Imanol Alguacil. Realeko entrenatzailea

«Errespetua irabazi behar dut nire lanarekin eta emaitzekin»

Azken txanpari heltzeko ordua iritsi zaio Realari, eta Imanol Alguacil prest dago «lan izugarria» egiteko. Entrenatzaile oriotarrak egunerokoan du arreta, eta esan du Europak «ondorio bat» izan behar duela.
JON URBE / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2019ko martxoak 26
Ezohiko itxura du Zubietak. Geldirik dago Espainiako Liga, eta nabari da hori: hutsik daude zelaiak. Asteko estreinako entrenamenduaren aurretik izan da hitzordua Imanol Alguacilekin (Orio, Gipuzkoa, 1971). Elkarrizketak ematen igaro ditu azken egunak, eta «asko» izan direla dio. Azken solasaldia egin, eta zelaira itzultzeko prestatuko da. Han aritzen den moduan, natural-natural, erantzun ditu galderak.

Hausnarketarako egunak izan dituzu. Zer ondorio atera dituzu?

Bereziki, azken partidak ikusita, talde lehiakorra izateko geldikako jokaldietan asko hobetu behar dugula. Hor egon dira azken puntuek ihes egiteko akatsak. Nire ustez, orain artean joko aldetik gauza politak egin ditugu. Geldikako jokaldiek zigortu egin gaituzte.

Orain arteko bilakaera ona eten dute azken bi emaitzek. Garai txarrean etorri dira.

Bai, egia esan. Nik taldea hartu nuenetik gorantz egin genuen, eta joko aldetik ere gustura nengoen. Pena izan da horri jarraipenik ez ematea. Egia da bi partida direla 11tik, ez direla asko, baina min egiten du. Aurkarien geldikako jokaldi horiek ezagutzen genituen, landuta geneuzkan, eta horrek min handiagoa egiten du.

Puntu horiek galtzeko moduak egin dizu minik handiena?

Bai, Sevillakoak min handia egin zigun [5-2 galdu zuen Realak], 25 minutu oso txarrak egin genituen, lehen zati on bat egin ostean. Kezka sortu zigun; 25 minutu horietan denetarik gertatu zen. Levanteren aurkakoa ezberdina izan zen; nire ustez, oso partida ona jokatu genuen, eta ez genuen asmatu. Ez baduzu asmatzen, ondorioak izaten dira. Halaxe gertatu zitzaigun. Min egiten du, bereziki Levanteren aurka, horrenbeste gauza egin eta ez asmatzeak. Halako jokaldi batean gola jaso genuen, eta bi puntuk ihes egin ziguten. Baina hau horrela da, eta ikasi egin behar dugu berriro gerta ez dadin.

Geldikako jokaldietan min egiten dizuetela esan duzu. Zer egin daiteke hori konpontzeko?

Denetik pixka bat, defendatzeko modu asko baitaude. Dudarik gabe, despisteak egoten direnean zaila da, modu batean edo bestean defendatuta ere. Jokaldi horiek bideoan ikusita geneuzkan; bai guk, eta bai jokalariek. Landuta zeuden. Futbola halakoa da, eta batzuetan jokalariak zelaitik joan egiten dira, eta kasu horretan hori gertatu da. Nire ardura da, zalantzarik gabe, baina gauza batzuetan jokalariek eurenak hartu behar dituzte. Hutsegiteak banatuta daude, eta saiatzen ari gara berriz gertatu ez daitezen. Hala izan behar du, lehiakorrak izan nahi badugu behintzat.

Hori al da taldearen ahulunea?

Bai, garrantzitsuena bai. Bestelakoan, nahikoa gustura nago taldearekin; aurkariaren bila nola joaten den, duen ausardia... Jokoan ere ausartak ari gara izaten, eta atzetik jokatzean ere bai. Horretarako, ausardia puntu bat izan behar da, eta jokalariak horretan ondo ari dira. Gol aukerak ere izaten ari gara, baina ez gara asmatzen ari. Lehiakorrak izateko, [geldikako] jokaldi horietan beste agresibitate puntu bat izan behar dugu.

Taldeak aurrera egiteko gakoa da nortasuna izatea?

Bai, zalantzarik gabe. Jokatzeko orduan, presioa egiteko orduan... Uste dut hasieratik azaldu dugula hori, eta garrantzitsua da. Baina baita geldikako horietan ere; nortasunarekin aritu behar dugu. Akats handia dugu hor, eta horietan ere nortasun hori bilatu behar dugu.

Zein da, zure ustez, talde honen indargunea?

Ausartak izaten ari garela. Jokatzeko proposatzen dugun estiloarekin ausardia behar da, eta taldea hori azaltzen ari da. Nahiz eta batzuetan emaitza aurka izan, taldeak berdina egiten jarraitzen du: saiatzen segitzen du, eta hori garrantzitsua da entrenatzaile batentzat. Gero, presioa egiteko orduan, aurkariaren bila joaten gara, jakinda batzuetan horrek hutsuneak uzten dituela gure bizkarrean; baina horretan ere ausardia dugu. Hori da gure asmoa: gauza horiei jarraipena ematea.

Jokalari garrantzitsu asko min hartuta daude. Horrek ere eragingo du.

Nire ustez, talde lehiakor bat izateko, talde guztiarekin kontatu behar da. Argi dago jokalari batzuk bereziak direla, baina beste batzuk ere badaude, beren dohainekin, eta etekina atera behar diegu. Nire asmoa hori da; bat falta denean, besteak aukera aprobetxatzea. Nik, entrenatzaile gisa, etekina atera behar diet jokalari guztiei.

Kezkatzen zaitu aurrean Willian Jose bezalako erreferente bat ez egoteak?

Hor daude haren golak, eta ez dago zalantzarik, baina Mikelenak [Oiartzabal] ere badaude. Gehiago behar dugu, bai, eta egia da Willian Jose berezia dela. Baina baita Sandro eta Juanmi ere; Mikel bera ere hor dago, Bautista... Ezberdinak dira, bakoitza beren dohainekin. Garrantzitsua da beste jokalari horiek ere beren errendimendua eskaintzea.

Sandro aipatu duzu. Azken partidetan gertu izan du gola. Zer falta zaio goia jo dezan?

Asmatzea. Pena da, langilea baita, bai Zubietako egunerokoan eta bai partidetan. Ikusten duzue, oso langilea da. Gertu du gola. Garrantzitsua da horrelako jokalari batentzat, eta halako egoeretan, aukerak izatea. Bera ari da izaten. Pena bat da ez asmatzea, eta gertu dago. Horrela jarraitzea nahi dut. Ez dut dudarik saria iritsiko zaiola.

Sasoi honetan harrobiko zortzi jokalari aritu dira estreinakoz lehen taldearekin. Realaz duzun ideiatik gertu dago hori?

Bai. Kontua da gero zaila dela horri jarraipena ematea. Ni Realeko lehen taldeko entrenatzailea baldin banaiz, harrobiarengatik naiz. Argi dut hori. Beti egongo naiz harrobiko jokalariei eskertuta. Niri gustatuko litzaidake talde osoa harrobiko jokalariek osatzea, baina zaila da gaur egun txapelketa nola dagoen ikusita. Baina asmoa hori izango da. Hamaikakoan bertako 11 jokalari izatea izugarria litzateke, baina... Halere, horretan ari gara lanean. Bai harrobian, bai bigarren taldean, eta baita gu ere. Zalantzarik gabe, harro eta kontentu gaude zortzi izateaz, eta gustatuko litzaiguke horiek guztiek luzerako jarraipena izatea. Baina horretarako ere haiek lan handia egin beharko dute.

Bigarren taldeko prestatzaile izan zara oraintsu arte. Horrek bidea errazten die harrobiko jokalariei?

Ez. Esango nuke zailagoa jartzen diela. Nik eurei esan nien ez duela balio atea jotzeak, atea bota egin behar dela. Ni Sansen [Reala B] nengoenean, egunero aipatzen nien hori, eta, orain, lehen taldeko entrenatzailea izanda, berdin. Haiek ezagutzen naute, eta, alde horretatik, garbi dute mezua. Nik ez dut dudarik jokalari batzuek ate hori bota egingo dutela, eta merezitako saria jasoko dutela.

Abendu amaieran hartu zenuen berriz ere lehen taldearen gidaritza, Asier Garitano ordezkatuta. Nola hartu zenuen?

Erronka moduan. Hasiera batean, garbi esan nion presidenteari [Jokin Aperribai]: Asier [Garitano] izango zela taldea aurrera aterako zuena, eta berari jarraipena emateko. Baina nahikoa argi zuten aldaketa behar zuela taldeak, eta erronka moduan hartu nuen. Bigarren aldia da; iaz bederatzi partidako kontua izan zen, eta aurten luzeagorako da. Orain errespetua irabazi behar dut, bai nire egiteko moduarekin eta bai emaitzekin. Ea gai naizen denbora honetan errespetu hori irabazteko.

Aurreko aldiarekin alderatuta, erabat ezberdina da egoera.

Bai, Iazko proposamena nire aldetik heldu zen. [Sasoi] Bukaerara arte egongo nintzen, bederatzi partida soilik ziren, eta aurten alderantziz da. Urte eta erdirako eskaini didate, lana egiteko segida gehiago izateko, betiere Lehen Mailan jarraitutasun hori batzuetan motza izaten dela jakinda. Emaitzek behartzen dute gustukoak ez diren erabaki batzuk hartzera. Kasu honetan, espero dut aukera luzerako izatea, baina, horretarako, errespetua irabazi behar dut nire lanarekin eta emaitzekin.

Nola aurkitu zenuen taldea abenduan?

Halako egoeretan beti gertatzen den moduan: burumakur zegoen taldea. Ez zaio inori gustatzen entrenatzailea kaleratzea, eta iaz bezala aurkitu nituen jokalariak. Burumakur, eta minduta. Azken finean, badakite halako egoeretan beraiek ere zerikusia dutela. Halakoetan, burua altxatu behar da, eta uste dut hori nahiko ondo egin genuela. Segituan altxatu ginen, emaitza onak atera genituen, eta ea orain bukaeraraino mantentzen dugun.

Neurri berezirik hartu al zenuen?

Ez. Egunero niri gustatzen zaidan moduan lan egitea, eta ni jarri nintzenetik jokoa zer-nola bideratuko genuen. Ezer berezirik ez genuen egin. Zelaira atera, hor gustatzen baitzaigu lan egitea, eta partidak eta gure estiloa prestatzeari ekitea. Horrela bideratu genuen, eta, nire ustez, jokalariek ere konfiantza hartu zuten lanaren bidez.

Santiago Bernabeun irabaziz hasi zinen, eta bederatzi partida eman zenituzten galdu gabe. Hasiera ezin hobea izan zen

Bai, egia esan, oso ondo etorri zitzaigun Bernabeuko garaipen hura. Kopako partidak izan genituen erdibidean; Anoetan partida ona egin genuen Betisen aurka, eta pena izan zen aurrera ez egitea. [Athleticen aurkako] derbia etorri zen gero, Valentziaren aurkako partida, eta ondo aritu ginen. Leganesen aurkako garaipena etxean... Momentu batzuetan, taldeak erakutsi zuen gauza onak egin eta partidak aurrera ateratzeko gai zela, eta pena izan da azken bi partidetan gertatutakoa. Sevillako 25 minutu horiek kenduta, taldeak ez ditu gauzak gaizki egin, baina geldikako jokaldietan joan zaizkigu puntuak.

Nola bizi da bat Realeko entrenatzaile gisa?

Ondo. Ardura izugarria da, eta ni hemengoa izanda, berezia da. Zale batek bezala, taldeak bere onena ematen ez duenean minduta sentitzen naiz. Etxera buruari bueltak emanez iristen da ba; egun osoko kezka da. Ardura zurea da, eta ez da erraza deskonektatzea. Baina tira, karguarekin doa, eta ilusioarekin nago: seguru, gustura... Gipuzkoarra naiz, Oriokoa, eta Realeko entrenatzailea izatea berezia da. Hala ari naiz bizitzen, eta espero dut luzerako izatea.

Bigarren taldetik lehenengora asko aldatzen da egoera?

Asko. Ordu aldetik ez hainbeste, baina ardura izugarria da. Egun guztia kezkatuta igarotzen duzu, eta hala behar du. Horrekin bizitzen ere jakin egin behar da.

Gertukoek lagunduko dute horretan.

Zalantzarik gabe. Ez da erraza, eta lortutako emaitzaren arabera kosta egiten da. Gertukoek asko laguntzen naute,.

Sasoiko azken txanpari ekingo diozue igande honetan, Valladoliden zelaian. Zer helburu jarri dituzue falta diren hamar partidetarako?

Betikoa. 30 puntu geratzen dira, eta haiek lortzea. Orain, Valladolidengan dugu burua, eta partidaz partida joan behar dugu. Gauzak asko aldatzen dira astetik astera.

Europaz hitz egin daiteke?

Ondorio bat izan behar du. Alferrikakoa da hitz egitearren hitz egitea. Ez gaitu inora eramango; egin egin behar dugu. Horretarako, partidak irabazi behar ditugu. Lan izugarria egin behar dugu horretarako, eta, puntuak lortuz gero, gerturatuko gara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna