Eneko Llanos. Triatleta

«Behar nuen emaitza on bat, nitaz pentsatzen nuena berresteko»

Azaroaren 18an, Arizonako (AEB) Ironmana irabazi zuen Eneko Llanosek. Gasteizko triatletak lasterketa «borobila» eginda lortu zuen garaipena, eta harekin, Konako Munduko Txapelketarako sailkatzea. 2019an itzuliko da hara, hamahirugarrenez.

BASQUE TEAM.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Patxadatsu dago Eneko Llanos. Patxadatsu, eta pozik, aspaldiko partez, ironman bat irabazi baitu, Arizonakoa (AEB), joan den azaroaren 18an. Garaipen horren zaporea ahoan du oraindik. Ez da gutxiagorako; aitortu du «pisu bat gainetik kendu» duela bere onena berriz emanda, eta, garaipenak berak baino, lasterketa hartan izan zituen «sentipen onek» gogobetetzen dutela. Datorren sasoia prestatzen hasi aurretik, «atseden» hartzen ari da egun, baina bi aste soilik egin ditu geldirik: «Kirol pixka bat egin dut, harra kentzeko».

Jada hiru aste igaro dira Arizonako Ironmana irabazi zenuenetik. Zein da patxadaz egin duzun interpretazioa?

Ona. Positiboa, aspalditik egin nahi nuen lasterketa egin nuelako. Urte asko neramatzan nahi nituen sentipenak aurkitu ezinik, nahi bezala lehiatu ezinda. Arizonan neure buruarekin gustura geratu eta ironman bat hasieratik bukaerara ondo egiteak sekulako poztasuna eta lasaitasuna eman dizkit. Berriro beste emaitza on bat lortzeak konfiantza irabaztea ekarri dit, eta lasaitasuna ere bai, datorren urtean Konako [Hawaii, AEB] Munduko Txapelketan aritzeko sailkatu bainaiz.

Zure onena erakutsiko zuen lasterketa bat egiteko beharrean al zeunden?

Bai. Denbora neraman ondo entrenatzen, neure buruarekin ondo sentitzen. Banekien maila ona nuela, baina, gauza batengatik edo bestearengatik, gauzak ez zitzaizkidan nahi bezala ateratzen. Sabeleko arazoekin-eta ibiltzen nintzen, eta ez nuen nire onena ateratzea lortzen. Behar nuen halako emaitza on bat, neure buruaz pentsatzen nuena berresteko,

Zeintzuk izan ziren Arizonako garaipenaren gakoak?

Batez ere, korrikako saioa. Hor erabaki zen lasterketa. Nahiz eta igerian eta bizikletan ondo aritu, lasterka ez bada lana borobiltzea lortzen... Igerian eta bizikletan ondo egin nuen, eta korrika aurreneko postuetan hasi nintzen, eta ondo heldu nion; maratoi erdira osorik iritsi nintzen, sabeleko arazorik gabe. Indartsu nengoen, eta ohartu nintzen maratoi on bat egin eta lasterketa ona egiteko aukera nuela. Lehen postua eskuratu nuen; horri heldu, eta garaipena lortu nuen. Azken zatian egon zen gakoa, nire ustez.

Atzetik aurrera egin zenuen lasterketan. Konfiantza eman zizun horrek?

Ironmanetan ikusi egin behar da nor duzun aurrean, zure lehiakideek zein ezaugarri dituzten. Banekien aurretik zihoazen biak oso txirrindulari onak direla eta, agian, korrika ez zirela horren fin ibiliko. Lasterka hastean esan ziguten sei minutura geneuzkala, eta banekien maratoi ona eginda aurrea hartzeko aukerak izango nituela. Pixkanaka, aldeak murriztu genituen, eta horrek gorakada bat egitea ahalbidetu zidan, aurrera egiteko.

Garaipena liberazio bat izan da?

Urte askotako etsipen horri, gauzak ezin egin horri amaiera eman dio. Konfiantza berreskuratu eta adinean aurrera joan arren, baieztatu dut oraindik sasoian nagoela. Egia esan, pisu pixka bat kendu dut gainetik.

Konarako sailkatu zara Arizonan irabazita. Hori zen helburu nagusia?

Ez; egia esanda, helburua lehiaketa on bat egitea zen: maratoi on bat egitea, sabeleko arazorik ez izatea... Horren bila nenbilen. Horren ondorioz etorri da garaipena. Nik neure buruarekin gustura geratu nahi nuen, eta lasterketa ona egin. Nahi nuen 2019rako Konarako sailkatu, eta lasterketa on baten ondorio izan da hori; helburu nagusia errendimenduarekin pozik egotea da. Horrekin geratzen naiz, nahiz eta Arizonako garaipena eta Konarako sailkatzea garrantzitsuak izan.

Hamabi urteren ostean, aurten ez zara Konan aritu. Horrek prestakuntza aldarazi dizu?

Ikusi nuenean ez nintzela Konarako sailkatuko, txipa aldatu, eta aurten denboraldi amaiera ona egitean jarri nuen arreta. Udazkenean atseden hartu nuen, eta gero buru-belarri prestatu nuen Arizonako Ironmana. Ez da gogorra izan: beste era batera prestatu dut urtea, baina oso gustura ibili naiz.

Zer du Konak beste lekuek ez dutena?

Gure proba nagusia da. Han sortu zen ironmana; aurten, 40. aldia zen, eta gure kirolaren historia da. Han egiten dira lasterketa garrantzitsuenak, eta hori du bereizgarri nagusia. Baita lekua ere: Hawaii izatea, irlaren egoera... Guztia batzen da, eta xarma berezia du. Triatloiko erreferentzia nagusia da.

Proban parte hartu ez, baina sare sozialetan zure partaidetzen irudiak jarri zenituen aurtengo lasterketa gerturatzen ari zen heinean.

Urte asko izan dira ironman hori egiten; lasterketarekin eta lekuarekin dudan harremana berezia da. Urtero joaten naiz urri aldera, eta gauza asko bizi izan ditut han. Nire bizitzaren parte da, eta berezia da niretzat.

Bertan aritzeko puntuazio sistema aldatu egin dute berriki. Zer iruditzen zaizu?

Zaila da. Lehen ranking sistema bat geneukan, eta bazituen bere zailtasunak, baina orain ez da batere erraza. Arizonan zortea izan genuen, hiru leku baitzeuden, baina beste edozein probatan toki bakarra izango da jokoan, eta Konara joan ahal izateko irabazi egin beharko da edozein ironmanetan. Gaur egun dagoen mailarekin ez da erraza. Nik, zorionez, hori gainetik kendu dut, dagoeneko sailkatu bainaiz. Sistema sinpleagoa da, kalkulurik ez baituzu egin beharko, baina rankingak erraztu egiten zuen; hirugarren edo laugarren geratuta, puntuak pilatzen zenituen, eta, beste lasterketekin batuta, sailkatu. Orain, lasterketa borobil bat egin eta irabaztea lortu behar duzu.

Dagoeneko Konara begira zaude; osatu zara bizkarrean izan zenituen arazoetatik?

Bai, fisikoki ez daukat ezer. Orain atseden hartzen ari naiz; Arizonaren ondoren bi aste ezer egin gabe egon naiz, eta pixka bat hasi naiz, baina oraindik ez naiz hasi entrenatzen. Oraindik ez dut egutegia zehaztu; badakit urrian Konara joango naizela, eta horren arabera prestatuko dut. Oraingoz, lasai nago, presarik gabe nabil.

Egutegia aipatu duzu. Uztailean jokatzen den Gasteizko distantzia luzeko proba Ironman zirkuituan sartuko da 2019an. Baduzu proba horretan parte hartzeko asmorik?

Bai. Gasteizen beti hartu nahi izan dut parte. Gure triatloia da, etxean da, eta berezia da. 2012ko Munduko Txapelketatik parte hartu gabe nago bertan. Emaztea bai, lehiatzen da bertan, baina niri ez zait egokitu. Aurten, aukera bat izan daiteke; oraindik ez dut erabaki, baina gustuko dudan aukera bat da.

Ironman markan sartzeak zer onura ekar diezaioke Gasteizko triatloiari?

Atzerriko jende gehiago etorriko da, eta hemengo giroa ezagutaraziko da. Ironman markaren barruan sartzeak erakargarriagoa egingo du kanpoko jendearentzat; nazioartean ezagutaraziko da, eta jendeak hemengo zirkuituak eta giroa ezagutzea polita izango da.

Distantzia erdikorik badaukazu aurreikusita? Zarautzen askotan irabazitakoa zara, eta estimu handitan zaituzte.

Gustatuko litzaidake etxetik gertu gehiago lehiatzea, eta gogoko ditudan probetan lehiatzea. Zarauzkoa gogokoenetariko bat dut, eta aukera bat da. Halere, ikusi beharko da egutegia nola dagoen, baina buruan daukadan zerbait da. Gauza interesgarriak daude egiteko, eta gustatu litzaidake horietan, Zarautzen-eta, parte hartzea.

Triatloia modan dagoenkiroletako bat da. Gaur egun osasuntsu dagoela uste al duzu?

Bai. Uste dut bai Euskal Herrian, bai mundu osoan, triatloia oso momentu onean dagoela. Gero eta partaidetza handiagoa dago, eta triatleta asko ikusten dira igerian, errepidean eta kaleetan lasterka. Uste dut triatloiak osasun ona duela, baita kirol aldetik ere. Gainera, gero eta proba gehiago daude.

Esango zenuke arlo ekonomikoan ere osasuntsu dagoela?

Hori beti da zaila. Babesle onak lortzea gero eta zailagoa da. Zorionez, ni orain artean ezin izan naiz kexatu. Laguntza handia izan dut, babesle onak izan ditut urte askoan, eta harremana izan dut haiekin. Horietako asko etxekoak izan dira, gainera. Alde horretatik, ez dut kexarik, baina egia da triatloian profesionalki aritzea ez dela erraza. Nik lortu dut, bai, baina jende asko dago ona dena eta, oso ondo aritu arren, halakorik lortu ez duena.

Zein gomendio emango zenizkioke triatloian lehendabiziko pausoak ematen ari den kirolari bati?

Hasten ari denari? Batez ere, gauzak lasai har ditzala. Jende asko dago inoiz kirolik egin gabe edo oso esperientzia gutxi izanda zuzenean ironman bat prestatzeari ekiten diona. Hargatik, distantzia luzean hasi nahi duenari esango nioke ironman bat egin nahi baduepe ertain edo luzera planteatzeko. Lehendabizi, egin ditzala proba motzagoak; ironman erdiak edo. Hortik aurrera, gauzak pixkanaka-pixkanaka egitea aholkatuko nioke. Ironman bat ez da helmuga zeharkatu eta ironman bat zarela entzutea [hala oihukatzen du probako esatariak, kirolariak helmuga zeharkatzen duenean]; uste dut denbora luze batean osatu behar den prozesu bat dela. Prozesu hori gozatu egin behar da, eta ikasi egin behar da prozesu hori aurrera eramaten duzun bitartean. Ez da helmuga bat zeharkatzea bakarrik; helmuga igaro eta ironman izendatua izateko norberak bere arrazoiak izango ditu, baina bidean beste gauza asko utzi edo galtzen ditugu. Prozesu hori pixkanaka-pixkanaka egin behar da, eta horretaz guztiaz ere gozatu egin behar da. Hori guztia ez aprobetxatzea edo igarotzen uztea... Bizitzak aurrera egiten du une horietan ere, eta, horregatik, gauza horiez ere gozatu egin behar delakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.