Joseba Zaldua. Realeko jokalaria

«Gure aukera itxarotea izan zen gakoa Madrilen»

Real Madrilen aurka azken minutuetan jokatuta itzuli da zelaietara Joseba Zaldua. Donostiarra «penatuta» dago Asier Garitanoren kaleratzearekin, baina uste du Imanol Alguacilen lanak Realari «gora egiten» lagundu diezaiokeela.

JUAN HERRERO / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2019ko urtarrilak 9

Bi egun baino ez dira joan Realak Santiago Bernabeun garaipen historiko bat erdietsi zuenetik. Joseba Zaldua (Donostia, 1992) jakinaren gainean dago handia egin dutela. Real Madrilen aurkako garaipena «mugarri» izan daitekeela dio: «Bultzada bat eman diezaguke». Bihar dute hori frogatzeko aukera, Sevillan (Espainia), Betisen aurka, Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan.

Biharamun gozoa izan zen astelehenekoa, ezta?

Bai. Badakigu Madrilen irabaztea oso zaila dela. Partida oso ona atera zitzaigun, eta Real Madrili nagusitzea beti da pozgarria.

Lau partida jarraian galduta iritsi zineten Madrilera. Hango garaipena bultzada bat da?

Garrantzitsua zen bolada txar hori etetea. Bagenekien zaila izango zela Bernabeun hori egitea, baina, zorionez, lortu genuen, eta horrek konfiantza eman behar digu aurrera egiteko.

Zein izan zen partida irabazteko gakoa?

Nire ustez, partida ondo interpretatu izana. Bagenekien sufritzea egokituko zitzaigula neurketako zenbait momentutan; atzean sartu eta gure aukera itxarotea zen gakoa, eta hori interpretatzen jakin genuen. Gero, Lucas Vazquezen kaleratzea ere garrantzitsua izan zen; espazio handiagoarekin aritu ginen, eta hobeto mugitu genuen baloia. Ez genuen gol gehiago sartu, baina horretarako aukerak izan genituen, eta ez genuen askorik sufritu.

Lehendabiziko minutuan aurrea hartzea oso garrantzitsua izango zen.

Bai. Azken finean, partida hasieran gola sartzeak ere motibatzen laguntzen du. Lehen minutuan gola sartzea ona da, nahiz badakigun Santiago Bernabeun 90 minutuak oso luzeak izaten direla; baina laguntzen du. Konfiantzaz eta gogotsu hasteko bidea eman zigun. Halere, uste dut, oro har, oso partida ona egin genuela, oso borobila, eta horri esker ere heldu zela Real Madrilen aurkako garaipena.

Esan duzu ez zenutelako askorik sufritu. Gainera, ondo eutsi zenioten Real Madrili. Eustea zen helburu nagusia?

Tira, ez genuen sufritu... haiek hamar jokalarirekin geratu eta gero. Ordura arte, bai. Badakigu Real Madrilek zer-nolako taldea duen, eta ezinbestean sufritu egingo dugula Bernabeun. Jakinaren gainean geunden tarte batzuetan gaizki pasatuko genuela, eta beste batzuetan hobeto. Hori aprobetxatzen jakin genuen, eta horri esker irabazi genuen.

Lehen zatian irabazten hasi arren, taldeak bigarrenean egin zuen aurrerapauso nabarmena. Zuek zenuten gosea islatzen du horrek?

Bai. Bigarren zatiko lehen hamabost minutuak oso garrantzitsuak ziren, gure ustez, minutu horietan eustea, bai baikenekien haiek golaren bila aterako zirela. Horri aurre egiteko, garrantzitsua zen pauso bat aurrera ematea, haiek eroso egon ez zitezen. Lortu genuen hori, eta, gerora, asko lagundu zigun, partidak aurrera egin ahala.

Real Madrilek penalti bat eskatu zuen, zutoinera ere bota zuen baloia...Arriskuan ikusi zenuten emaitza?

Bai. Argi dago haiek nortzuk diren, eta edozein momentutan egin dezakete arriskuko jokaldiren bat. Halakoetan gehiago gozatzen da garaipenaz.

Aulkitik ikusi zenuen partidako zatirik handiena. Nola bizi izan zenuen?

Uste dut gehiago sufritzen dela kanpotik, urduriago egoten garela. Barruan zaudenean ezberdina da. Kanpotik etsipena izan dezakezu, baina taldea oso ondo ikusi nuen. Guztiok batera aritu ginen, talde bat bezala, eta hori da garrantzitsuena. Talde bat izatea, onerako eta txarrerako. Hori da gorako bidea egiteko modua emango diguna.

Partidaren amaieran sartu zinen zelaira, eta azken lesioa izan zenuenetik aurrenekoz jokatu zenuen. Zer moduz sentitu zinen?

Ondo. Halere, ez da erraza. Erritmo handiko partida izan zen, eta berotu gabe zelairatu nintzen. Hasieran kosta egin zitzaidan, itolarri sentipena izaten baituzu halako egoeretan. Partidak aurrera egin ahala, ordea, hobeto sentitu nintzen, eta bigarren gola sartu genuenean lasaitasun handiagoa izan genuen.

Azken lesioa erabat ahaztua duzu?

Bai. Abenduaren amaiera arte minez egon nintzen, baina joan den astean taldearekin lanean hasi nintzen, eta sentipenak hobeak dira egunetik egunera. Alde horretatik, gustura nago.

Jokatzen ekin zenion sasoiari, baina ordutik bi lesio izan dituzu. Zure bilakaera etenda ikusi duzu?

Egia da lesioek ez dutela laguntzen. Oso ondo hasi nintzen ligan, konfiantza eta gogo handiz, eta lehen lesioak min handia egin zidan. Bolada onean zaudenean jarraitu egin nahi duzu, jokatzeko aukerak izateko, baina futbolak horrelako gauzak ditu, eta horrekin bizi behar dugu. Bizpahiru partida jokatu nituen, eta aduktorean min izan nuen. Ahaztuta dago hori, eta lan egiteko ilusioz nago. Hori da garrantzitsuena.

Aurreko denboraldian Leganesen aritu zinen jokatzen, Realak utzita. Indarberrituta itzuli zara?

Beti esan izan dut aurreko sasoia oso garrantzitsua izango dela nire kirol ibilbidean. Asko lagundu dit, bai pertsona gisa, bai futbolari gisa. Gauza ezberdinak ikusten hastea eta berriz futbolari sentitzea izan da aurreko denboraldiko onena. Bi urte neramatzan hemen askorik jokatu gabe, lesioengatik edo Alvaroren [Odriozola] agerpenarengatik. Behar nuen kanpora ateratzea, beste ikuspegi bat izateko, eta beti egongo naiz eskertua [Asier] Garitanori eman zidan aukerarengatik. Esperientzia hark sasoi honetan ere lagundu dit. Agian, duela bi urte gehiago jango nuen burua, eta orain ondo nago, gustura, eta uste dut helarazi egin nauela, jakinda gauza batzuk ez daudela gure esku.

Esperientzia positiboa izan zen, orduan.

Bai. Hasieran, esan zidatenean, ez nuen nahi. Esaten nuen: «Nik hemen geratu nahi dut, txikitatik realzalea naiz, eta hau da nire etxea». Beti esan izan dut hemen egon nahi dudala, baina pare bat egun igarotakoan ohartu nintzen irten egin behar nuela. Ez nik nahi nuelako, egoerarengatik. Hasieran zaila izan zen, baina gertukoekin hitz egin nuen. Bizitzako erronka bat gehiago izan zen, eta aurrera egin nuen.

Asier Garitanok asko lagundu zizun. Berak Realean ez jarraitzeak penatu zaitu?

Bai, pena handia ematen dit. Elkarrengan konfiantza handia geneukan, eta nik neuk oso tratu ona nuen. Pena ematen du halako harremana duen entrenatzaileak ez jarraitzeak. Futbola horrelakoa da: batzuetan, jokalariak joaten dira; bestetan, entrenatzaileak, eta horrekin bizi behar dugu. Zorterik onena opa diot.

Jada Garitano ez egoteak zure egoera alda dezake?

Ez dut beldur hori. Nik badakit nolako jokalaria naizen, zeintzuk diren nire gauza on eta txarrak. Beti esan izan dut dena emango dudala, eta ez dela konpromiso kontuagatik izango. Hori da nire pentsaera; nire esku dagoen guztia egingo dut, eta hortik aurrerakoak ez daude nire esku.

Imanol Alguacil da zuen entrenatzaile berria. Zer iruditu zaizu?

Futbola beti da futbola, baina entrenatzaile bakoitzak bere ukitua ematen dio taldeari. Imanolek intentsitate handia izatea eskatzen digu, erritmo handiarekin jokatzea, eta ahal denean baloia jokatzea, baita atzeko lerrotik ateratzean ere. Azken urteetan hori izan da Realaren filosofia, eta ez da aldaketa handirik egongo. Espero dugu Imanolekin egoera hau aurrera ateratzea, eta urte ona izatea.

Ez duzue atsedenerako tarte luzerik. Bihar Espainiako Kopako partida duzue. Zein helburu dituzue txapelketa horretarako?

Kopak beti pizten du ilusioa. Zer esanik ez iazko porrota kontuan hartuta. Ilusio handiz egingo diogu aurre. Badakigu zaila izango dela, baina, halako txapelketetan, bizpahiru partida irabazita finalerdietaraino irits zaitezke.

Urte asko dira Kopan emaitza kaskarrak lortzen. Aurten zerbait handia egin dezake Realak?

Bai, uste dut baietz. Azkenean, ikusi dugu azken urteetan ez direla beti talderik handienak iristen finalera: Alaves iritsi zen duela bi urte, Athletic ere pare bat aldiz egon da azken urteetan... Zergatik ez Reala?

Betis izango duzue aurkari final-zortzirenetan. Zein itxura hartzen diozu kanporaketari?

Ligan jokatu genuen partidaren antzekoak espero ditut [1-0 galdu zuen Realak], haiei ere asko gustatzen baitzaie baloia atzeko lerrotik ateratzea. Hala ere, guk gure partida egin behar dugu, eta iruditzen zait hori lortzen badugu kanporaketa aurrera ateratzeko aukera izan dezakegula.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna