Gogorra bezain irekia

Gaur hasiko da Emakumeen Giroa. Hiru etapa amaituko dira mendatean; horietako bat, Zoncolanen. Ane Santesteban, Eider Merino eta Enara Lopez bertan izango dira

Gogorra bezain irekia.
ainara arratibel gascon
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Emakumeen Giroa 15,5 kilometroko taldekako erlojupeko batekin abiatuko da gaur, Verbanian. Ibilbideari erreparatuta, azken aldietako gogorrena da. Hamar etapa ditu, eta 967 kilometro. Tartean, txirrindulariek Zoncolan, San Leonardo eta Campo di Moro igo beharko dituzte. Gogorrena ez ezik, irekiena ere izango da. Iazko irabazlea, Anna van der Bregeen (Boels Dolmans), ez da irteeran izango. Ondorioz, faboritoen zerrenda luzatu egin da. Tropelean Euskal Herriko hiru txirrindulari izango dira: Ane Santesteban (Ale Cipollini), Eider Merino (Movistar) eta Enara Lopez (Euskadi Murias). Hain zuzen ere, Movistar eta Euskadi Murias izango dira Giroan parte hartuko duten hemengo taldeak.

Etapen soslaia aintzat hartuz gero, eskalatzaileentzat atondutako ibilbidea da. Gaurko taldekako erlojupekoaren ostean, ibilbide lauak izango dira hurrengo hiru etapak. Baina, hortik aurrera, errepidea gora egiten hasiko da, eta bosgarren etapan lehen amaiera izango dute mendate batean: Gerola Altan. (26 kilometro, %6,6ko pendiza). Hurrengo egunean, Diga Campo di Moriko krono igoera izango dute. Baina, zalantzarik gabe, lasterketa azken-aurreko etapan erabakiko da. Egun horretan, estreinakoz, Zoncolan (10 kilometro eta %12,5eko pendiza) igoko dute. Ovaro aldetik egingo dute.

Hautagaien zerrenda zabaldu egin da, Van der Breggenen falta tarteko. UCIko lehen postuan dagoen txirrindulariak iraileko Munduko Txapelketa du begiz jota, eta prestakuntza osoa hara bideratzen ari da. Horrenbestez, batez ere egun bateko lasterketetan edo klasikoetan ari da parte hartzen. Haren ordez, Megan Guarnier izango da Boels Dolmanseko taldeburua. 2016an Guarnierrek irabazi zuen Giroa, eta iaz laugarren izan zen. Erakutsi du zertarako gai den, baina bere sasoi puntu onenetik urrun dago.

Mitchelton Scott da tropeleko beste talderik indartsuena. Talde estrategia biribil bati esker irabazi zuen Emakumeen Bira, eta Giroan lan on hori errepikatuko nahi du, Annemick van Vleutenen eta Amanda Spratten eskutik. Van Vleuten indartsuena da erlojuaren aurka, eta erakutsi du mendian ere eusteko gai dela. Baina ikusi beharko da ustez erlojupekoan lortuko duen aldea nahikoa den horretarako. Amanda Sprattek Urkiolan gora ikuskizuna emanda irabazi zuen Emakumeen Bira, eta orduko sasoiari eusten saiatu da azken hilabetean, Giroan maila onean aritzeko.

Italiako zaleek Elisa Longo-Borghinirengan dute jarria uste osoa (Wiglee). Hamar urte dira hango txirrindulari batek Giroa irabazten ez duela. Fabiana Luperini izan zen orduan. Longo Borghini gorabehera handiak izaten ari da denboraldi honetan, eta erregularragoa izan beharko du lehen postuetan egoteko. Isilean lasterketa oso onak egiten dituen txirrindularia da Ashleigh Moolman Pasio (Cervelo), eta, eskarmentua eta erregulartasuna baliatuta, onenen artean ibil daiteke.

Iaz bezala, Giroan izango da Ane Santesteban. Haren taldeak, Ale Cipollinik, gorabehera dezente izan ditu: «Taldekide bat auto batek harrapatu zuen, eta beste batek buruan odolbildua izan zuen, erori egin baitzen. Ondorioz, zuzendariak aldaketak egin behar izan ditu. Dena den, gure bi liderrak, Hosking eta Bastianelli, oso ondo daude. Lehen etapetan ondo molda daitezke».

Beldur gehien gaurko etapak ematen dio: «Gu ez gaude ohituta taldekako erlojupekoetara, eta Dolmans eta Michelton oso ondo moldatzen dira, adibidez».

Zoncolango etaparen inguruan ondorengoa uste du Santestebanek: «2016an Mortirolo igo genuen, baina hau gogorragoa da. Dena den, oso polita da halako mendate bat igotzea. Erritmoa ondo hartzean egongo da gakoa, azken-aurreko etapa izanda indarrak justu egongo direlako». Giroa hain gogorra izatea «ilusioa eta motibazioa» sortzen dio. Sasoi onean dago: «Nahiko nuke ihesaldiren batean sartu». Faboritoen artean honako hauek aipatu ditu: Van Vleuten, Spratt Moolman Passio eta Niewiadoma.

Bizkaia Muriasen helburua ere ihesaldietan sartzea dela nabarmendu du Agurtzane Elorriaga zuzendariak: «Presiorik gabe goaz, baina gure aukera baliatzen saiatuko gara. Horretarako, funtsezkoa izango da lasterketako une erabakigarriak ondo kudeatzea». Alice Arzuffi taldeko buruak duen ilusioa berretsi du: «Etapa batzuk bere etxetik gertu igarotzen dira, eta gogo handiz dago».

Eider Merino ere itxaropentsu dago, ibilbidea aproposa delako harentzat. «Ezinbestekoa izango da ondo indarberritzea, ibilbidea oso gogorra baita. Egunez egun joan nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.