Gaizka Larrazabal. Athleticeko jokalaria

«Txupetea etxean daukagu, ondo gordeta»

Gaizka Larrazabal da Athleticen bigarren taldetik igo dituzten jokalarien artean gehien jokatzen ari dena. Aitor Larrazabal talde zuri-gorriko jokalari ohiaren semea da, baina ez du bide erraza izan Athleticen debutatu duen arte. Futbol gosea dauka.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gaztea da Gaizka Larrazabal (Derio, Bizkaia, 1997), baina ideiak argi ditu. Ofizioa ikasten ari da, baina ez zaio goserik falta. Taldeari golak sartzen laguntzeko irrikaz dago. Lehen golaren ospakizuna buruan dauka, baina ez du txupeterik erabiliko, haren aita Aitor Larrazabalek egiten zuen gisan.

Bikain hasi ostean, bolada txarra iritsi da. Lau partida daramatzazue irabazi barik. Nola zaudete?

Ez ditugu irabazi espero genituen puntuak. Baina gorengo mailan gorabeherak daude. Garai txarrei aurre egiten jakin egin behar da. Bolada txarretan ezinbestekoa da ondoko lagunari mezu positiboa igortzea. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, eta ezinbestekoa da batak besteari indarra ematea.

Berria zara gorengo mailan, baina ziurrenik jabetuko zinen emaitzak baino ez duela balio.

Hala da. Lehen Mailan dauden taldeak ez daude kasualitatez bertan. Partida batean edo bitan lo hartuz gero, atzetik datorrenak aurrea hartuko dizu.

Talderari gol sena falta zaiola dio Gaizka Garitanok, erasoan erabaki okerrak hartzen dituzuela. Ados zaude harekin?

Azken partidatan ez dugu asmatu. Baina erasoko jokalariok boladak izaten ditugu. Golak sartzeko, talde lanak ona izan behar du. Erasokoa landu eta gauza berriak asmatu behar ditugu golak sartzeko.

Arriskutsua da beti defentsako lanaren arabera aritzea. Beti ezin da atea hutsean mantendu. Irabazteko, golak sartu behar dira.

Argi dago. Gaizkak garrantzi handia ematen dio defentsako lanari, eta, horri esker, talde indartsua gara, ezerosoa. Talde gutxik aurkitzen dute gure ateko bidea. Baina guk ere aurkariari min egiteko bidea topatu behar dugu.

Athleticek baditu jokalariak ausartago jokatzeko, edo, dagoena aintzat hartuta, egungo jokamoldea da aproposena?

Athleticen jokatzen duten aurrelari guztiek erakutsi dute zer egiteko gai diren. Euren ibilbidean gol asko sartutakoak dira. Aurten ere agertu dira. Jokatzen dutenak ondo ari dira, baina gauzak ateratzen ez direnean taldea freskatzea izan liteke aukeretako bat. Horrela, gauza ezberdinak ikus daitezke.

Zu izan zaitezke gauza ezberdinak egin ditzaketenetako bat.

Izan liteke. Hasierako hamaikakoan ari direnekin gauzak ateratzen ez badira, aulkian egon liteke konponbidea.

Yeray Alvarezek mezu anbiziotsu bat bota du: lau onenen artean sailkatzearekin egiten du amets. Beste taldekide batzuk zuhurragoak izan dira. Zuk non jartzen duzu taldearen langa?

Athleticen helburuak asteburuko partida irabaztea izan behar du. Epe laburreko helburuak jarri behar ditugu. Finean, gehiegizkoa da Gabonak iritsi aurretik esatea non egongo garen liga amaieran.

Parekotasun handia dago ligan. Inork ez du atzean geratu gura.

Ez. Nik iaz Bigarren B Mailan jokatu nuen. Han argi ikusten zen talde batzuek sufritu egingo zutela. Lehen Mailan ez da hori gertatzen. Talde guztiak dira oso lehiakorrak. Inork ez du maila galdu gura.

Bihar Atletico Madril bisitatuko duzue. Partida gaitza da.

Oso gaitza. Denboraldiko neurketarik zailenetako bat da. Talde gogorra da. Jokalari oso onak ditu. Baina Wandan irabazteko gai ikusten dut taldea.

Jokatzeko era antzekoa duzue. Athletic eta Atletico Madril defentsako lan sendo baten bueltan eratuak dira.

Bai. Atletico Madril oso talde indartsua da. Munduan egongo den talde fisikoena izango da. Garrantzi handia ematen dio arlo horri. Horrez gain, oso jokalari onak ditu. Erdiko aurrelariak punta-puntakoak dira. Ez dute barkatzen.

Gustura zaude Lehen Mailan egiten ari zaren lehen urratsekin?

Bai, oso pozik. Ondo ikusi dut neure burua. Konfiantza daukat, baina ez nuen uste horren azkar egokituko nintzenik Lehen Mailara. Ez dut asko jokatu, baina erakutsi dut zer egiteko kapaz naizen zelairatu naizenean.

Umetatik izan duzu lotura Athleticekin. Zure aitak urte askoan jantzi zuen elastiko zuri-gorria. Zer da zuretzat Athletic?

Athletic hitza bera 2 urterekin entzuten nuen zerbait da. Umetatik galdetu dut zer den Athletic. Nire bizitzako taldea da. Txikitatik izan dut Athleticen jokatzeko ametsa.

Aitor Larrazabalen semea izanik, bide errazagoa izango zenuela pentsatuko duenik egongo da, baina zu berandu iritsi zinen Lezamara. Bigarren talderako fitxatu zintuzten.

Askok ez dakite zer ibilbide izan dudan. Batzuk pentsatuko dute Lezaman nagoela nire merituengatik eta beste batzuek beste gauza batzuk esango dituzte. Denetarik egongo da. Urte gutxian urrats handiak egin ditut. Lauro utzi ostean, Danok Baten urtebete egon nintzen, eta beste denboraldi bat Zamudion, Lezamara iritsi aurretik. Nire lanari esker iritsi naiz ametsa egia bihurtzera.

Larrazabalen semea zarela etengabe gogoraraztea nekagarria al da zuretzat?

Ez. Ohorea da aitaren lekukoa hartzea. Gainera, postu ezberdinetan aritzen garenez, ez gaituzte asko alderatzen. Ez da zama handia.

Zure aitak txupete batekin ospatzen zituen golak, eta txupete hori erabiltzen zuena Athleticen ari da egun. Film bateko gidoia dirudi.

Bai. Txupete hori etxean daukagu, ondo gordeta. Oroitzapen oso onak ditut.

Zer eman diezaiokezu Athletici?

Defentsan lana eta erasoan taldean asko ez dagoen ezaugarriak ditut. Zuzena naiz, eta, aukera dudanean, aurkariaren bila joaten naiz. Bestalde, aurreko sasoian ikasi nuen hegaleko jokalari batek atea izan behar duela buruan beti. Golak sartzeko anbizioa daukat.

Non daukazu hobetu beharra?

Lehen Mailan denbora gutxi dago erabakiak hartzeko. Beraz, gauzak azkarrago egin behar ditut. Defentsan, berriz, barneratu behar dut aurrera joaten naizen guztietan itzuli egin behar dudala.

Idolorik izan al duzu?

Bai. Athleticen, Aduriz eta Susaeta. Adurizen taldekidea izatea ikaragarria da. Bestalde, talde zuri-gorritik at, Cristiano Ronaldo izan da nire erreferentea. Ondo egindako lanaren isla da. Messik berezkoa dauka, eta Cristiano eguneroko behar gogorraren emaitza da.

Gizonezkoen futbola garai gozoan dago. Diru asko mugitzen du. Emakume futbolariek, berriz, grebara jotzeko deia egin dute. Ba al duzu auzi horren berri?

Bai. Ainhoaren [Tirapu] esanei gertutik jarraitzen diet. Jokalari guztien alde ari da borrokan. Athleticen bete egiten dira emakume futbolariek eskatzen dituzten baldintzak. Horrek asko esaten du klubaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.