Arrauna. Eusko Label liga

Amaitu da barealdia

Iaz baino prestaketa samurragoa eginda ekingo diote hamabi taldek Eusko Label ligari. Azken bi sasoietakoa berriro gerta daiteke, ezustekoak hainbestekoak ez izan arren. Ondo hasteak berebiziko garrantzia izango du.

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Izurriak baldintzaturiko bigarren urtea izango du Eusko Label ligak, nahiz eta iazkoarekin alderatuta arraunlarientzat eramangarriagoa izan. TKE sortu zenetik hemeretzigarren aldia izango da aurtengoa, eta hogei estropadak beteko dute udako egutegia; gaur hasi eta irailaren 19ra arte. Azken bi urteetakoa gerta daiteke aurten ere, goialdean zein behealdean

Azken aldietan ezusteak gertatu diren estropada eremu bihurrian ariko dira: Coruñan (18:00, ETB1). Mendebaldeko haize zakarra eta metro eta erdi inguruko olatuak daude iragarrita. Lehen txandan, Ondarroa, Hondarribia, Zierbena eta Urdaibai ariko dira: bigarrenean, Isuntza, Ares, Orio eta Santurtzi iazko txapelduna; eta hirugarrenean, Tiran, Cabo da Cruz, Donostiarra eta Zarautz.

Ligan parte hartuko duten hamabi taldeetako entrenatzaileek bi galdera hauei erantzun diete:

1. Zein dira zure taldearen helburuak ligan?

2. Nolako liga izango da?

«Iazko emaitza errepikatzea izango da helburua»
Iker Zabala Santurtzi

1. «Iazko emaitza errepikatzea izango da helburua; hau da, ligako txapeldunak izatea. Baina badakigu erronka handia izango dugula. Gainontzeko talde guztiak gure aurka joango dira, eta hori normaltzat hartzen dut».
2. «Banderaren lehian egongo diren hiru hautagai nagusi ikusten ditut: Hondarribia, Urdaibai eta gu. Zierbena, Donostiarra eta Orio ere ez ditugu ahaztu behar. Iaz ez bezala, aurten ez da gorabehera handirik izango».

«Lehen postuetan borrokan ibiltzea gustatuko litzaiguke»
Mikel Orbañanos Hondarribia

1. «Entrenamenduetan egiten ari garen lan ona lehian islatu nahi dugu. Lehen postuetan borrokan ibiltzea gustatuko litzaiguke, eta liga aurrera doan heinean, bizirik mantentzea».
2. «Ez zait iruditzen azken urteetan goian ibili diren talde horien maila asko aldatu denik. Ez nintzateke ausartuko izenak ematera, berdintasun handia dagoelako eta urtero ezusteren bat izaten delako bai goialdean eta bai behealdean».

«Iazko hirugarren postua hobetu eta goian mantendu nahi dugu»
Jon Elortegi Urdaibai

1. «Taldea gogotsu dago, baina urduritasun puntua badu ea aurreneko estropadan zer gertatuko den».
2. «Hiru faborito argi ikusten ditut: Santurtzi, Hondarribia eta Zierbena. Haien atzetik ontzi asko gaude: Orio, Donostiarra, Ondarroa eta gu. Cabori buruz ez dakigu ezer, baina hor lehian egongo da. Ohorezko txandako lau postuak betetzeko borroka handia izango dugu. Erregularrak izatea funtsezkoa izango da».

«Gure onena emateko lan handia egin beharko dugu»
Jon Salsamendi Orio

1. «Gure onena emateko lan handia egin behar dugu. Talde txikia dugu, eta, azken lau urteetan bezala, ohorezko txandako taldea izatearekin gogobeteko ginateke».
2. «Liga bi multzotan ez nuke bereiziko, eta irabazteko faboritoa den talde batek, agian, arazo handiekin has dezake denboraldia. Zaila da iazko lehen lau postuetatik nor eroriko den asmatzea. Gaur-gaurkoz, hautagai nagusi bakarra ikusten dut: Santurtzi».

«Ahal bada, ligako titulurako borrokan egotea da asmoa»
Juan Zunzunegi Zierbena

1. «Hasieratik ondo hasi beharko dugu, eta akatsik ez egiten ahalegindu. Banderaren lehian aritzeko ohorezko txandan finkatzea izango da helburua, eta, ahal bada, ligako titulurako borrokan egotea da asmoa».
2. «Iazko sailkapenaren ordena errespetatu behar dugu. Ez daukat talde faboritorik. Hamargarren sailkatu dena ere talde indartsutzat hartu behar dugu. Beraz, guztiok dakigu detaile txikiek asko balioko dutela».

«Ohorezko txandan sartu eta liga bertan amaitu nahi dugu»
Igor Makazaga Donostiarra

1. «Orain arteko errutina aldatzeko gogoa dugu. Taldea iaz baino zabalagoa daukat, eta ohorezko txandan sartu eta liga bertan amaitu nahi dugu».
2. «Goiko multzoan seikote bat egongo den arren, bi ontziei beste azpimarra bat egitea zor diegu: Santurtziri eta Hondarribiari. Halere, zalantzarik ez izan besteok ere borrokarako eta gauzak zail jartzeko asmotan irtengo garela. Bestalde, iaz gertatu zen bezala, edozein joan liteke goitik behera».

«Sailkapeneko erdialdean egonkortu nahi dugu»
Gustavo Vazquez Cabo da Cruz

1. «Iazko talde oso antzekoa dugu. Lehen helburua izango da gorengo mailan mantentzea; behin hori lortuta, sailkapeneko erdialdean egonkortu nahi dugu, bigarren txandan aritzeko. Ontzia ondo dabil».
2. «Gero eta maila handiagoa dago. Lehenengo sei postuetan betiko taldeak ibiliko dira. Ondarroak saltoa eman du, baina Isuntzak, Zarautzek, Aresek eta Tiranek ere borrokan ibili nahiko dute. Azken seien artean, dantza handia egongo da».

«Kanporaketa saihestuta, zapore onarekin geratuko ginateke»
Osertz Aldai Isuntza

1. «Ilusio eta gogo handia dugu liga hasteko. Printzipioz, helburua izango da mailari eustea, eta, kanporaketa saihestuta, zapore onarekin geratuko ginateke. Iazkoa errepikatzea kostako zaigu».
2. «Seikote indartsuenean, hiru nabarmenduko nituzke: Santurtzi, Zierbena eta Hondarribia. Orio, Donostiarra eta Ondarroa ere ez ditugu ahaztu behar. Cabo gu baino apur bat gorago ikusten dut. Ares, Tiran, Zarautz eta gu bertsuan ibiliko gara».

«Iazko bederatzigarren postua hobetzea izango da asmoa»
Iñaki Errasti Ondarroa

1. «Liga hasierara ondo heldu garela uste dut. Gogotsu gaude. Iazko bederatzigarren postua hobetzea izango asmoa; aukerak ikusten baititut. Estropadetara lasaitasunez joan nahi dugu».
2. «Iazko joera izango du aurtengoak ere. Hiru talde ikusten ditut faborito: Santurtzi, Hondarribia eta Zierbena, eta, gero, Urdaibai, Orio eta Donostiarra ere bai. Beste seiok ahalik eta azkarrena azken postuak saihesteko lehian ariko gara».

«Ahal bada, kanporaketarik gabe mailari eutsi nahiko genioke»
Jose Manuel Pelaez Ares

1. «Taldean aldaketak izan ditugu, eta oinarria egiten jardun gara. Dena den, ondo sentitzen gara. Ahal bada, iazko emaitzak lortu eta kanporaketarik gabe mailari eutsi nahiko genioke».
2. «Bi liga ikusiko ditugu. Iazko seikote bera banderaren lehian ibiliko da. Ondarroa ere zaku horretan sartzen dut. Cabo, berriz, besteok baino koska bat gorago dago. Isuntza, Zarautz eta Tiranekin lehia estua izango dugu».

«Uztail ona egitea oso garrantzitsua izango da besteei tarteak ateratzeko»
Asier Puertas Zarautz

1. «Gogoz eta ilusioz beteta gaude. Helburua da mailari eustea, eta, kanporaketa saihesten badugu, hobe. Uztail ona egitea garrantzitsua izango da atzekoei tartea ateratzeko».
2. «Ligako oilarrek lehia handia izango dute, batez ere, Santurtzik, Hondarribiak eta Zierbenak, baina besteekiko alde handirik ez dute izango. Izango ditugun aurkari zuzenei begiratu beharrean, gureari begiratu behar diogu, eta barruan dugun guztia eman».

«Mailari eutsi nahi diogu, kosta ahala kosta; gogotsu gaude»
Benjamin Vazquez Tiran

1. «Bi urtez bigarrengo mailan lehiatu ostean, gogotsu eta motibatuta itzuli gara Eusko Label ligara. Iaztik hona, trainerua azkarrago dabil. eta mailari eutsi nahi diogu, kosta ahala kosta».
2. «Egia esan, ez dakigu nolako liga izango dugun. Neguan, ez gara ligako taldeen aurka lehiatu, eta, beraz, ez ditugu erreferentzia zehatzik. Dakidan gauza bakarra da, Aresekin paretsu ibiliko garela. Egunez egun, aztertuz joango gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.