Euskal taldeak, ligari ekiteko prest: Osasuna. Ruben Garcia. Osasunako jokalaria

«Badakigu nor garen eta non gauden; ez dugu erotu behar»

Anbizioa eta zuhurtzia uztartzen saiatuko da Osasuna mendeurrenaren sasoian, Ruben Garciak azaldu duenez. «Maiteminduta» dago klubaz eta hiriaz: «Hemen egotea da orain dudan gauzarik baliotsuena».

OSASUNA.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Zelaian sigi-saga ibiltzen da Ruben Garcia (Xativa, Herrialde Katalanak 1993). Maisua da aurkariei izkin egiten. Zelaitik kanpo, ordea, zuzen eta garbi mintzo da. Halaxe hitz egin du futbolarien iritzi eskubideaz, homosexualitatearen tabuaz eta euskara ikasteko eginiko ahaleginaz, besteak beste. Erdilariak hirugarren denboraldia hasiko du Osasunan, eta zale gorritxoen idolo eta eredu bihurtu da dagoeneko.

Gaur abiatuko duzue sasoi berria, Cadizen zelaian [21:00]. Zer moduz iritsiko zarete?

Prestakuntza laburra eta bizia izan da, gure teknikari taldearen estilokoa. Anbizio handia dugu aurreko sasoian egindako lanari jarraipena emateko. Oso ondo bukatu genuen liga, eta gogoa dugu bolada onean eta giro baikorrean jarraitzeko. Ederra litzateke liga iaz bezala hastea, etxetik kanpo irabazita. Badakigu zaila izango dela, Cadizek oso ondo baitaki zer egiten duen. Funtsezkoa izango da irakurketa egokia egitea.

Oro har, itxura ona eman duzue lagunartekoetan. Akaso, argitasun apur bat falta izan zaizue azken metroetan.

Tira, uste dut hori prestaketaren parte dela. Asmatzen hasiko gara lehiatzen hasi orduko; ziur nago. Aurrelariak golak dira, eta garrantzitsua da haiek konfiantza hartzen hastea. Defentsan, ondo barneratuta ditugu kontzeptu guztiak. Oso talde sendoa gara, eta presio eraginkorra egiten dugu. Realaren aurka islatuta ikusi genuen gure estiloa. Bide horri jarraitu behar diogu.

Taldearen bizkarrezurrari eustea izan da kirol arduradunen lehentasuna. Ondo dabilena hobe gutxi ukitzea, ezta?

Bai, multzo honek arrakasta handia lortu du azken urteetan. Braulioren [Vazquez, kirol zuzendaria] lehen sasoia ez zen oso ona izan, eta, hala ere, konfiantza izan zuten multzo honengan. Aldaketa handiena aulkian egon zen. Gero, denboraldi ia perfektua osatu genuen, eta landutako igoera lortu. Aurreko ligan ere oinarriari eustea izan zen gakoetako bat. Guretzat, oso garrantzitsua da batasun giroa izatea, garai zailetan hauspoa ematen baitigu.

Lucas Torro eta Juan Cruz iritsi dira orain arte. Fitxaketa nagusia, dena den, Chimy Avilak izan behar zuen, ezker belauna osatu ostean. Baina, orain, zer, eta eskuin belauna apurtu du. Kolpe handia da zuentzat.

Hutsune handia utzi zuen aurreko sasoian, erabakigarria ari baitzen izaten. Gainera, halako lesio larri batek ukituta uzten du taldea. Baina halako gauzak ditu futbolak. Puskatu egin da berriro, eta haren alboan egon behar dugu taldekideok. Oso egoera zaila da, halako lesio batek zuloan sartzen baitzaitu. Funtsezko pieza zen proiektu honetan, eta ohitu egin beharko dugu hura gabe aritzera, iragan denboraldian egin genuen bezala.

Aurreko ligako maila bera ematea sinatuko zenukete, ala, eskatzen hasita, beste koska bat igotzea gustatuko litzaizueke?

Futbolari orok du aurreko urteetan egindakoa hobetzeko anbizioa. Hori esanda, burua hotz eta oinak lurrean eduki behar ditugu. Badakigu nor garen eta non gauden; ez dugu erotu behar. Gero eta talde indartsuagoak daude Lehen Mailan. Baina uste dut taldekide guztiek esango lizuketela aurreko sasoiko lana hobetzeko anbizioa dutela. Mailari eustea da lehen helburua; hori garbi dago, eta hortik aurrera datorren guztia ongi etorria izango da.

Ekainean, kritiko agertu zinen futbolaren itzulerarekin. Zer iritzi duzu orain?

Orduan, sentitzen nuen dena ekonomiaren jiran ari zirela egiten. Orain, ordea, egonkorragoa da egoera, eta gizartea martxan dago jada. Agerraldiak hor daude, baina iruditzen zait dena kontrolatuago dagoela. Gu kasurik ez duen talde bakarra gara, oker ez banaiz. Seinale ona da, baina ezin gaitezke erlaxatu. Garbi dago birusak baldintzatu egingo duela denboraldia. Fuenlabradaren aurrekaria hor dago, eta gerta daiteke talde batzuek ia jokalaririk ez izatea partidak jokatzeko. Gu neurri guztiak betetzen saiatuko gara.

Denboraldi berezia izango da zuentzat, eta ez pandemiarengatik bakarrik. Izan ere, urrian, ehun urte beteko ditu Osasunak. Akuilu handia da?

Nik ardura moduan ikusten dut. Gauzak oso ongi egin beharko ditugu, klubari eta Nafarroari begira. Ez dugu zama edo presio gisa hartu behar. Asko lagun diezaguke motibazio aldetik. Badakigu sasoi hau garrantzitsua dela, klubarentzat handia bailitzateke mendeurrenean lan txukuna egitea.

Ikusi duzu Sadar nola ari den gelditzen? Zer itxura du?

Iruditan ikusi dut, eta, han inguruan ibili naizenetan, behatxulotik begiratzen saiatu naiz. Sekulako gogoa dugu prest egon dadin partidak hartzeko. Hasieran, ezingo da zalerik sartu, eta pena izango da. Baina itzuliko dira noizbait, eta, egun horretan, ospakizun handia egingo dugu.

Hirugarren urtea duzu klubean, eta pozarren dirudizu. Esan izan duzunez, oreka emozionala topatu duzu Iruñean.

Ni oso gazterik iritsi nintzen elitera, eta garai zailak bizi izan nituen; lesioengatik, eta desoreka emozionalengatik. Levantetik irteteko aukera iritsi zitzaidan, eta, ordutik, neure burua ezagutuz joan naiz, eta pertsona gisa heltzen. Eta Iruñean, nire tokia aurkitu dut. Maitatua sentitzen naiz taldekideen eta zaleen aldetik, eta, hala, norberaren konfiantza hazi egiten da; bai zelaian, baita hortik kanpo ere. Nire sasoirik onenean nago, zentzu guztietan.

Zerk egiten du berezi Iruñea?

Futbolean aritzeko toki ideala da, eta, gainera, gauza pila bat duzu egiteko hemen: hiriko giroa ederra da; jendea oso adeitsua da; bisitatzeko leku ugari dago inguruan; mendiak bertan daude... Maiteminduta nago klubaz eta hiriaz.

Zaleen kutunenetako bat zara, eta ez soilik zelaian egiten duzunagatik. Gertutasuna transmititzen duzu, eta hori asko eskertzen dute.

Asko gustatzen zait zaleengandik hurbil egotea. Naizen bezala agertzen naiz jendaurrean, eta uste dut alderdi hori aldatzen ari dela futbolean. Hau da, futbolariak ohartzen ari dira norbera izatearen garrantziaz. Gure iritzia eman behar dugu, kritikoei jaramonik egin gabe. Bakoitzak bere ikusmoldea du bizitzako alor ezberdinen inguruan, eta polita da norberaren ideologia aditzera ematea.

Askok diote futbola ez dela nahastu behar politikarekin. Ez dirudi zu bat zatozenik.

Gaur egun, Pique da futbol munduan dagoen pertsonaia publikoenetariko bat. Berak bere aburua erreparorik gabe plazaratu izan du beti, eta hori miresgarria iruditzen zait. Dioenarekin bat etor zaitezke edo ez, baina meritu handia du urrats hori egitera ausartzeak. Denok dugu gure iritzia emateko eskubidea; futbolariok ere bai.

Besteak beste, LGTBI kolektiboaren aldeko mezuak igorri izan dituzu. Nola bizi da homosexualitatearen gaia futbolean?

Gizartean, aurrera egin da; futbolean, berriz, gai hori tabu bat da oraindik. Hesiak apurtzeko, jokalariok urratsak egin behar ditugu. Taldekide batek esango balit homosexuala dela, animatu egingo nuke jendaurrean aitortzera. Garbi dago egoera oso pertsonalak direla, eta bakoitzaren erabakiak errespetatu egin behar dira. Baina, era berean, futbolariok pausoak eman beharko genituzke bestelako balio batzuk transmititzeko: adibidez, LGTBI kolektiboaren alde edo feminista gisa agertuz. Pertsonaia publikoak gara, umeek erreferente gisa gaituzte, eta guk esaten dugunak asko lagun diezaioke gizarteari.

Zaleek asko eskertu zuten beste keinuetako bat euskara ikasteko ahalegina izan zen. Zertan gelditu da asmo hori?

Brandonekin hasi nintzen, buruz-buru. Baina ikusi nuen oso-oso zaila zela, eta amore eman nuen. Zorionez, neska laguna hemengoa dut, eta maiz entzuten ditugu euskarazko abestiak. Hitz solte batzuk badakizkit. Gogoko dut hemengo kultura, eta, kasu honetan, hizkuntza ezagutzea. Batzuetan, belarria jartzen dut aldagelan, baina ez dut askorik ulertzen.

Zure burua luzaroan ikusten duzu Osasunan?

Toki batean horren gustura zaudenean, eskaintzak oso erakargarria izan behar du beste norabait joateko. Egunerokotasuna oso erosoa egiten zait hemen; sekulako gogoarekin joaten naiz entrenatzera eta hirian paseatzera; beraz, ez zait burutik pasatzen hemendik joatea. Noski, gu profesionalak gara, eta beti hazi nahi dugu kirolari moduan. Baina badakit zer dudan esku artean, eta balioa eman nahi diot. Oraintxe, hemen egotea da dudan gauzarik baliotsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.