Saskibaloia. Espainiako Kopa. Xabier Lopez-Arostegi. Joventuteko jokalaria

«Euskal taldeek inoiz ez didate eskaintzarik egin»

Joventuten jokalari garrantzitsua da Lopez-Arostegi getxoztarra, eta bihar Baskoniaren aurka jokatuko du Espainiako Kopako final-laurdenetako partidan. Uste du ezustekoa eman dezaketela.
ANGEL MEDINA / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 14
Euskaraz ikasi zuen 14 urte bete arte, Askartzan, eta amarekin euskaraz mintzo da; «hizkuntza erraz galtzen da bestela». Baina Xabier Lopez-Arostegik nahiago izan du elkarrizketa gaztelaniaz egitea. Katalanez ere mintzo da, zortzi urte baitira Badalonara (Katalunia) joan zela. Bihar, bere ibilbideko lehen Espainiako Kopari ekingo dio, eta anbizioz doa. «Badaezpada ere, lauzpabost egunerako arropa sartu dut maletan».

Badalona saskibaloi hiri petoa da, eta lau urte igaro dira Joventut Koparako sailkatu zen azken alditik. Nola daude zaleak?

Jendea ilusioz gainezka dago. Iragan sasoian pasatutako komerien ondoren, ilusio bultzada handia da hau. Saskibaloiak tradizio handia du Badalonan, eta, sasoi honetan, merezi duen tokian dago. Iragan sasoikoak aurtengoa gehiago baloratzen lagunduko digu.

Kluba desagertzeko zorian egon zen, eta, sei hilabete geroago, Kopan dago. Zaleek merezi zuten poz txikiren bat.

Noski. Iragan sasoian, okerren geundenean, hor egon ziren, eta guk nola edo hala eskertu nahi genien. Goza dezatela Koparekin.

Zuk atera duzu gaia. Nola gogoratzen duzu krisi handi hura.

Gogorra izan zen; hamahiru partida galdu genituen jarraian, eta astelehen bakoitza oso aldapa gora egiten zen. Gakoa elkarrekin egotea izan zen, eta inoiz baino gogorrago entrenatu ginen. Azkenean asmatu genuen, eta partida bat irabaztea mugarria izan zen. Ekonomikoki ere garai gogorrak izan ziren, soldatak zor zizkiguten, baina, azkenean, klubak ahalegina egin zuen, eta ordaindu ziguten guztioi. Udalak ere babesa eman zigun, eta nabaritu egin zen. Penya [horrela deitzen diote zaleek Joventuti] klub historiko bat da, eta inork ez du nahi desager dadin. Denak oso zaila zirudienean, arlo guztietan, guk ez genuen etsi, aurrera egin genuen, eta sasoi bukaerako liberazio sentipena erraldoia izan zen.

Eta zu, 21 urterekin, erdi-erdian.

Nire lehen urtea izan zen ACB ligan, eta ikasgai izugarria izan zen. Zaildu egin ninduen.

Sei hilabetean dena aldatu da. Zein da helburua Kopan?

Ez dugu presiorik sumatzen. Kopan lehiatzeko anbizioa dugu. Orain arte ondo egin dugu lan, sailkatu gara, eta, orain, sariaren bila goaz, irabazten saiatzera, beste zazpi taldeak bezala. Denok ditugu aukerak, baita guk ere.

Egon al zara Kopan zale gisa?

Bai, Bilbokoan egon nintzen, BECeko urtean. Zale gisa izugarria da, zale guztiak elkarrekin... Mundu guztia saskibaloiari begira dago. Txapelketarik politena da. Zale multzo asko, Baskoniakoa esaterako, gero animoak emateko gelditzen dira. Gozatu egin nuen.

Bihar, final-laurdenetan, Baskonia izango duzue aurkari. Nola irabazten zaio?

Ligako partidako arrastoari jarraitu behar diogu. Puntu bategatik galdu genuen, eta garaipena emango ligukeen hiruko jaurtiketa huts egin genuen... Puntu askotara ez joatea da gakoa. Baskonia talde oso fisikoa da, bizi jokatzen du, eta, erritmoa moteltzen badugu, guretzat mesede. Errebotean nagusitzen saiatu behar dugu, saskiratze errazak ez ahalbidetzen, eta gure saskibaloia egiten.

Zenbat aldiz ikusi duzue ligako partida?

Aste osoa izan dugu partida prestatzeko. Entrenatzaileak eta laguntzaileek nahi duten bezain beste aldiz ikusiko dugu. Laguntza handia da.

Euskal Herrian bizi zinenean, Baskonia ikustera joaten al zinen?

14 urterekin etorri nintzen Badalonara, eta ni Bilbo Basket zalea nintzen, gertutasunarengatik. Noizbait joan nintzen Baskonia ikustera, baina nahiago nuen Bilbo.

Ez da erabaki erraza 14 urterekin etxetik irten eta kanpora joatea.

Penyak aukera eman zidan, eta zaintzapeko pisu batean egon nintzen bizitzen beste herrialde askotako gaztetxoekin. Esperientzia aberasgarria da, zaildu egiten zaitu, heltzen laguntzen dizu, gurasorik gabe zaude, gauzak pentsatzeko denborarekin... Ni oso pozik nago bere garaian hartutako erabakiaz, eta, ahalko banu, berriz ere hartuko nuke.

Gaztea zara, baina asko jokatzen duzu, hogei minutu partidako. Gustura al zaude?

Bai, bai, pozik nago. Nire bigarren urtea da ligan, eta, jende eskarmentudunak esan didanez, bigarren urtea da zailena. Aurkariek ezagutzen zaituzte, eta pazientzia izan behar duzu. Taldeak, gainera, konfiantza eman dit hemen kontratua berritu eta beste lau urtez hazten jarraitzeko. Edozein xehetasun da baliagarria irabazteko. Ez dago partidako hogei puntu sartu beharrik laguntzeko.

Hogei ez, baina iragan igandean hamabost sartu zenizkion Zaragozari. Shawn Dawson taldekideak min hartu du, eta hark utzitako zuloa bete behar duzu.

Jokalari garrantzitsua da, eta urte osorako hartu du min. Pila bat eman digu sasoiaren lehen erdi honetan. Orain, beste guztiok pixka bat gehiago eman behar dugu haren tokia betetzeko. Litekeena da orain nik gehiago jokatzea, eta ardura hori hartzeko prest nagoela erakutsi behar dut. Konfiantzaz jokatu nuen azken partidan; aukera datorrenean prest egoten jakin behar duzu. Taldean, pazientzia izaten erakusten digute, dena iristen dela.

Gazteei aukerak emateko garaian ere talde ezberdina da.

Hala da. Historikoki, harrobitik jokalariak ateratzen saiatu da, eta sasoi honetan ikusi da. Ligako talderik gazteena gara askogatik, eta emaitzek lagundu egiten digute. Taldeak ahalegina egiten du gazteei konfiantza hori emanez, eta uste dut erantzuten ari garela.

Kopan bi euskal jokalari daude bakarrik, Dario Brizuela eta zu, eta bien kasua antzekoa da.

Dario ere gazte joan zen Estudiantesera, eta han ere harrobia lantzen dute. Egia da Euskal Herrian nengoenean harrobi azpiegiturak ez zeudela oso garatuta. Nik han ez nuen izan euskal talderen baten eskaintzarik; beraz, ez nuen zalantzarik izan.

Ia ezinbestekoa zen Euskal Herritik irtetea.

Bai. Penyaren eskaintza jaso nuen, erakargarria izan zen, eta nik gustura hartu nuen.

Euskal taldeek gutxi begiratzen diote harrobiari. Ados zaude?

Bai. Euskal Herrian badaude jokalariak aukera hobeak jaso zitzaketenak. Klubentzat bultzada da harrobi azpiegitura sendo eta zabala izatea talde askorekin. Arreta lehen taldetik haratago jartzea, alegia. Jendea inplikatuago dago, umeek hiriko taldean jokatzeko ilusioa dute, eta hori plazer bat da. Horrek hazten lagunduko lieke taldeei, kanpora begirako irudi hobea ematen, barnean gazteekin lan egiten... Arlo guztietan.

2022ra arteko kontratua duzu, baina izan al duzu euskal talderen batean jokatzeko aukerarik?

Ez. Niri zuzenean ez zait inongo eskaintzarik iritsi. Zurrumurruak izan dira, eta erraza da zurrumurruak sortzea, baina euskal taldeek inoiz ez didate eskaintzarik egin. Dena den, ni oso gustura nago hemen; zortzigarren urtea dut, beste hiru urterako kontratua... Hala ez balitz, ez nukeen berrituko. Fedea dut taldearengan, eta taldeak nigan. Toki egokian nago hazteko.

Udan NBAko draft-ean eman zenuen izena, eta NBAk Europan antolatzen duen udako campusean egon zinen. Nolakoa izan zen esperientzia?

Bikaina. Ordezkariaren eta bion artean erabaki genuen. Nire adineko Europako beste mutil batzuekin jokatzeko aukera izan nuen, haiekin nire maila neurtu eta non nagoen ikusi. Elkarrizketa batzuk ere izan ziren.

Berriz aurkeztuko zara draft-era?

Azken urtea da, eta hor egongo gara. Ez banaute aukeratzen, nora joan erabaki ahalko nuke.

Bilbo Basket da zure beste talde kutuna. Nola ikusten duzu?

Bai, erreparatzen diot. Nik Urrezko LEB ligan jokatu dut, eta ez da erraza. Betis sasoi bikainean dago, baina Bilbo Basketek zeresana eman behar du kanporaketetan. Etxean jokatu, Miribilla bete... Izugarria da pabiloia LEBen ere goraino ikustea. Hamarreko zaleak ditu. Ea egoera ekonomikoa pixka bat txukundu eta igotzeko aukera duen. Zale horiek merezi dute,

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna