Idoia Etxeberria. Harri-jasotzaile ohia

«Azalpen asko eman behar izan ditut, baina ez dago atzera-bueltarik»

Arazo fisikoek eta ilusio faltak asko zaildu dute bere lana azken urtean, eta erretiroa hartzea erabaki du, ustekabean. 25 urte baino ez dituen arren, hamabi igaro ditu plazatik plazara, eta bereak dira emakumezkoen markarik onenak.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko uztailak 6
Igandean, Usurbilen, hirugarren txapela jantzita eman zion hamabi urteko ibilbide oparoari agurra Idoia Etxeberriak (Orio, Gipuzkoa, 1992). Askorentzat sorpresa izan zen, baina azkenaldian motibazioa galduta ibili dela aitortu zuen. Tartean joan dira hainbat marka. Baita zortzi txaleko, hamabi harri ezberdin eta denbora honetan guztian erabilitako gerriko bakarra ere. Umoretsu eta aldarte onez dago, lasai.

Igandean, Euskal Herriko txapeldun izatea lortu zenuen hirugarrenez. Gustura lanarekin?

Oso gustura; gehienbat, bukaeran sentitu nuelako nire onena eman nuela.

Ilusio berezia egin zizun mezurik jaso al zenuen?

Bai, Alatzne Etxaburuak eta Igor Esnaolak bidalitakoak. Haiek ere nire antzera daude, sega uztekotan baitira. Azkenaldian asko hitz egiten dugu elkar, eta berezi sentiarazten dizute.

Nola ospatu zenuen?

Familiakoekin eta lagunekin bazkaltzera joan nintzen. Gero, anaiak erakustaldia zuen Aristerrazun, eta hara joan ginen. Hura amaitzean, erromeria zegoen, eta hantxe ibili ginen. Ez nuen etxera joateko gogorik!

Txapeldun zinen, eta kolpetik erretiroa hartuko zenuela esan zenuen.

Askok pentsatu zuten bero kolpe baten ondorioz hartutako erabakia izan zela [barreak]. Askok galdetu zidaten ea egia zen esaten ari nintzena. Baina aspaldi hartutako erabaki bat zen. Ez du atzera-bueltarik.

Zergatik utzi duzu?

Ez da arrazoi jakin batengatik izan. Ni ez nago berdin, animo aldetik behintzat. Ikusi dut ez dudala lehen nuen ilusio hori. Gaur egun, askotan, entrenatzera joatea ere gainkarga bat bezalakoa da. Urtarrilean, lesio bat ere izan nuen, eta arnasa hartzeko ere arazoekin ibili naiz. Hiru hilabeteko geldialdia gomendatu zidaten. Marka egitera joateko garaia nuenean, debekatu egin zidaten harria jasotzea. Martxora arte geldirik egon ondoren, maiatzean deitu zidaten, txapelketa uztailean izango zela esateko.

Arazo gehiegi denbora gutxian.

Bai. Orduan esan nion neure buruari: «Merezi al du horrela ibiltzea?». Ez nengoen ondo. Baten batek erakustaldi baterako deitzen baninduen, konpromiso batean jartzen ninduen. Bi anaiak lanean ari dira, mutil-laguna ere bai... Bakarrik gaizki ibiltzen naiz, eta ,horrelakoetan, Joseba Ostolazak lagundu izan nau, baina haren lana albo batera utzita etorri izan da.

Hala ere, azken txapelketa jokatu nahi izan duzu. Zergatik?

Bai, Karmele Gisasolari eta Julia Martinezi deitu nien lehendabizi. Uztekotan nintzela, eta galdetu nien ea txapelketa antolatzen lagunduko ote zidaten. Federaziora abisua pasa eta hurrengo egunean, Karmelek deitu zidan esanez biak izena emanda zeudela, eta entrenatzen hasteko. Gauza asko eskertu behar dizkiet biei, txapelketa jokatzeko ilusio handia zuten, baina niri mesede bat egiteagatik ere eman zuten izena hein handi batean. Haiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako txapelketa antolatzea.

Ilusiorik gabe zenbiltzala diozu. Zer dela eta?

Bai, batere gogorik gabe nenbilen azkenaldian. Anaiek egin beharra zegoela esaten zidaten arren, ez nuen freskotasunik, eta horrela zaila da aurrera egitea. Gauza askorekin errudun sentitu izan naiz. Erakustaldiren bat itxi, anaiari komentatu laguntzeko, eta hark beste konpromisoren bat hartuta agian. Nire galdera beti bera izaten zen: «Eta ezin al zara geroago joan?» Zenbatetan egin izan ote diodan.

Ez al zara gazteegia uzteko?

Asko 25 urterekin hasi egiten dira herri kiroletan, eta ni berriz uztera noa. Oso gazte hasi nintzen, 14 urterekin, eta oso gertutik bizi izan dut dena. Hasieratik, erakustaldi askotatik deitzen zidaten, modan zegoen harri-jasotzea, eta gainera beste bi neska ere ibiltzen ziren, Mari Jose Sardon eta Miren Urkiola. Orduan antolatu zuten lehen txapelketa.

Askok ez dute ulertu 25 urterekin erretiroa hartzea.

Ez, askok esan didate. Esaterako, Donato Larretxeak eta Agustin Ostolazak. Danba bota zidaten, «25 urterekin, duzun sasoiarekin utzi!». Nik zera erantzun nien: «Nireak egin du!». Eta haiek atzetik; «Guk zer esango dugu orduan?». Azalpen asko eman behar izan ditut, baina denak aldarte onean izan dira. Askok oso erabaki ona izan dela esan didate.

Hamabi urte joan dira bidean. Azkar pasatu al zaizkizu?

Bai, oso. Bakardadearekin antzeman ditut gehienbat. Hainbeste urtetan egon naiz tiraka eta tiraka... Lehen urte haietan oso giro ona geneukan hiruren artean. Leku askotatik deitzen ziguten, askotan hirurak izaten ginen… Lehen erakustaldi haietan beldur handiarekin joaten nintzen. Handik gutxira, biek utzi egin zuten, eta nahiko bakarrik gelditu nintzen. 2014an, Estitxu Almandoz animatu zen txapelketara, baina handik gutxira ere txapelketak utzi zituen. Orain berriro ere hiru ibili gara.

12 urterekin hasi zinen.

Hala da, bai. Aita ibiltzen zen Orion sokatiran ibiltzen ziren gazteei erakusten. Hiru laguntzaile ibiltzen ziren herri kiroletan, tartean Pello Saizar Luxarbe, eta orduan Itsaso Legorburu bakarrik ibiltzen zen harria jasotzen. Behin hura ikusi, eta nik ere probatu nahi nuela esan nion aitari. 35 kiloko egurra jaso nuen egun hartan, eta 55 kiloko zilindroa ere bai. Amari ez zion grazia handirik egin, baina...

Orain pena handiarekin omen dago ama.

Bai, berak handiena [barreak]. Orain nola utziko dudan esaten dit! Esana nion azken txapelketa ondo ateraz gero utziko nuela.

Gogoan al duzu lehen plaza?

Aizarnazabalen [Gipuzkoa] izan zen. Hasiberria nintzen, 55 kiloko zilindroa eta 42 kiloko borobila jaso nituen. Zeharo urduri joan nintzela gogoratzen dut, eta familia osoa joan zela ikustera.

Egun txar asko pasatu al dituzu plazetan?

Bakarra dut gogoan, Aian [Gipuzkoa]. 2010eko martxoaren 27an izan zen.Trabatuta gelditu nintzen kubikoarekin. 17 urte nituen, eta etxean erraz altxatzen nuen harria. Zortzi altxaldi egitera joan, eta bi egin nituen. Ezina nabaritu nuen, eta, gainera, Aiako plazak badu zerbait berezia… Lehen lau jasoaldiak ustelak izan ziren, eta, gero, beste bi egiteko gai izan nintzen. Jota gelditu nintzen. Asko kostatu zitzaidan egoera hari buelta ematea. Gainera, jendeak zera esaten zuen: «ikusi dugu trebezia baduzula, baina ezin...». Hori zen txarrena

Lesiorik ere ez zaizu falta izan.

Bai, beti izan ditut arazoak. Urtebete ere pasatu nuen geldirik gerritako minez, bizkarrezurrean arazo bat aurkitu zidatelako. Ez zela txarra esan zidaten, baina zaintza berezia behar nuela.

Gerora ezagutu zenuen Jose Ramon Unanue, zure lehen entrenatzaile ofiziala.

Lehen bi urteetan luxarbetarrekin ibili nintzen, baina hark esan zidan jada berak ezin ninduela entrenatu, erabateko ardura behar nuela handik aurrera. Aiako desastrearen hurrengo egunean erabaki bat hartu behar izan nuen: utzi edo serio jardun. Serio hastea erabaki, eta Jose Ramon Unanuerengana joan nintzen fabore eske. Hark entrenatzea nahi nuen, banekielako Goenatxo eta Ostolaza ere harekin ibilitakoak zirela. Segituan esan zidan gogorik banuen hark lagunduko zidala. Urte oso batean, egunero egunero, etxe aurrean jaso eta Usurbilera [Gipuzkoa] eramaten ninduen entrenatzera. Bi edo hiru ordu entrenatzen ibili eta berriro etxean uzten ninduen. Izugarrizko harremana egin genuen. Askotan hala esaten zidan: «Zu zara inoiz izan ez dudan alaba».

Hura galtzea izan omen zen kolperik gogorrenetakoa.

Bai, zalantzarik gabe. Orduan bai, orduan dena utzi nuen! Ez nuen ezertarako gogorik. Depresio bat pasatzen ari nintzela esaten zidaten, zerbaiten falta nuela. Handik urtebetera, Luxarbek deitu zidan berriro ere txapelketa antolatu nahi zutela eta prestatzen hasteko. Telefonoa utzi, eta anaiei esan nien berriro ere hasi behar nuela. Anaiek baietz, Jose Ramonentzako omenaldirik onena hura zela, berriro ere hastea.

Zer izan da ibilbide honetako gauzarik gogorrena?

Markak egin osteko hurrengo eguna. Dena amaitu dela ematen du, izugarrizko hutsunea nabaritzen da. Marka egiteko egunera arte ondo moldatzen nintzen, baina behin dena pasatzen denean... Uf, hankak gogortuta, buruko minak, giharminak... Markak lortzean denak poza eta zoriona behar zuenean, aurkako sentimendua izaten nuen.

Ostolazarekin hasi zinen gero. Zer irakatsi dizu urte hauetan?

Tenplea izaten. Une bakoitzean zer egin behar nuen irakatsi zidan, txapelketa aurretik, egunean bertan, ondoren… Zein harrirekin berotu, zein harrirekin estutu… Diziplina oso garrantzitsua da kirol honetan ere. Oso pixkanaka eta seguru joan den entrenatzailea izan da Joseba. Pauso gutxi, baina indartsuak.

Urte hauetan guztietan sakrifizio asko egin al dituzu?

Batzuk bai, baino gustura. Askotan, lagunek deitzen zidaten esanez afaria zegoela eta gero parranda egiteko asmoa zegoela, eta nik zera pentsatzen nuen: «Nik nahiago bihar erakustaldira joan». Parranda ondo dago, baina beti...

Baskula arazo handia izan al da zure kirol ibilbidean?

Lotsarengatik bai, jendearekiko lotsarengatik. Epaileek harri-jasotzaile bakoitzak duen pisua esango ez balute, beste gauza bat izango zen. Gizonezkoei berdin zaie, baina emakumeekin ezberdina da. Zergatik esan behar da bakoitzaren pisua!

Zer esaten dizu 2010eko abuztuaren 10ak?

Miren Urkiolaren aurka jokatutako lehen txapelketa izan zen. Batera entrenatzen ginen. Hura ikusten nuenean, zera pentsatzen nuen: «Jasoko al dut nik halakorik?». Garai hartako bitxikeria bat badaukat. Txapelketaren aurreko egunetan entrenatzen ari ginela, zera esan zidan: «Idoia, txapela zure neurrikoa eskatu, e!». Brometan ari zela pentsatu nuen. Niretzat izugarria izan zen hori entzutea. Hura izan da nire erreferentea urte askotan.

Osasuntsu al dago herri kirola?

Bai, oso. Ni sartu nintzenean baina jende gehiago dabil, eta hobea.

Eta emakumeena?

Lehen osasuntsuago zegoela uste dut. Esaterako, Karmelek eta Juliak, azken txapelketan aurkari izan ditudanak, urtebete daramate harri jasotzen. Uste dut emakume harri-jasotzaileen mailarik onena 2010. urtean izan genuela, lehen txapelketa hartan. Aizkoran, berriz, aurkakoa pasatzen ari da. Lehen ez zegoen, eta orain gu baino indar handiagoa dute.

Eta hemendik aurrera, zer?

Fraisoron basozain izateko ikasketak egin ditut, eta lanean aritzea gustatuko litzaidake. Animaliekin, ganaduarekin...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna