Bi bide urrea irabazteko

Munduko txapeldun bihurtu dira Annemiek van Vleuten eta Mads Pedersen: bata, helmugatik 100 kilometrora erasoa eginda; bestea, ezustean aurrean sartu eta esprinta irabazita.

Annemiek Van Vleuten eta Mads Pedersen, ortzadar maillotarekin. EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Luzaroan oroituko da Yorkshireko (Erresuma Batua) Munduko Txapelketa. Denetarik izan du: muturreko klima, epaileen erabaki polemikoak, antolatzaileen akatsak... Baita ezustekoak eta erakustaldiak ere. Ustekaberik handiena igandean gertatu zen, elite mailako gizonezkoen errepidekoan. Izan ere, Mads Pedersenek eskuratu zuen urrezko domina, Danimarkaren lehenengoa. Erakustaldirik handiena, berriz, elite mailako emakumezkoen proban ikusi zen, Annemiek van Vleutenen eskutik. 105 kilometrora egindako ahalegin kamikazeak bere lehen ortzadar maillota eskuratzeko balio izan zion herbeheretarrari.

«Egun beldurgarria izan da. Egin dudana sinetsi ezinik nago. Ez daukat hitzik momentu hau deskribatzeko». Mundu guztiaren harridura irudikatzen dute Pedersenen hitzek. 23 urteko txirrindularia ez zegoen, inolaz ere, lasterketa irabazteko hautagaien zerrendan. Teorian, ez zuen zer eginik Mathieu van der Poel, Philippe Gilbert, Julian Alaphilippe, Alejandro Valverde, Peter Sagan, Greg van Avermaet edo Matteo Trentinen aurka. Bada, oilar gehienek kale egin zuten; dela erorikoengatik, dela nekeagatik edo dela kokapen txarragatik. Trentin bakarrik egon zen amaierara arte garaipenaren lehian, baina Pedersenek aurrea hartu zion esprintean.

Eguraldiak zeharo baldintzatu zuen lasterketa. Berez gogorra zen, 260 kilometro gorabeheratsu baitzituen, eta are gehiago zaildu zuen eguraldiak. Gogotik egin zuen euria, eta horrek mesede egin ziola uste du txapeldunak. «Ordu ugari izan dira bizikleta gainean; oso luze egin dira, eta meteorologiak lagundu egin dit ziurrenik». Ziklistek gorriak ikusi zituzten: 197 izan ziren irteeran, eta 46 baino ez ziren iritsi. Proba sufrikario bihurtu zuten hotzak eta hezetasunak, eta, hala, parekatu egin ziren indarrak. Egoera horri Pedersenek atera zion etekinik handiena.

Galbahe guztiak gainditu zituen danimarkarrak, buruan Trentinekin eta Stefan Kungekin gelditzeraino. Italiarrak dena zuen alde, baina Pedersenek ondo hartu zion gurpila esprintean, eta indarrez aurreratu zuen. Jakob Fuglsang eta Michael Valgren ziren Danimarkaren karta nagusiak, baina partida komodinarekin irabazi zuen azkenean. Pedersen 2017an iritsi zen World Tourrera, eta iaz egin zen ezagun; besteak beste, bigarren izan zen Flandriako Tourrean. Distira gutxiago egin du aurten, baina, munduko txapeldun bihurtuta, denboraldi osoko jarduna zuritu du.

Osatu du bilduma

Van Vleutenek emandako ezustekoa ere ez zen edonolakoa izan. Haren kasuan, garaipenak baino, garaipena lortzeko moduak sortu zuen harridura. Izan ere, ibilbideak zituen 150 kilometroetatik 105 bakarka eginda gailendu zen. Hala, txiki utzi zuen iaz Anna Van der Breggen herrikideak egindako erakustaldia —40 kilometroren faltan jo zuen eraso erabakigarria—. Van Vleutenek aitortu zuenez, beroan hartutako erabakia izan zen. «Plan eroa izan zen. Egia esan, ez zegoen aurrez pentsatuta. Igoera gogorra egin nahi nuen, taldearen mesederako. Tartea zabaldu nuen, eta aurrera egiteko esan zidan prestatzaileak».

Balentria gauzatu ostean, askatuta agertu zen 36 urteko ziklista beteranoa. Halako egun baten beharra zuen, erlojupekoan hirugarren izan eta gero. Orduan aurretik izan zituen Chloe Dygert estatubatuarra eta Van der Breggen, baina, larunbatean, ezin izan zuen inork ere jarraitu. Bi minututik gorako aldea zabaldu, eta tinko eutsi zion amaierara arte. Azkenean, 2.15era iritsi zen van der Breggen, 2.28ra Amanda Spratt australiarra, eta 3.24ra Dygert. Hots, beste mundu batekoa izan zen Van Vleutenen jarduna.

Garaipen preziatua lortu zuen herbeheretarrak. Erlojupekoan bi aldiz izana zen munduko txapeldun, 2017an eta 2018an, baina errepideko proba irabazi gabea zen oraindik. Bada, arantza atera du, eta, hala, ametsetako garaipen zerrenda osatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.