Juan Carlos Henao. Kolonbiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia

«Presidentea edozein dela ere, bake prozesuak iraun egingo du»

Gobernuaren eta FARCen arteko bake negoziazioetan protagonista izan zen, eta trantsizio justiziarako testua ontzen parte hartu zuen. Horren onurak goratu ditu. Gaur bozak dituzte Kolonbian, baina akordioa «blindatuta» dagoela dio.

Igor Susaeta.
Donostia
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bertatik bertara bizi izan zuen 2016ko azaroaren 24an Kolonbiako Gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak sinatutako bake akordioa. Juan Manuel Santos presidenteak eskatuta, trantsiziorako justiziaren testua ondu zutenetako bat izan zen Juan Carlos Henao (Cali, 1958). «Txorakeria bat dirudi detaileak, baina, hamaika enbaxada eskaini zizkiguten arren, testu horren negoziazioaren %80 nire etxean egin genuen. Horrek humanizatu egiten du». Harrokeriarik gabe, baina harro mintzo da testuaz.

Kolonbiako Auzitegi Konstituzionaleko presidentea izan zen (2011-2012), eta, orain, Bogotako Externado Unibertsitateko errektorea da. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak gonbidatuta, Euskal Herrian izan da, eta Bake prozesua Kolonbian: negoziazioa lehen pertsonan hitzaldia eman du. Donostian izan da elkarrizketa, eta, hotelean, Pedro Miguel Etxenike fisikariarekin topo egin du. Adeitasunez agurtu dute elkar. Henaok nabarmendu nahi izan du bere abizenak euskal jatorria duela.

Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte gaur Kolonbian, eta, aurreikuspenen arabera, boterera itzul daiteke Zentro Demokratikoa Alvaro Uribe 2002 eta 2010 artean presidente izandakoaren alderdia. Juan Manuel Santos presidentearen gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak 2016an adostutako bake akordioen kontra dago Uribe. Horrek akordioari eragin al diezaioke?

Aurreikusi genuen akordioak hamabi urtez ezin zirela ukitu, eta hori onartu zuen Auzitegi Konstituzionalak. Ezingo dute akordioa txikitu. Presidentea edozein dela ere, bake prozesuak iraun egingo du. Bestalde, akordioak direla eta, konstituzioaren barruan sartu dituzte testuetako asko. Akordioa blindatuta dago.

Joan den martxoan egindako hauteskunde parlamentarioetan botoen %0,34 baino ez zuen eskuratu FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak.

Pentsatzen nuen askoz ere emaitza hobea aterako zuela. Horrek, tristeki, erakusten du haiek askotan erabili zituzten metodoen inpopularitatea. Edonola ere, positiboa da herrialde batek mugimendu gerrillari bat demokrazian onartzea. Europako Batasunak eta AEBek terroristatzat zeukaten. Egia da terrorismo ekintza batzuk egin zituztela, baina gerrilla mugimendu iraultzailea izan zen. FARCek ez zuen lortu Kolonbiako herritarren gehiengoarekin bat egitea. Komunikabideek ez zieten lagundu, haientzako terroristak, narkotrafikatzaileak baitziren. Eta, nire ustez, negoziatzera zoazenean etsaia duindu behar duzu, baldintzaren bat onartu behar diozu, bestela ezinezkoa baita negoziatzea. Zorionez, akordioek jaso zuten hamabi urtez bost eserleku edukiko dituztela bai senatuan, bai ordezkarien ganberan.

FARCek duela bizpahiru hilabete iragarri zuen ez zela bozetara aurkeztuko, argudiatuz ez dagoela baldintza egokirik beste alderdiekin berdintasunean lehiatzeko.

Egia da FARCek esaten duena, baina alderdi guztiei eragiten die. Kolonbia oso polarizatuta dago, tradizio biolentoa du, eta Timochenkori bezala, Gustavo Petrori gertatu zaio, Uriberen hautagaiari... Eta iraindu egiten dituzte, harrika hartu. Eraso horiek gertatzen ari dira, baina ez nuke esango soilik FARCi eragiten diotenik

Santos Kolonbiako presidentearen aholkularia izan zinen gobernuaren eta FARCen arteko bake elkarrizketetan, 2015ean eta 2016an. Zein izan zen zure egitekoa?

Kontu jakin eta oso garrantzitsu batean zentratu zen nire egitekoa.Negoziazio mahaian lauzpabost urte zeramatzaten bi aldeek, eta bai, egin zituzten testuak: nekazaritza erreformarako, parte hartze politikorako... Baina trantsizio justiziarako gaian buxatu ziren, ezin zuten gutxieneko akordio bat lortu. Beraz, Santos presidenteari aholkatu zioten negoziazioen background guztia ez zuen batzorde berezi bat sortzea. Alde bakoitzak hiru pertsona izendatu zituen, eta pertsona horiek ezin zioten elkarri betoa jarri. Horixe zen baldintza. Testu zailena zen, zigorrekin zerikusia zuelako. Sei ordezkariok sei bat hilabetean osatu genuen testua, eta, hura adostu eta hurrengo egunean, Santosek eta Timochenkok [Rodrigo Londoño, FARCeko burua] aurrenekoz eman zioten eskua elkarri.

Azaldu, mesedez, zer den trantsizio justiziarako akordioa.

JEP Bakearentzako Jurisdikzio Berezia du izena, eta diseinatua dago gerrillariak ez ezik, indar militarretako kideak eta gatazkan eragin duten hirugarren pertsonak epaitzeko. 1964an hasitako gatazka armatuan sartutako jende guztia biltzen du. Sistema bat da, auzitegi batzuk sortu dituena, arau tekniko batzuk dituena, eta oinarrizko printzipio orokor batzuk dauzkana amnistiarik ez dagokien delituak egin dituzten guztiak epaituak izan daitezen.

Hau da Nazioarteko Zigor Auzitegiaren presentziarekin egin den aurreneko bake prozesua. Pentsatzen genuen juridikoki mugatzailea izan zitekeela bere presentzia... Erromako Itunaren zein Nazioarteko Zigor Auzitegiaren estandarrak gaindituko zituen sistema bat egitea zen gure helburu.

Kutsu aurrerakoia dauka?

Oso aurrerakoia. Hegoafrikako negoziazioa erreferentziatzat hartzen da Mandelaren figuragatik, baina, harekin alderatuta, Kolonbian ez dago inpunitate itxurarik. Jarritako arauetako bat izan zen beste herrialdeetako esperientziei ez begiratzea. Hori erabaki genuen ahalik eta sortzaileenak izateko, eta benetan originala da.

Gobernuak argi zuen justiziak abagune politikora egokitu beharra zeukala?

Bai. Justizia arruntarekin alderatuta, ezberdina da trantsiziokoa. Trantsizio justiziarentzat, arruntak ez du balio gatazka konpontzeko. Hortaz, herritarrek ulertu behar dute justizia trantsizioaren estandarrak diferenteak direla. Zabalagoak dira, ez hain formalistak...

Bake akordioak ekarpenen bat egin al dezake beste gatazkaren bati konponbidea emateko?

Baietz esango nuke. Ez du inongo zerikusirik justizia arruntarekin. Zigorren kontua da inportanteena trantsizio justizian, eta horri buruz eztabaidatu genuen batez ere. Zein zigor jarriko zenioke gatazka batean hamalau neska bortxatu dituen pertsona bati?

Nola zigortzen du hori trantsizio justiziak?

Zigorrak ezarriko zituen justiziatik bereizi zen Egiaren Batzordea. Bi bide sortu dira: egiarena eta gezurrarena. Timochenko, esaterako, deitua izango da laster. 50 bat deliturengatik egongo da kondenatuta. Informazio guztia kontuan hartuta —fiskaltzarena, gobernuz kanpoko erakundeena, biktimena...—, epaileei iruditzen bazaie egia esaten ari dela, egiaren bidea hartuko du; bestela, gezurrarena. Eta ondorioak guztiz kontrakoak dira. Egiarena hartzen baduzu, bost-zortzi urtez askatasuna, mugitzeko askatasuna, mugatuko zaizu, lan komunitarioak egingo dituzu, baina ez zara kartzelara joango. Gezurraren bidea hartzen dutenek, aldiz, epaiketa bati aurre egin beharko diote, eztabaida bati, eta orduan esan ahal izango dute, «bai, nik hilketa bat egin nuen, nik bortxatu nuen», eta 5-8 urteko kartzela zigorra ezarriko diete. Beste aukera bat da egiarik inoiz ez esatea, gezurraren bidea hartzea, delituak ez onartzea, horiek frogatutzat ematea... Orduan hogei urtekoa litzateke espetxe zigorra.

Uribek bake akordioen kontrako kanpaina egin zuen 2016ko urriko erreferenduma baino lehen, eta akordioak ez onartzea izan zen galdeketaren emaitza. Horrek akordioa guztiz baldintzatzea eragin zezakeen?

Erabateko tristura sentitu genuen hasieran. Batez ere, esandako gezurrengatik galdu zen erreferenduma. Horrek saltzen zuen. Zuk galdetzen badiezu kolonbiarrei zer dioten akordioek parte hartze politikoaz, ideiarik ere ez dute; ez eta nekazaritza kontuez diotenez ere, nahiz eta askoz ere garrantzitsuagoak izan. Trantsizio justiziarekin obsesionatu ziren. Esaten zuten inpunitatea egongo zela, inor ez zutela kartzelatuko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.