argi dugu pixkanaka-pixkanaka joan behar dugula, neurketaz neurketa, are gehiago ezohiko denboraldi honetan. Gauzak asko alda daitezke egun batetik bestera: lesioak izan daitezke, talde osoa egon gaitezke berrogeialdian... Orain arte, horrela ari gara, partidaz partida, eta horrela jarraitu behar dugu.

Etxetik kanpo hamalau urtez aritu ondoren bueltatu zara. Nola daramazu itzulera?

Oso gustura nago etxean, eta are gehiago bizi dugun egoera kontuan hartuta. Polonian nengoenean, sekulako gogoa nuen hona etortzeko eta etxekoekin egoteko. Eskerrak itzuli garen. Zaila izango zen hau etxetik urrun bizitzea.

Gustura ari zara taldean?

Oso gustura. Asko ari naiz gozatzen, oso giro polita dugu, eta lan egiteko gogo eta anbizio handia.

«Nik egokitu beharko dut Bidasoara, eta ez alderantziz», zenion zure fitxaketa jakinarazi eta gutxira egindako elkarrizketa batean. Ari zara egokitzen?

Nik lehen unetik oso argi izan dut nik egokitu behar dudala taldera. Aspalditik dute jokatzeko era oso zehatza, eta ni horretara moldatzen ari naiz. Nire jokatzeko era aldatu behar izan dut horretarako.

Zertan aldatu duzu zure jokatzeko era?

Azken urteetan, posizioko jokoa egin dut batez ere erasoan, blokeoa bilatuz. Hemen, ordea, beste joko bat egin behar dut: sei metroko marratik batera eta bestera mugitu, blokeo gutxiago egin... Defentsako lana ere ezberdina da. Ez da azken urteetan egiten nuen jokoa, baina gustatzen zait ere.

Pibote bikote sendo eta eraginkorra osatzen duzue Iker Serranok eta zuk: 40 jaurtiketa egin dituzue, eta horietatik 37 joan dira sareetara.

Ez diegu garrantzi handirik ematen estatistikei, baina egia da biokoso seguru ari garela. Ikerrek oso barneratuta dauka jokamoldea, primeran ezagutzen ditu taldekideak, eta esperientziak ematen duen patxada du.

Esperientzia aipatu duzu. Zuk esana da orain gehiago gozatzen duzula taldekide batek gola sartzeko blokeo bat egiten, zuk gola sartzen baino. Berekoikeria galtzen da urteek aurrera egin ahala?

Ez dakit. Beti nahi dugu golak sartu eta taldekideei golak sartzen laguntzea. Baina nik beti esan dut asko gozatzen dudala lagunei lana errazten, adibidez, blokeo bat eginez. Halakoak ez dira horrenbeste ikusten eta nabarmentzen, baina oso garrantzitsuak dira talde baten jokoan, eta asko betetzen dute jokalaria.

Asko aldatu da kluba?

Bai, hamalau urte pasatu baitira. Tamalez, bizi dugun egoerak eten egin ditu klubak esku artean zituen hainbat egitasmo.

Nola ikusten duzu anaia presidente lanetan?

Gelditu gabe lanean, sakelakora katigatuta. Ez du zorterik izan. Kluba oso ondo zihoan, eta pandemia dela eta, are eta lan gehiago egin behar du. Garai zailak dira, baina kluba horiek gainditzen ari da. Ea aurrera egin dezakegun.

Ikuslerik gabe jokatu dituzue azken partidak. Arraroa izan da?

Oso. Ikuslerik gabe jokatu dugu jada etxetik kanpo, eta oso arraroa da. Ez dago girorik, eta hori sumatzen dugu. Gehiago nabarituko dugu hori Artaleku huts batean. Orain arte ikusle gutxirekin aritu gara, baina hala ere, sumatu dugu haien bultzada. Hurrengo partidetan ahalegin berezi bat egingo dugu haiengatik. Ea garaipena eskaini diezaiekegun.

Ondo bidean, Tokioko Olinpiar Jokoetan ariko zinen aurten, baina atzeratu egin ziren. Kolpea izan zen?

Hasieran, bai, selekzioak une gozoa bizi baitzuen. Europako Txapelketa irabazita, sailkatuta zegoen. Ez dakigu nola egongo garen urtebete barru. Nik, behintzat, etxera itzultzeko pizgarria nuen orduan, eta horri heldu nion. Eta tinko eusten diot oraindik ere. Izugarri gustatuko litzaidake Tokiora joatea.

Urtebeterako sinatu zenuen Bidasoarekin, denboraldi honen amaiera arte. Soka luzeagoa duzu oraindik ere? Berritzeko prest egongo zinateke?

Ez naiz jarri pentsatzen horretan.Esan dezakedan gauza bakarra da asko gozatzen ari naizela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.