Bera Bera Ro' Casaren aurka ariko da Kopan; Zuazo, Elxen aurka

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Aurkari gogorrak izango dituzte Espainiako Kopako final-laurdenetan Super Amara Bera Berak eta Zubileta Evolution Zuazok. Atzo egin zen zozketa, eta Ro'Casa eta Elx egokitu zitzaizkien, hurrenez hurren.

Txapelketaren azken fasea apirilaren 26tik 28ra jokatuko da, Barakaldon (Bizkaia), eta Bera Beraren eta Ro'Casaren artekoa da final-laurdenik erakargarriena. Ligako lehen bi sailkatuak dira, etapuntuetan berdinduta daude. Gol aldeagatik dira lider gipuzkoarrak. Denboraldi honetan bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bietan Bera Bera nagusitu da; aise, gainera: 25-36 eta 32-25. Baina zuhurtziaz mintzatu da Imanol Alvarez entrenatzailea: «Ziur mendeku gogoz egongo direla». Irabaziz gero, Malaga edo Gijon izango du aurkari finalerdietan.

Elxen aurka ariko da Zuazo. «Denboraldiko unerik gozoenean gaude, eta beste hilabete batez luzatu nahi dugu, Kopa etxean jokatzeak ilusio handia egiten digulako», adierazi zuen Joseba Rodriguez Jaito entrenatzaileak. Baina Elx hirugarren dago ligan, eta Kopako final-zortzirenetan Guardes utzi zuen kanpoan ezustean. Granollers edo Aula Valladolik izango du kontrario Zuazok aurrera eginez gero.

Ligan, bestalde, Porriño hartuko du gaur Bera Berak (18:00). Aurreko jardunaldian Aula Valladoliden aurka galdu ostean, Ro'Casarekiko zuten aldea galdu dute gipuzkoarrek, eta derrigor irabazi behar dute lider jarraitzeko.

Bidasoaren garaipena

Asobal ligan, berriz, Bidasoak bikain jarraitzen du. Atzo nagusitasunez irabazi zuen Puente Genilen (Espainia), 22-28, eta horri esker, bigarren postuan sendotu da. Bi punturen aldea du Logroño, Ademar eta Granollersekiko. Sei jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta Irungo taldea bete-betean sartuta dago Europarako sailkatzeko lehian. Gaur-gaurkoz, Txapeldunen Ligako postuetan da.

Anaitasunak, azkenik, gaur jokatuko du, etxean, Valladoliden aurka (19:00). Bi taldeak berdinduta daude 10. eta 11. postuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.