Ezagun zaharrak dira

Brasilek eta Argentinak igande goizaldean jokatuko dute Amerikako Kopako finala. Messi eta Neymar aurrez aurre arituko dira

Lionel Messiren jaurtiketa librea Kolonbiaren aurkako partidan, Amerikako Kopako finalerdietan. JOEDSON ALVES / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Brasil eta Argentina nor baino nor gehiago arituko dira Amerikako Kopako finalean, igande goizaldean, 02:00etan, Maracana estadioan (Rio de Janeiro). Biek ala biek kopa altxatzeko ahaleginak egingo dituzte. Lionel Escaloniren taldeak 28 urte daramatza txapelketa irabazi gabe. Adenor Leonardo Bacchi Tite-ren taldeak, berriz, 2019an lortu zuen azkena, Peruri 3-1 irabaziz. Hala ere, 30 urte pasatu zituen Amerikako Kopa irabazi gabe. Brasilgo taldeak ahaleginak egingo ditu Kopa herrialdean geratzeko. Izan ere, joan den txapelketan bezala, aurten ere Brasil izan da Amerikako Koparen egoitza. Ezagun zaharrak dira bi selekzioak: 1937an lehiatu ziren aurrenekoz finalean. Argentinak Brasili 2-0 irabazi zion luzapenean. Bigarren norgehiagoka, titulua jokoan zutela, 70 urteren ostean izan zen: 2004an Brasilek Argentinari irabazi zion penaltietan, 2-2 berdindu ostean. 2007an, berriro ere brasildarrek lortu zuten garaipena, eta sendo gailendu zitzaien zuri-urdinei: 3-0. Nahiz eta azken finalak Brasilek irabazi, Argentinak hamalau Amerikako Kopa ditu, eta, Brasilek, berriz, bederatzi.

Bi taldeetan izar bana dago, distira egiten dutenak: Argentinan, Lionel Messi, eta Brasilen, Neymar. Haiek gidatuko dute taldea garaipenaren bila. Izan ere, Messi da txapelketako golegile nagusia, lau golekin, eta gola sartzeko pase gehien egin duena, bost paserekin. Neymar ere ez da atzean geratzen: golak sartzen baino gehiago, paseetan egin du distira. Guztira gol sartzeko hiru pase eman ditu —Messiren atzetik bigarren doa—, eta bi gol sartu. PSGko jokalariak ez zuen 2019ko Amerikako Kopako finala jokatu, lesioak direla medio, etaarantza hori kendu nahiko du. Bartzelonako jokalariak, berriz, hiru final galdu ditu Argentinako selekzioarekin, eta ez ditu inoiz irabazi herrialdeen artean jokatzen diren bi txapelketa nagusiak: Munduko Kopa eta Amerikako Kopa.

Horretaz mintzo da Facundo Ceriani. Argentinarra analista taktikoa da, eta geldikako jokaldietan espezializatuta dago. Messiren bolada txarrari buruz galdetuta, hau dio: «Nahiz eta hiru final galdu, azkenean futbola horrelakoa da. Balantza alde batera edo bestera erortzen da. Maradonaren ondoren, Messi da hoberena». Messiz ez ezik, Argentinako taldeaz ere mintzo da: «Zelai erditik aurrera jokalari on asko ditugu, besteak beste, Messi, Lo Celso eta Lautaro Martinez». Cerianik uste du zelai erdian egongo dela partidaren gakoa: «Euskarrien atzeko espazioetan Messi, Lautaro Martinez eta Nico Gonzalez ondo mugitzen badira, asko edukiko dute irabazia».

Indarguneak ez ezik, Argentinaren ahulguneak ere identifikatu ditu, eta argi du zein den hori: atzeko lerroa. Eta hor min egin diezaioke Brasilek: «Kontraerasoetan trantsizioazkarrak egiten dituzte, eta hor Neymar-eta oso arriskutsuak dira». Titeren taldeak, berriz, ahulgunerik ez duela dio Cerianik: «Talde sendoa da defentsan, eta lerroak ondo batzen ditu». Brasileko selekzioa taktikoki eta teknikoki Argentinaren mailan kokatzen du. Ez, ordea, maila fisikoan. Horretan, Titeren taldeko jokalariak prestatuago daudela deritzo. Ezaugarri tekniko-taktikoez gain, alor psikologikoaren garrantzia ereazpimarratu du: «Mentalki ondo egotea garrantzitsua izango da, final batean xehetasunek erabakitzen dutelako lehiaren balantza».

Brasilgo taldean ez du Gabriel Jesusek jokatuko. Manchester Cityko jokalariak Txileren aurkako norgehiagokan sarrera itsusia egin zion Eugenio Menari, eta bi partidako zigorra ezarri zioten.

BRASIL-ARGENTINA
Brasil. Ederson; Danilo, Marquinhos, Thiago Silva, Renan Lodi; Fred, Casemiro, Lucas Paqueta, Everton Cebolinha; Richarlison eta Neymar.
Argentina. Emiliano Martinez; Nahuel Molina, Nicolas Otamendi, German Pezzella, Nicolas Tagliafico; Guido Rodriguez, Lo Celso, Rodrigo de Paul; Lionel Messi, Nicolas Gonzalez, Lautaro Martinez.
Epailea. Esteban Ostojich (Uruguai).
Ordua. Bihar, 02:00etan.
Lekua. Maracana estadioa (Rio de Janeiro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.