Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Liverpoolen

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Liverpool. Han behin izanda nago. Pandemiak jo aurretik nire plan kutunena haraxe itzultzea izan zen. Ezin.Han izan nintzen harako hartan goiz hartu nuen trena, Manchesterren. Nire jomuga Merseyside Maritime Museum izenekoa bisitatzea zen. Diruak ez baitzidan besterako ematen, joan-etorria egun berean egitekotan abiatu nintzen.

Urte haietan, 1992an joan nintzela uste dut, Ingalaterrako trenak pribatizaturik ziren, Margaret Thatcher gobernu-buru izan zeneko politiken emariz. Ezin nezakeen alderaketarik egin, ez nituen publikoak izan ziren trenak ezagutu. Nire lagun ingelesak kexu ziren. Haren hurrengo lehen ministro John Major kontserbadoreak Burdinazko Damaren ildoari jarraitzen ziola eta. Bigarren Mundu Gerraren ostean antolatu zen Ongizate estatua eraisten ari baitziren, hura guztia sutarako baino ez zen zuhaitz ihartua bailitzan.

Gazteak ginela Liverpool izena aditzen genuen, Mundakako auzoa balitz moduan. Kuadrillako zenbait lagunen amuma Perpetuak tea hartzen zuen, ingelesen orduan, bostetan, behin huts egin gabe. Aberatsa zirudien arren, ez zen. Aberatsak, zinez, Goiko Kaleko jauregi ederra eraiki zuten Larrinaga sendikoak. Egun fatxada hutsa da. Haiek ontzi jabeak ziren, eta Busturialdeako asko beraien mendeko langileak. Tartean Jose Manuel Etxeita, gero Manilan aberats bihurtuko zen arren lehenengoetan Larrinaga Line hartan kapitain. Beronen ustezko autobiografia bilatzen segitzen banuen ere, ez nuen uste Liverpooleko museoan haren zerik topatuko nuenik. Larrinagatarrak nituen jomuga. Tamalez, museoko artxiboak itxita zeuden, abuztua baitzen. Beraz, ez Larrinagarik ez Etxeitarik. Museoa bera zabalik zegoen, eskerrak. Txunditurik utzi ninduen. Mersey ibaiko aspaldiko nasen gainean eraikia, haren behealdean mareak sartzen direla esanda nahikoa esan dut.

Mersey ibaiari ezagun aire bat antzeman nion. Antxeta mokogorriak hegan haren zabalera guztian, harrezkero urtero Mundakan ikusten ditudan halako hegaztiek haren akordua ekartzen didate. Etxe aurreko haitz jakin batean urtero-urtero izaten antxeta ale bat. Beti bat eta bera dela esan liteke. Baina ez. Ezin. Senak ekartzen du haitz horretara bat. Bat, antza birentzako lekurik ez dagoelako.

Antxeta mokogorriak Mersey ibaian berriz ikustea ez zen Liverpoolerako plana egiteko motibo nahikoa. Haatik, aspaldi eskuratua neukan Jose Manuel Etxeitaren ustezko autobiografia, aurrekoan esan bezala Manilan argitaratua, 1886an. Titulua esanguratsua da egun ere: Amorios de Juana y Manuel y lo que es la madre a pesar de los pesares. Ama, semea eta erraina, horra hirukia.

Natxituara Juanak oinutsik eta Jose Manuelek oinetakoekin egin zuten haren hamar urte beterik elkarrekin ezkondu ziren. Lehenik botere bidez, Mundakan, Juana bertan zela. Senargaia Liverpoolen zegoen, zain. Hara iristeko emakumeak hiru egun behar izan zituen. Hiria zapaldu zuenerako ostirala zen. Ezkontzeko egun egokia ez, antza, halaxe esan baitzion Juanak Jose Manueli. Amore eman zuen. Alabaina, testigu izatekoak zirenak agertu ziren, eta haiek bai, konbentzitu egin zuten emakumea.

Oroitzapen liburuan Etxeitak ez zuen esan zein elizatan berretsi zen botere bidezko ezkontza. «Eliza batera joan ginen», idatzi zuen. St Francis Xavier's Church zen.

Ezkontzaren ostean testiguek ezkonberriak beren etxera gonbidatu zituzten. Han jan-arina eginda, ontzira joan zen bikotea. «Esaten den legez, etxera, huraxe baitzen gure etxea».

Juanaren hiru eguneko bidaia hura sarritan hartzen dut gogoan. Bilbon trena harturik Bordelera, eta han ontziraturik Liverpoolera.

Amodiozkoen hura eskuratu ondoren beste agiri, gutun izkribu eta argazki batzuk eskuratu nituen, Juana eta Jose Manuelen ondorengo Begoña Etxeitak emanda. Argazkien artean ezkontzakoa dago; Jose Manuel, zutunik, sekulako bizar luze-sarriarekin; Juana, eserita, dotore. Garaiko eredua.

Haatik, argazkien artean bazen beste bat egunen batean Liverpoolera itzuli beharko nuela erabat konbentzitu ninduena. Salvador Etxeitaren argazkia da, Liverpoolen aterea. Beste gako bat, pentsatu nuen, urteetan idazten ari nintzen Jose Manuel Etxeita idazlearen biografiarako. Uste izango nukeena baino gako zinez askoz gakoagoa. Sabino Arana Goiriren alargunaren bizitzaz idazten hasi nintzelarik topatu nuen izkribu batek halaxe berretsi zidan.

Izkribua, 'Cartas a Euskófilo (I)', Bizkaitarra paperean argitaratu zuen Aranak. 1894ko urriaren 29an idatzia zela zioen idatziak berak.

«Diostazu ba ze —idatzi zuen Aranak, gaztelaniaz—, amaren ahotik ikasi zenuen hizkuntza euskerea izan zen arren, ikasketak atzerrian egin behar izan eta horrez gain txikitatik espainiarrekin tratua izan duzunez, hura, hein handi batean behintzat, ahazturik duzula».

Azken hori irakurtzean gogora etorri zitzaizkidan Begoñak Bilboko etxean erakutsi zizkidan esku-izkribuetako batzuk. Euskófilok sinatuak, Salvadorrenak ziren. Zalantza izpirik gabe.

Zain daukat Mersey ibai ederra, hango antxetekin. Baita Xabierko Frantziskoren eliza ere. Zer esanik ez artxiboak. Azken horietan Liverpooleko proletario baskoen datuak ere izango dira, Salvadorrenak zein Juan Manuelenak bezain baliagarriak.

Itzuliko ote naiz inoiz Liverpoolera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.