Martin Agirregabiria. Alaveseko jokalaria

«Azkar pasatu da azken urtea, baina gozatu dut»

Datorren ostiralean urtebete izango da Martin Agirregabiriak Alavesen lehen taldean debuta egin zuela. «Pozik» dago eginiko bidearekin, baina gehiagoren «gose» da.

JUANAN RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Ligako ezusteko nagusi bilakatu da Alaves, baina taldean «oinak lurrean» dituztela azpimarratu du Martin Agirregabiriak. Abelardo Fernandezen mezuari jarraiki, azaldu du mailari eustea dela, oraindik ere, helburu bakarra. «Estimu handia» ei dio Abelardori, haren aginduetara finkatu baita maila gorenean. Iazko azaroaren 30ean jokatu zuen estreinakoz Alavesen talde nagusiarekin, eta geroztik urte ederra osatu du: ezinbesteko bihurtu da arabarrentzat, eta debuta egin du euskal selekzioarekin. Eta hori guztia, 22 urte eskas izanda.

Gaur berrekingo diozue lehiari, Leganesen. Zer moduz iritsiko zarete?

Geldialdi hauek onak dira lan taktikoa eta fisikoa egiteko. Taldea bolada onean dago, bai sailkapenari dagokionez, bai sentipen aldetik. Gainera, niretzat etenaldi ezberdina izan da, estreinakoz aritu bainaiz 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin. Oso esperientzia ona izan da, baina, tira, orain horretaz ahaztu eta Alavesi begira jartzeko garaia da. Gaur, bolada onari jarraipena emateko gogoz jokatuko dugu.

Zuen aldean, gozakaitz dabil Leganes: jaitsieran da. Ustez, aukera ona duzue irabazteko.

Sailkapeneko egoera dena delakoa izanik ere, Lehen Mailan talde guztiak dira lehiakide oso gogorrak. Leganesek baditu bere baliabideak aurkariei gauzak zail jartzeko, eta, gainera, etxean nahiko txukun dabil. Adi ibili beharko dugu; arreta galduz gero, zaila izango da hiru puntuak lortzea. Anbizioz jokatzen saiatuko gara.

Laugarren zarete. Zenbateko balioa ematen diozue horri?

Guk badakigu zein talde garen. Gure helburua Lehen Mailan urte gehiagoz aritzea da. Hori lortzeko, bide onean gaude, eta, oraingoz, ez diogu beste ezeri begiratzen.

Hala ere, ederra izango da zuen burua Bartzelona, Atletico Madril, Real Madril eta enparauen inguruan ikustea.

Hala da. Taldea oso ondo dabilela erakusten du horrek. Baina oinak lurrean ditugu; garbi dugu Alavesen helburua zein den, eta ez gara hortik irten behar.

Martxa honetan, aise eutsiko diozue mailari. Izan ere, hamabi partida eskasetan lanen erdiak baino gehiago egin dituzue 23 puntu zakuratuta.

Erritmo ederra hartu dugu, eta egoerak itxura ona dauka. Baina oraindik lan asko dugu egiteko. Puntu dezente lortu dugu orain arte, baina asko gelditzen zaizkigu helburua lortzeko. Oraindik ez dugu ezer egin. Gaur aurkari zuzen baten kontra jokatuko dugu, eta horrek balio handia ematen dio gaurko lehiari.

Zuretzat, zein da Abelardoren Alavesen sekretua?

Lana umiltasunez eta norabidea garbi izanda egitea. Gainera, giro oso ona dago taldean, eta kalitate handiko jokalariak ditugu. Eta, noski, talde teknikoa gauzak oso ongi ari da egiten. Labur esanda: lana, ilusioa eta lehiakortasuna dira Alavesen arrakastaren gakoak.

Oso argi duzue egitekoa. Fede itsua duzue Abelardoren planteamenduan. Menturaz, ez da jokamolderik ikusgarriena, baina oso eraginkorra ari da izaten.

Jokatzeko modu ezberdinak daude futbolean, eta denak dira errespetagarriak. Gure estiloarekin oso gustura gaude, eta emaitzek erakusten dute hautu egokia dela. Etxea azpitik eraiki behar dela esan ohi da, eta gu hori zelaian ari gara aplikatzen, defentsan lan sendoa eginez. Atzean seguru aritu eta gol gutxi jasota, badakigu gero aurrean kalitate handiko jokalariak dauzkagula. Markagailuan aurrea hartzen dugunean, aukera asko izaten ditugu partidak irabazteko, oso zaila baita guri golak sartzea.

Nolako entrenatzailea da Abelardo?

Oso jatorra. Pertsona normala eta hurbila da, eta, entrenatzaile moduan, gauzak oso ondo transmititzen ditu. Sekulako lana ari da egiten bere laguntzaileekin batera. Entrenatzaile ezin hobea da Alavesentzat.

Zuk asko zor diozu, hark eman baitizu lehen taldean finkatzeko aukera.

Oso eskertua natzaio, eta estimu handia diot. Hark konfiantza handia eman dit, eta uste dut ni ondo ari natzaiola erantzuten.

Ia urtebete da lehen taldearekin debuta egin zenuenetik. Bideaz gozatzeko betarik izan duzu?

Dena azkar pasatu da, baina gozatu dut. Egunerokotasunean gustura aritzea eta duzunari balioa ematea da lanean gogotsu jarraitzeko gakoa. Pozik nago egin dudanarekin, eta uste dut aurretik datorkidana ere ona izango dela.

Ingurukoak jada ohitu dira zu fokupean ikustera?

Bai, ohitu dira, ez baitago besterik. Oso pozik daude; berotasun handia sentitzen dut ingurukoen eta zaleen aldetik. Horrek indarra ematen dit lan egiten jarraitzeko.

Eta zuk ikusten al duzu fokuek itsutzeko arriskurik?

Pertsona gisa ez aldatzen saiatzen naiz. Ez naiz aldendu behar honaino ekarri nauen bidetik. Gero, beti dago zer hobetua alor fisikoan edo nutrizio kontuetan. Nire jokorik onena lortzeko dihardut lanean.

Ez dago edonoren esku 22 urterekin gorengo mailan finkatzea. Alavesen, zu zara azkenaldian lehen taldean tokia lortu duen harrobiko gazte bakarra.

Egia da azken urteotan harrobitik atera diren jokalariak gutxiago direla inguruko taldeetan atera direnak baino. Ordea, uste dut Alaves lan oso ona ari dela egiten harrobian. Niretzat, badira pausoa eman dezaketen jokalariak, baina lehen taldean lekua lortu ahal izatea faktore askok baldintzatzen dute. Nire ustez, etorkizunean harrobiko jokalari gehiago ikusiko ditugu talde nagusian.

Duela urtebete baino jokalari hobea al zara orain?

Hobera egin dut; hobetu ezean, atzean gelditzen zara. Baina, era berean, oraindik hasiberria naiz, eta bide luzea gelditzen zait aurretik. Helburua hobetzen jarraitzea eta taldeari ahal den gehien laguntzea da.

Zer duzu hobetzeko?

Denetarik. Esaterako, kontzentrazio aldetik hobetu dezaket. Bidea garbi dut: hutsegiteak egunero ondo lan eginda eta partidak jokatuta konpontzen dira.

Geldikako jokaldi batzuetan kale egin duzu zaintza lanetan. Abelardoren errietarik entzun behar izan duzu?

Jokaldi horietan garesti ordaintzen dira hutsegite txikiak, baina hanka sartze horiek nire ikasketa prozesuaren parte direla uste dut.

Beste postuetan ere jokatzen ari zara pixkanaka: eskuin hegaleko atzelaria zara, baina sasoi honetan ezker hegalean ere bazabiltza. Eroso zaude bertan?

Ez da eskuinean aritzea bezala, orientazio aldetik dena aldatzen zaizulako. Dena den, nahiko txukun aritu naiz. Taldeak beharra duenean, arazorik ez dut postu berrietara moldatzeko.

Hain zuzen, ezker hegalean jokatuta sartu duzu lehen gola Alavesekin. Orain dela hiru aste izan zen, Espainiako Kopan, Gironaren aurka. Nola oroitzen duzu?

Gol dotorea izan zen, bai, bi aurkari atzean utzi bainituen. Hori bai, oraindik ez gara sailkatu. Lortuz gero, golari are balio handiagoa emango diot.

Horrez gain, euskal selekzioarekin jokatzeko aukera ere izan duzu, non eta Mendizorrotzan. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso polita izan zen. Mendizorrotzan jokatu zenez, familia eta lagunak harmailetan izan nituen. Giro ikusgarria egon zen, eta jokalariok itxura txukuna eman genuen. Halako partidek ofizialtasunerantz pausoak emateko balio dute.

Zure jardunak klub askoren arreta piztu du. Azken hilabeteetan zu fitxatzeko Athleticen eta Realaren balizko interesaz hitz egin da. Nola bizi duzu egoera hori?

2022ra arte dut kontratua Alavesekin, eta eguneroko lanean besterik ez dut burua. Egungo futbolean, zurrumurruak eguneroko ogia dira, eta nik ez diet jaramonik egiten. Lasai nago. Alavesen etxean nago, senide eta lagunez inguraturik. Ezin dut gehiago eskatu.

Jokalari gisa hobetzeko klub egokia ematen du Alavesek.

Bai. Alavesek hirugarren sasoia du jarraian Lehen Mailan. Asko ari da hazten klub moduan, eta hori oso ona da bai jokalariontzat, bai hiriarentzat. Ni Gasteizko gazte bat izanik, Alavesen aritzea sekulakoa da. Ilusio handia egiten dit.

Euskalduna zara. Zenbateko presentzia du euskarak klubean?

Gutxi gara euskaraz dakigunok; lehen taldean, hiru besterik ez: nitaz gain, Ibai Gomez eta Manu Garcia ere moldatzen dira euskaraz. Hori bai, mediku eta fisio asko gasteiztarrak dira, eta entzuten da euskara apur bat. Inguruko klub batzuetan baino presentzia txikiagoa izan arren, uste dut Alavesen geroz eta gehiago entzuten dela euskara, hirian gertatzen den bezala. Oso garrantzitsua da hori. Euskara gure hizkuntza da, eta erabili egin behar da.

Gaur abiatu da Euskaraldia. Zu Gasteizko hamaikakoan zaude. Zer rol hartuko duzu?

Ahobizi izango naiz. Lehen hitza euskaraz egiten saiatzen naiz beti, eta egun hauetan berdin jokatuko dut. Taldekide gehienak kanpokoak dira, baina moldatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.