Leticia Canales. Surflaria

«Denak merezi du. Txikitako ametsa betetzen ari naiz»

Inoizko emaitzarik onena lortu berri du Leticia Canalesek Australian: hirugarren izan da maila nagusiko txapelketa batean. Horri esker, urratsa egin du Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzeko. Baina ez du ilusio handirik egin nahi, «oso zail» ikusten baitu Jokoak egitea. Oso argi du: «Osasuna guztiaren gainetik dago».

LETICIA CANALES.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Astelehenean iritsi zen Australiatik Euskal Herrira Leticia Canales (Sopela, Bizkaia, 1995). Ailegatu eta berehala Getxoko (Bizkaia) Fadurako Goi Errendimendurako Gunera joateko asmoa zuen. Horretarako baimena zuen, baina Eusko Jaurlaritzak ukatu egin zion gero. Horrek hankaz gora jarri zizkion planak. «Ezin nintzen joan gurasoen etxera, aita gaixo dagoelako. Azkenean, mutil-lagunaren etxera joan behar izan dut. Baina hemen ez dut tokirik fundamentuz entrenatzeko. Faena handia da». «Etsita» dago.

Alarma egoera indarrean sartu berritan iritsi zara Euskal Herrira. Ez duzu izan tentaziorik Australian geratzeko?

Hasieran, zalantza egin nuen etxera itzuli edo han geratu. Oso gaizki pasatu nuen, ez nekielako zer egin. Espainiako Federazioarekin eta Basque Teamekin hitz egin nuen, eta azaldu zidaten arazo nagusia zela han geratuta agian gero oso zaila izango zela etxera itzultzea. Nire entrenatzailearekin nengoen, eta hark esan zidan ahal nuen azkarrena bueltatzeko. 23an nintzen bueltatzekoa, baina ez nuen horrenbeste itxaron nahi. Nire poltsikotik beste hegazkin txartel batzuk erosi nituen, eta Sydneytik Dohara, handik Londresera, eta handik Bilbora bidaiatu gero. Hala, joan den astelehenean iritsi nintzen azkenean etxera.

Emaitza bikaina lortuta bidaiatu zenuen. Horrek eramangarriago egingo zuen , ezta?

Bai, noski. Itzultzeko erabakia hartzeko orduan, eragina izan zuen Australian emaitza onak lortu nituela eta, horri esker, tokia ziurtatu nuela Espainiako selekzioan, maiatzean El Salvadorren jokatzekoa den Munduko Txapelketan aritzeko. Lehiaketa horrek emango du Tokiorako sailkapena, baina orain ez dakigu jokatuko den, ezta Olinpiar Jokoak egingo diren ere. ASP Munduko Surflari Profesionalen Elkarteak jakinarazi berri du ekainera arte ez dela txapelketa bakar bat ere jokatuko.

Zer itxura hartzen diozu? Jokatuko al dira Olinpiar Jokoak?

Oso zaila izango da Jokoak egitea. Koronabirusa arazo globala da; gaitza mundo osotik hedatzen ari da, eta inor ez dago salbu. Honek luze joko du. Ez diot batere itxura onik hartzen. Mundu osoa harrituta dago gaitza zein azkar zabaltzen ari den ikusita. Duela gutxi arte Txinan baino ez zegoen, baina, gaur-gaurkoz, herrialde askotara hedatu da.

Surfa lehen aldiz jokatuko da Olinpiar Jokoetan. Kasualitatea.

Bai, eta amorru handia emango dit azkenean Olinpiar Jokoak bertan behera geratzen badira. Urteak daramatzat buru-belarri lanean Tokion aritzeko, eta orain, azkenean, emaitza onak lortzen hasi eta gero, faena handia litzateke bertan ez egotea. Hala ere, oso argi dut: osasuna guztiaren gainetik dago.

Amorru handiagoa ematen dizu ikusita Tokiora iristeko bide zuzena daramazula?

Bai, noski. Munduko Txapelketan lehen zazpi surflarien artean geratuz gero, Jokoetan ariko naiz. Baina koronabirusak hankaz gora jarri du guztia, eta inork ez dakinola geratuko den egutegia. Nik, behintzat, egina dut lehen urratsa: selekzioan tokia lortu dut. Horrek lasaitasuna ematen dit. Nik egin dut nire eskuetan dagoena.

Inork ez dizu kenduko egin berri duzun balentria: hirugarren izan zara maila nagusiko txapelketa batean.

Hau guztia kaos bat izanagatik ere, inoiz ez dut ahaztuko Australian egin dudana. Nire kirol ibilbideko lorpenik handiena da: hirugarren izan naiz maila nagusiko txapelketa batean; Carissa Moore munduko txapeldunarekin nor baino nor gehiago aritu naiz finalerdietan; eta munduko sailkapeneko 70. postutik hamargarrenera igo naiz. Sekulakoa egin dut.

Denbora zeneraman halako txapelketa biribila egin nahian?

Bai. Puntu asko lortu nituen, eta taulekin oso gustura aritu nintzen. Lehiatzen hasteko bezperan, amari esan nion 2015eko Pantin Classic txapelketan [Galizia] sentitu nuen gauza berbera sentitzen nuela. Hura ere maila nagusikoa zen, eta bigarren sailkatu nintzen. Amari hori kontatu nionean, esan zidan sentipen horiei gogor heltzeko, eta ziur ondo ariko nintzela. Bada, txandak pasatzen hasi eta berriro deitu nion amari eta esan nion baietz, ziur nintzela oso txapelketa ona egingo nuela. Etxean kontatu zidaten han egoera zaila zela, baina ni horren pozik ikusteak alaitu egiten zituela, bai haiek, bai Sopela osoa. Animo mezu pila jasotzen hasi nintzen, eta horrek are motibazio handiagoa eman zidan. Babes handi hori oso garrantzitsua izan zen emaitza ona lortu ahal izateko.

Ondo sentitzen zinela esan duzu. Zer sentitzen zenuen?

Surflariontzat oso garrantzitsua da itsasoarekin bat egitea, olatu onak harrapatzea, une erabakigarria ondo aukeratzea, kokapen aproposean egotea eta mugimendu egokiak egitea. Gure kirola oso zaila da, faktore asko daudelako tartean, eta guztiak bat egin behar duelako emaitza ona izan dadin. Eta horixe gertatu zitzaidan niri: denak bat egin zuen.

Orain, dena da polita, baina asko sufritutakoa zara. Bitan txikitu duzu eskuin belauna. Horregatik, gehiago ari zara gozatzen momentu hau?

Bai, jakina. Bi urtez egon nintzen lesionatuta, itsasotik urrunduta. Garai zaila izan zen, baina gainditu egin nuen, eta pixkanaka-pixkanaka emaitza onak lortzen hasi nintzen. Kirolarion bizitza prozesu bat da: lan asko egin dut, gogor entrenatu naiz, ez dut motibazioa galdu. Denboraldi honen hasieran gauzak espero bezala ez atera arren, ez nuen etsi, eta azkenean emaitza atera da. Familia eta gertuko lagunak harrituta zeuden zergatik ez nuen emaitza onik lortzen, ondo ari nintzelako surfean, eta ni ere ondo nengoelako. Baina iritsi da horrenbeste desiratzen genuen emaitza. Zama handia kendu dut gainetik.

Lesio horiek aldatu egin zaituzte? Beste suflari bat zara?

Erabat. Lesioen ondorioz, surfa egiteko modua moldatu behar izan nuen. Eta aldaketa hori hoberako izan da. Asko hobetu dut, arlo fisikoan zein teknikoan, eta surflari hobea naiz orain. Profesionalagoa ere banaiz, eta, Basque Teameko entrenatzaileei esker, prestaketa antolatuagoa daramat. Hori guztia fruituak ematen hasi da. Ondo ari gara.

Pertsona gisa ere aldatu zara?

Bai. Lesioek aldatu egin naute. Orain gehiago baloratzen ditut inguruan ditudanak: familia, bikotekidea, lagunak... Lehen, burbuila batean nengoen, eta ez nituen baloratzen halakoak. Egun, edozein detaile, txiki-txikia izanagatik ere, asko baloratzen dut. Adibidez, orain izugarri baloratzen dut uretan sartzea, baita horrenbeste maite dudan kirolean aritzea ere.

Halako bolada gogorrei aurre egiteko, buruz indartsu izan beharra dago. Zuk, adibidez, kirol psikologo batekin egiten duzu lan aspalditik. On egin dizu?

Bai, handia. Josean Arruzarekin nabil lanean duela bi urtetik hona, eta asko lagundu dit presioa kudeatzen. Surflariok denbora luzez egiten dugu lan, eta une jakin batean asmatu behar dugu. Horrek presio handia eragiten digu, eta eramaten jakin behar da. Halako egoerei aurre egiteko, oso ondo etortzen da kirol psikologo baten laguntza. Gero eta surflari gehiago ari dira haiekin lanean, baina oraindik ez dago horren hedatua.

Zu nabarmendu zara orain, baina Euskal Herriko surflari asko zabiltzate punta-puntan, tartean emakume dezente: Pauline Ado, Nadia Erostarbe, Ariane Otxoa, Garazi Sanchez, zu zeu... Osasuntsu dago euskal surfa?

Bai. Euskal surfa Europako onenetakoa da: punta-puntan gaude. Kultura handia dago, beti egin baita surfa. Horri esker, itsasoari begira bizi diren probintzia guztietan dago surflariren bat maila gorenean lehiatzen: Bizkaian, Ariane, Garazi [Getxo] eta ni gaude; Gipuzkoan, Nadia [Zarautz]; eta Lapurdin, Pauline [Hendaia]. Pauline, adibidez, ASPren sailkapenaren lehen hamarren artean ere dago, zortzigarren postuan. Biak gabiltza goi-goian gaur egun. Baina betikoa. Ez dago diru laguntza nahikorik.

Babes ekonomikoa falta zaizue?

Ez dugu diru laguntza ematen digun babesle pribaturik. Ni zortekoa naiz, Basque Teamek beka bat ematen didalako, baina, hori jasotzeko, emaitzak lortu behar ditut. Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzen dit, baita Vitamin Welleek eta Styling Surdboardsek ere.

Hain prekarioa da zuen egoera, zure aitak mailegu bat eskatu zuen surfean jarrai zenezan?

20 urte nituenean izan zen. Aitari esan nion surflari profesionala izatea zela nire ametsa, gogor ari nintzela lanean hori lortzeko eta zirt edo zart egiteko momentua zela. Aitak gogotsu ikusi ninduen, eta niregatik egin zuen apustu. Badirudi asmatu egin zuela [barrez]. Oso zoriontsu naiz orain, etxekoak oso pozik ikusten ditudalako. Niretzat oso garrantzitsua da familia, eta, azkenaldian, aitak osasun arazoak izan ditu, eta emaitza on honek asko poztu du. Niretzat hori da motibaziorik handiena: nire emaitzekin etxekoak zoriontsu egitea.

Surfaz bizi zara. Ametsa betetzen ari zara.

Hala da, baina ozta-ozta bizi naiz surfa egiteaz. Lauzpabost urte daramatzat autonomo gisa, eta zaila da bizitza aurrera ateratzea. Batzuetan ez duzu emaitza onik lortzen, eta, beraz, ez duzu dirurik jasotzen. Eta orduan, zer fakturatzen duzu? Ez dago nondik tiratu. Oso zaila da surfaz duintasunez bizitzea. Diru gehiago galtzen dugu irabazi baino.

Australia, Hawaii, Tahiti... Kanpotik ederra dirudi zuen bizimoduak.

Kanpotik oso idilikoa dirudi denak, baina ez da horrela, inondik inora. Adibidez, orain, Australian, ostatu batean egon gara. Lau lagun egon gara logela berean lotan, bi ohatzetan banatuta. Sukaldea, berriz, beste lagun batzuekin partekatu behar genuen. Ez genuen dirurik hotel bat ordaintzeko, zirkuitu profesionala egitea oso garestia baita: makina bat hegazkin hartu behar ditugu, autoa alokatu, erregaia...

Eta oholak. Zenbat erabiltzen dituzue urtean?

Hogei bat erabiltzen ditut, eta bakoitzak 300 eta 800 euro artean balio du. Horretan ere borrokatzen aritu behar dut, preziorik onena lortzeko.

Hala ere, merezi du?

Bai. Orain, adibidez, jendeak galdetzen dit ea zenbat diru irabazi dudan hirugarren izateagatik, eta ez dakit, ez dut begiratu kontu korrontea. Puntuei eta sailkapeneko postuari bakarrik erreparatu diet. Eta hori egin dudanean neure buruari galdetu diot ea zergatik egiten dudan surfa, diruagatik ala nire pasioa delako. Erantzuna bera da beti: nire txikitako ametsa delako. Eta amets hori bizitzen ari naiz. Hori da niretzat garrantzitsuena. Denak merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.