Albistea entzun

Markel Susaeta. Macarthur taldeko jokalaria

«Athleticek erakutsi du finalean Bartzelonari irabaz diezaiokeela»

Athleticeko kapitain ohiaren ustez, talde zuri-gorriari kosta egiten zaio finaletan berea ematea. Hala ere, itxaropentsu dago Bartzelonaren kontrako partidari begira. Taldea «ondo» dagoela iritzi dio.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Haritz Gallastegi -

2021eko apirilak 14

Markel Susaeta (Eibar, Gipuzkoa, 1987) azken urratsak egiten ari da futbol profesionalean. Athleticen ibilbide aparta osatu ostean, Japoniako futbola eta Australiakoa ezagutu du. Egun, Sydneyn (Australia) dago, eta Macarthur taldean ari da. Gozatzen ari da, haren lagun Beñat Etxebarriarekin batera. Ez da komunikabide eta sare sozialetan agertzearen oso zale, baina BERRIAri tarte bat egin dio.

Athleticen Espainiako Kopako finalari heldu aurretik, zer moduz bizi zara Australian? Esperientzia aberasgarria ari al zara izaten Macarthur taldean?

Esperientzia positiboa da oso. Athletic utzi nuenean, argi neukan zerbait ezberdina bizi gura nuela, eta lortu dut. Gainera, pandemiak leku egokian harrapatu nau. Sydneyn, koronabirusaren aurretik egiten genuen bizitza ari gara egiten. Ez maskara, ez ezer. Bestalde, Macarthur klub berria da, baina gauzak ondo egiten ari da. Oso pozik gaude familia osoa.

Bizitzaz zein futbolaz gozatzen ari zara?

Bai, asko. Presio barik jokatzen dut. Ez daukat Athleticen nuen ardurarik. Macarthurreko agintariek ez digute irabaztea eskatzen. Taldekide gazte asko dauzkat inguruan, eta teknikariak ere konfiantza handia eman dit. Ezin dut askoz gehiago eskatu.

Gainera, ez zaude bakarrik. Beñat Etxebarria bidaide duzu.

Gauza handia da lagun batekin izatea gisa honetako esperientzia bat. Beñat 10 urterekin ezagutu nuen, Athleticeko gazte mailetan. Hasieratik egin genuen bat. Harreman estua daukagu. Bi familiak ari gara Australiako egonaldiaz gozatzen.

Macarthur taldearen eskaintza onartu aurretik, zuk bazeneukan Australiako bizitzaren eta futbolaren berri. Aurrez, Melbournen aritu zinen. Herrialde horrek harrapatu egin al zaitu?

Erabat. Australiak denetarik dauka: bizi maila ona, umeentzat leku aproposa da, hondartzak ditu, parke ederrak... eta, gainera, era guztietako zerbitzuak ditu eskuragarri. Traba bat baino ez dugu: distantzia. Euskal Herritik urrun gaude. Pandemia dela eta, gertukoak ezin dira etorri. Eta, egiari zor, noizean behin eskertuko genituzke haien babesa eta laguntza.

Australiako futbolean probatu aurretik, Japonian aritu zinen. Alde handia al dago bi herrialdeen artean?

Ikaragarria. Herrialde batek ez dauka zerikusirik bestearekin. Japoniarrak australiarrak baino itxiagoak dira. Bestalde, Japonian ez da ingelesa asko erabiltzen. Kulturalki, Australiak Europaren antz handia dauka, eta horrek erraztu egin dizkigu gauzak.

Zuek Australian udazkenari ongietorria egiten ari zarete, eta Athletic, munduaren beste aldean, udaberriarekin batera etorri diren Espainiako Kopako bi finalen artean dago murgilduta. Ikusi al zenuen Realaren kontrako finala?

Bai, noski. Beñatek eta biok elkarrekin ikusi genuen. Bi eguneko atsedena geneukan, eta elkarrekin pasatu genuen asteburua. Goiz altxatu ginen, 05:30ak inguruan. Aukera eta gol gutxiko finala izango zela pentsatzen genuen, eta hala izan zen. Azkenean, ezin izan zuen Athleticek irabazi. Kolpe handia izan zen Athleticeko jarraitzaile guztiontzat. Pena daukagu. Kostatu egingo zaigu ahaztea, baina futbolak gutxitan ematen du bi asteren buruan egoera iraultzeko aukera. Athleticek badauka. Ea baliatzen duen.

Realaren kontra galtzea Bartzelonaren aurka galtzea baino mingarriagoa al da, edo zuentzat, jokalarientzat, berdin dio noren kontra galtzen diren finalak? Mina berbera al da?

Finalak finalak dira, baina Realaren kontra lehiatzea ezberdina da. Kopako finalean euskal talde bi elkarren aurka aritzea ez da erraz ikusten den gauza bat. Athleticek beste aukera bat dauka, eta aurrera egin behar da.

Athleticek aste bi izan ditu burua altxatu eta hurrengo erronkari indarrez heltzeko. Nahikoa da ilusioa eta konfiantza berreskuratzeko?

Bai. Realaren kontrako finala burutik kendu behar dute. Egitea esatea baino errazagoa da, noski. Bartzelonaren kontrakoa beste aukera bat da. Partida ezberdinak dira. Ezin dugu fedea galdu.

Porrot bati buelta ematea ez da erraza. Buru aldetik nola prestatzen da taldea hurrengo erronkarako? Zer mezu jaso behar dute jokalariek?

Oraingoan, nahikoa argi daukat: Superkopan Bartzelonari irabazteko gai izan baziren, bigarrenez ere lor dezaketela sinetsarazi behar zaie jokalariei. Athleticek esperientzia dauka gisa honetako neurketetan. Beraz, konfiantza izan behar da.

Athleticen Kopako bosgarren finala izango da azken hamabi urteetan, eta laugarrena Bartzelonaren kontra. Zuk aurreko hirurak jokatzeko aukera izan zenuen. Nola gogoratzen dituzu?

Ez genuen zorte handirik izan. Marka da hiru finaletan Bartzelona izatea aurkaria! Eta nolako Bartzelona, gainera. Azken urteetan, Real Madrilek eta Bartzelonak aukera gutxi uzten dituzte. Lehiaketa guztiak irabaztera zelairatzen dira. Euren arten jokatzen dituzte gehienak. Gauzak nola dauden ikusita, Athleticek meritu handia dauka. Zorte apur bat falta izan zitzaigun.

Egungo Bartzelona zuei egokitu zitzaizuena baino apalagoa al da? Pep Guardiolaren talde garaiezina eta Luis Enriqueren talde indartsua izan zenituzten aurrean 2009ko, 2012ko eta 2015eko finaletan.

Egungo Bartzelona oso ona da, baina gure sasoian baino gertuago gaude harengandik. Guri egokitu zitzaigun Bartzelona inoiz ikusi dudan talderik indartsuena da: Xavi, Iniesta, Busquets eta Messiren sasoirik onenean lehiatzea egokitu zaitzaigun. Messi goi mailan dago oraindik ere, baina hura ere ez da duela bost urtekoa.

Gozatu al zenituen final horiek?

Bai. Finalaren aurreko asteak ederrak izan ziren: jarraitzaileak ilusioz gainezka ikustea, kaleak zuri-gorriz jantzita zeharkatzea... asko gozatu nuen. Beste kontu bat zen finalaren eguna gerturatzen zenean. Pare bat egun lehenago urduritzen hasten nintzen. Ardura handia geneukala sentitzen genuen. Milaka zaleren ilusioa jokoan zegoela jakitea zama zen.

Kopako azkeneko lau finalak eta Europa ligan jokatutakoa gurutze bideak izan dira taldearentzat. Athleticek ez du ia aukerarik izan irabazteko. Ez zaretela ondo lehiatu leporatu dizuete. Ados zaude?

Ados nago. Guk jokatu genituen finaletan ez ginen ondo lehiatu. Aitortu egin behar da. Autokritika egin behar dugu. Finalera iritsi arte, oso ondo aritzen ginen, baina ez ginen kapaz izan egindako beharrari ginga jartzeko. Valentzian, Bartzelona handi bat gainetik pasatu zitzaigun. Bielsaren bi finaletan oso justu iritsi ginen sasoiaren azken txanpara, eta, gainera, Simeoneren Atletico Madril handiaren lehen pausoekin eta Bartzelona handi batekin egin genuen topo. Eta 2015ekoan ere, aurkaria baino gutxiago izan ginen. Ez zen posible izan.

Futbolak hartu duen bidea aintzat hartuta, Athletici eska dakioke finalak irabazteko, edo borrokan egotearekin konformatu beharko dute zaleek?

Taldeari eskatu egin behar zaio. Athleticek Bartzelonari final bat irabazi zion duela gutxi. Lortu du. Zergatik ez du berriz egingo? Nik ez dut Superkopakoa ahaztu.

Baikor zaude. Athleticek ezustea emango du?

Bai. Athleticek merezita irabazi zuen Superkopa. Azkenaldian, kostatzen zaio golak sartzea, baina nik ez dut taldea txarto ikusten. Jokalariek badakite zein den bidea. Nik finala irabazteko aukera dagoela iritzi diot.

Mezu egokia izan daiteke larunbatean lehiatuko diren futbolarientzat. Oraindik ba al duzu harremana taldekide ohiekin?

Egunero ez bada, astero izaten dugu elkarren berri. Realaren kontra galdu ostean, animo mezuak bidali nizkien. Ez naiz sare sozialetan agertzekoa, baina horrek ez du esan gura taldearen gainean ez nagoenik.

Jarraitzailerik gabeko finala izango da. Zuk jokatuko zenuen hiru finaletan ez sinestekoa izan zen uholde zuri-gorria.

Pena ematen dit, baina, egoera honetan, arduraz jokatu behar dugu. Bakoitzak gure aldetik ahal dugun guztia jarri behar dugu egoera honetatik ateratzeko. Beraz, penaz, baina neurketa etxetik ikusi beharko dugu.

Beñatekin elkartuko zara atzera?

Bai, noski. Elkarrekin ikusiko dugu. Beñat eta biok egun guztian gaude batera.

Zein izango da emaitza?

Athleticek irabaziko du: 2-1. Bartzelonak partida guztietan sartzen du golen bat; beraz, garaipena eskuratzeko, gutxienez bi gol sartu beharko dira.

Sydneykoa izango da zure azken geltokia, edo futbolean jokatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Ondo ikusten dut neure burua. Gustura ari naiz, baina oraindik ez dut erabaki zer egingo dudan denboraldia amaitzen denean. Argi daukadan bakarra da kirol ibilbidea luzatzea erabakitzen badut Macarthurren luzatuko dudala. Oso eroso nago. Dena daukat. Hemen ez bada, utzi egingo dut.

Erretiroa hartzen duzunean futbolaren bueltan segitzeko asmoa duzu?

Bai. Lotura sendoa daukat futbolarekin. Baditut gauza batzuk buruan, baina, orain, jokalari gisa gozatzeko garaia da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Super Amara Bera Berako kideak, liga irabazi izana ospatzen, atzo, Donostiako Gaska kiroldegian. ©JON URBE / FOKU

Bera Berak zazpigarrenez irabazi du Espainiako Liga

Julen Etxeberria

Bera Berak 30-20 hartu du mendean Elx Donostian, eta zazpigarrenez irabazi du Espainiako Liga. Hogeigarren titulua du, hamabosgarrena azkeneko hamar urteetan

Danel Elezkano, errematatzen, eta hari begira, Jon Ander Peña, Jose Javier Zabaleta eta Jon Ander Albisu, finalerdietako ligaxkako lehen partidan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Kolpeka josi nahi dute txapela

Julen Etxeberria

Elezkano II.a-Zabaletak eta Peña II.a-Albisuk binakakoaren finala jokatuko dute gaur, Bilbon. Bi bikoteek azpimarratu dute hamarreko lana egin ezean ez dutela irabaziko

Zorrak zor
Alaveseko jokalariak, Joseluk sartutako binakoa ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. ©JAIZKI FONTANEDA /FOKU

Gaitzetan txikiena

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek sufrituta berdindu du Levanteren aurka, Joseluren gol berantiar bati esker. Jaitsiera postuetatik puntu batera dago oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna