KRITIKA. Antzerkia

Julieta hirukoitza

Agus Perez.
2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun

'Manifiesto Julieta'

Konpainiak: Sleepwalk Collective, Teatro Xtremo, Vladimir Tzekov. Lekua: Gasteizko Baratza aretoa. Eguna: Abenduak 20.

Gasteizko Baratza aretoak sei urte bete ditu asteburuan, eta programatu dituen ekitaldien artean Manifiesto Julieta izenekoak hartu du zentraltasuna. Egitaraua hiru pieza laburrekin osatu da, eta hirurek hartu dute gai nagusitzat Shakespeareren tragedia nagusiko Julieta. Ikusleak hiru multzotan banatu dira eta talde bakoitzak hiru piezak ikusi ditu besteengandik banatuta, aretoak dauzkan gune diferenteak baliatuta.

Esan bezala, Julietaren ikuspegia izan da hiru lanen arteko lotura, baina eszenaratze baldintzak izan dira konturik deigarriena. Hona hemen haietariko batzuk: «Pieza guztiek 160 karaktereko azpititulu bat izango dute, eszenan agertzen diren elementuen salneurria azalduko zaie ikusleei, pieza guztietan joko du telefonoren batek eta kanta berbera entzungo da era batean edo bestean abestia Karinaren No somos ni Romeo ni Julieta izan da, pieza bakoitzak doan emango dio publizitatea arazo moral edo etikoak sortzen dituen produktu, erakunde edo ideologia bati....». Eta horrela 21 baldintza zedarritu arte. Jakina, baldintzaren bat bete ezean zigor bat zegoen aurreikusita —ron tragoxka bat edatea—, eta denek edan dute aurretiaz, jakitun izanik benetako sorkuntzak ez duela mugapen esturik onartzen eta beren proposamenetan arau bat baino gehiago urratuko zituztela.

Ikusten denez, merezi zuen ibilbidean parte hartzea ezarritako baldintzengatik gutxienez, baina niri gehien gustatu zaidan araua 15.a izan da: «Debekatua da antzerki garaikidean ohikoak diren elementuok erabiltzea: linoleum zuria, mikrofonoa, live camera, kirol-jantziak, landareak, azpitituluak…». Nik behintzat asko gozatu dut arau horrekin. Falta izan zaie untxi belarriak aipatzea, baina, egia esan, jada ez dira orain urte batzuk bezain modakoak.

Hiru proposamenetan onena eta orekatuena Sleepwalk Collectiverena izan da. Erroak Gasteizen eta Londresen dituen kolektibo honek hainbat lan ausart eskaini dizkigu orain arte, eta oraingo honetan ere bikaintasunera heldu da disposizio eszenikoarekin eta Julieta kordegabetuaren aurrean proiektatu diren testu malenkoniatsu bezain poetikoekin. Soinu-banda landuak atzealde ederra paratzen zien ingeles jasoan irakurritako Shakespeareren hitzei, miresgarria izan da Karinaren kanta edulkoratuari emandako tratamendu aurreratua eta ganora handiz bete dute arazo moral edo etikoen baldintza Tomahawk misilen salneurri eta suntsiketarako gaitasun astronomikoa finezia handiz txertatuta egilearen gaineko hausnarketetan.

Jaengo (Espainia) Teatro Xtremoren proposamena gaualdiko esperimentalena izan da, eta eskaini diguten performancean live camera, argien erabilera egokia eta droga legal nahiz ilegalen erabilera izan dira elementu nagusiak, nahita diseinaturiko planteamendu estatiko hotzetik abiatuta eta neskaren soprano ahots ikaragarriak Julietaren dolu-aria garaikide bat eskaintzen zigun bitartean. Azkenik, Granadako (Espainia) Vladimir Tzekov taldea hiruretan konbentzionalena iruditu zait, baina hala ere, finezia handiz jarri dituzte auzitan genero-kontuak eta familia tradizionalaren balioak, ironia subliminalaren eta ikusleekiko harreman zuzenaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.