Unai Lopez. Athleticeko jokalaria

«Inoiz ez diot utzi neure buruarengan sinesteari»

Gaizka Garitanok taldearen erasoko jokoa antolatzeko ardura eman dio Unai Lopezi, eta erdilaria aprobetxatzen ari da aukera. Jardunaldiz jardunaldi futbolari hobea da.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Unai Lopez (Errenteria, Gipuzkoa, 1995) gozatzen ari da. Gaizka Garitanok denboraldi honetan egin duen apustu nagusietako bat da. Sormen handiko euskarria da, eta jakin badaki futbolean azkar aldatzen direla gauzak. Horregatik, zuhurra da. Lopezek lanean jarraitu gura du futbolari gisa hobetu eta Athleticen egonkortzeko. Leganesen eta Rayo Vallecanon utzita jokatu ostean, aurreko sasoian harmailatik jarraitu zuen taldearen gorakada. Zaleen artean eserita igaro zuen denboran konturatu zen defentsan zuela hobetu beharra taldean lekua izateko. Ereindakoa jaso du. Entrenatzaileak eman dion konfiantzak hazten lagundu dio.

Granadaren kontrako partida Lehen Mailan ari zarenetik egin duzun osoena izan al da?

Ez dakit onena izan den edo ez. Bai ni eta bai taldea oso ongi aritu ginen. Irabazten denean jokalari guztioi nabarmentzen gaituzte gehiago.

Unai Simonekin batera, Gaizka Garitanok denboraldi honetan egin duen apustu nagusia zara. Zure ordu arteko egoera goitik behera aldatuko zen esperantzarik ba al zenuen oporretatik itzuli zinenean?

Hasteko, nik ez diot inori postua kendu. Gure taldean edonoiz sar daiteke taldekide bat hamaikakoan. Hala ere, egia da entrenatzaileak konfiantza eman didala, eta baliatzen ahalegintzen ari naiz. Udan, Athleticen jarraitzea erabaki banuen, jokatzeko aukerak ikusten nituelako izan zen.

Zergatik uste zenuen egoera irauliko zenuela?

Apustu bat izan zen. Denboraldi berri baten aurrean aukera nuela pentsatu nuen. Denboraldi-aurrea nuen nire balioa erakusteko, eta, oraingoz, gauzak ondo atera zaizkit. Hala ere, taldearen lana da garrantzitsuena. Onenen artean gaude, eta hor jarraitu gura dugu.

Azken finean, zure dohainetan sinetsi zenuen.

Inoiz ez diot neure buruarengan sinesteari utzi. Gauzak ondo atera edo ez, nik badakik zer eman dezakedan, eta noraino irits naitekeen. Daukadan onena emateko lanean jarraituko dut.

Non dago zure langa?

Ez dakit. Ikusiko dugu. Oraina bizi, eta gozatu gura dut.

Zein alorretan egin duzu urratsa taldean garrantzi txikiko izateari utzi eta hamaikakoan lekua lortzeko?

Defentsan hobetu dut. Jokalari serioagoa naiz. Lehen, gabezia hori nuen. Oraindik badut zer hobetu, baina taldearen ibilbide onak mesede egin dit, hazteko.

Baloia oinetan duzunean gaztetxo zinenetik erakutsi duzu talentua, baina beste arlo batzuetan nabarmentzea kosta egin zaizu. Nola lantzen dira defentsako lana, presioa eta antzeko egitekoak?

Argi nuen hobetu beharreko arloa zela. Gaizkak [Garitanok] garrantzi handia ematen dio defentsako lanari. Gainera, taldeari ondo datorkio teknikariak proposatzen duen jokamoldea. Defentsako lanean aurrerapausoa eman behar nuen, jokatzeko. Teknikarien eta taldekideen laguntzari esker ari naiz hobetzen.

Zein izan da ingurukoen mezua?

Taldearen partidak ikustea nahikoa da zer egin behar dugun jakiteko. Jokatzen ez nuenean zelaian zeudenak nola presio egiten zuen eta zein ondo kokatuta zeuden ikusten nuen. Harmailetan gauza asko ikas daitezke.

Egungo euskarri gehienak indartsuak, garaiak eta gogorrak dira. Zure gisako joko antolatzaile asko ez dago.

Era askotako euskarriak daudela iritzi diot. Nire dohainak aprobetxatzen ahalegintzen naiz. Gustuko dut baloia izatea, baina beste arlo batzuetan laguntzeko gertu nago.

Asko ari zara jokatzen, baina, era berean, oso lehia gutxitan jokatu duzu neurketa guztia. Kosta egiten al zaizu partida guztian erritmo berean jokatzea?

Ez. Indarrez ondo nago. Askotan aldatu naute, baina nik ez diot aparteko garrantzirik eman.

Zertan hobetu behar duzu gorengo mailan egonkortzeko?

Arlo guztietan.

Egun gozatzen ari zara, baina zure kirol ibilbidea ez da erraza izan. Bi aldiz aritu zara utzita Athleticen maiztasunez jokatu aurretik. Zer ikasi duzu kanpoan egin dituzun egonaldietan?

Niri mesede egin dit kanpora joateak. Bai Leganesen, baita Rayo Vallacanon ere oso gustura egon naiz. Lagun handiak egin ditut. Kirol arloan zein arlo pertsonalean heldu egin naiz. Nire bizitzan garrantzi handia izan duten erabakiak izan dira.

Athleticen aukera gutxi izaten duten futbolari gazteei maletak egitea gomendatuko zenieke?

Ni ez naiz inor beste futbolari bati gomendioak emateko. Jokalari bakoitza ezberdina da. Batzuei mesede egiten die utzita jokatzeak, eta beste batzuek sufritu egiten dute kanpoan. Ez naiz ausartzen inori ezer esatera.

Oso gaztetatik lupaz aztertu dute zure ibilbidea. Reala utzi eta Athleticerajoatea erabaki zenuenean notizia izan ziren. Gerora, kosta egin zaizu Athleticen egonkortzea. Inoiz pentsatu al duzu bidean geldituko zinela?

Ez. Ez zait burutik pasatu. Ez dut inoiz amore eman. Futbola nire bizitza da.

Zelai erdian euskarri gisa zein aurrerago jokatu duzu. Aurkariaren atera begira jokatuta bizkarrez baino erosoago aritzen al zara?

Atzetik aurrera jokatuz gero, hobeto moldatzen naiz.

Oso ondo ari zara, eta taldearen lana ere ez da gutxiagorako. Inor fitxatu ez duen talde bakarra izanda, onenen artean egotea espero zenuten ia sasoi erdia bete denean?

Espero edo ez, taldeak sailkapeneko goiko postuetan egoteko egiten du lan. Gaitasuna daukagu, eta ez dugu inoiz amore ematen.

Ondo jokatu edo ez, ia beti lehiatzen du Athleticek. Puntuak irabazteko aukerak izan dituzue norgehiagoka guztietan.

Hala da. Talde bat baino gehiago, lagun kuadrilla bat gara. Beti egoten gara elkarri laguntzeko prest. Goian jarraitu gura dugu, baina ezin dugu lo hartu. Orain arte bezala lehiatu behar dugu, garaipenak pilatzen jarraitzeko.

Defentsako lana da Athleticen indarra. Talde fidagarria da.

Gol gutxien sartu dizkioten taldea gara. Talde guztiak defendatzen du. 11 jokalariok dugu argi zer egin behar dugun. Horretaz gain, goi mailako atzelariak ditugu. Ez daukagu gehiagoren beharrik.

Atzean, onenetakoak zarete, baina erasoan, muga gehiago dituzue. Kosta egiten da oreka hori lortzea?

Kazetariek guk baino garrantzi handiago ematen diozue ustez erasoan ditugun arazoei. Ez daukagu Bartzelonaren eta Real Madrilen eraginkortasuna, baina guk ere sartzen ditugu golak. Defentsan onak gara, eta hori baliatzen ahalegintzen gara.

Ligan gol gutxien jasotzen duen taldea izateaz gain, etxean puntu gehien irabazi dituena da Athletic. Zer diozu datu horri buruz?

San Mames zer den eta zenbat ematen digun erakusten du etxean lortu dugun puntu kopuruak. Ikaragarri eskertzen dugu jarraitzaileen babesa.

Kanpoan, aldiz, gehiago kostatzen zaizue ondo jokatzea. Zergatik egiten du behera taldeak?

Ez dakit. Talde gehienei kostatzen zaie kanpoan nabarmentzea. Baina egia da gure kasuan alde handia dagoela. Hala ere, kanpoan ez gara txarto aritu.

Betisi egingo diozue bisita igande honetan. Zein traza hartzen diozu partidari?

Baloia denbora luzez izaten duen taldea da. Azken jardunaldietan emaitza onak lortu ditu, baina gure asmoa hiru puntuen bila zelairatzea da.

Berriz jokatuko duzue ordu bietan. Inork gustuko ez duen ordutegia da, baina halere, oso emaitza onak eskuratu dituzue. Akaso astero jokatu beharko zenukete bazkari orduan?

Emaitza oso onak lortu ditugu, baina ez dut gustuko ordu bietan jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.