Istorio arrunt bat

Ezpeletan (Lapurdi) jaioa, 1982an. Gazteluma literatur sorkuntzarako bekaren laguntzarekin idatzitako nobela bat argitaratu zuen iaz: Biribilgune. Literatura arloko hainbat azterlanen egilea da, eta BERRIAko Hirudia saileko kolaboratzailea.
MARTINTXO ALTZUETA

Katixa Dolhare-Zaldunbide -

2015eko abuztuak 8
Denok helburutzat daukagu zoriontsu bizitzea. Lorek, hasteko, gaztetik ez zuen beste asmorik izan. Eta zirudienez, lortua zuen: giza zientzietan ibili zen goi mailako ikasketak egiten, laneko psikologo bihurtzeraino; bizpahiru multinazionaletan giza baliabideetan langile gisa aritu ondotik, Familien Laguntza Kutxa erakundean sartu zen; hor mailak hupatu, eta orain Paris adarreko zuzendari nagusi zen. Nolaz zitekeen maluros? Profesionalki, bere urguiluak amestu heinera heldua zen, eta moralki bakean bizi zitekeen, egiten zituen indarrak oro jende arrunt eta xumearen zerbitzuko osoki zuzenduak zirelako. Hots, oreka azkar eta iraunkorra aurkitua zuen bizitzan.

Kudeatzen duzun Goiz Argi haurtzain kooperatibaren urteko kontuak aztertzen ari naiz. Argitasun bat nahiko nuke: azal diezadakezu nolaz datorren urteko aurrekontua %3z emenda dezakezuen, jakinez %2ko murrizketa aitzinikusten duzuen haur kopuruan? Azalpen onargarri bat baitezpadakoa zait ohiko dirulaguntzaren isurtzeko. Adeitasunez. Bidali.

Ongi finkatua jargi berrituan, laukiak osatzen dituzten esergune haietako batean, erhiak zalu dantzarazten zituen tabletaren gainean. Burua altxatu izan balu, inguruko jende gehiena hura bera bezala ikusiko zukeen, neurri ezberdinetako pantailek erabat hartua, gainerateko guziari itsu eta elkor. Egiaz, metroaren lehen linea bulego ibiltari erraldoia zirudien. Loreri ongi zitzaion: horrela, ezdeuskeriek ez zezaketen lanetik deskontzentratu.

Kudeatzen duzun Ortzadar Eskola Kanpoko Haur Harrera Gunearen urteko kontuak aztertzen ari naiz. Igorri didazun txostenean, hirugarren orrian agertzen da iaz familienganik 36.478,94 euro eskuratu zenituztela, eta bosgarrenean, sintesia orrian, 36.478 zenbakia da agertzen. Erran diezadakezu zein zenbaki den zuzena? Zure erantzunaren zai egonen naiz ohiko dirulaguntzaren isurtzeko. Adeitasunez. Bidali.

Ardura handiak zeuzkan: Familien Laguntza Kutxaren baitan, hark zuen lehen haurtzaroaren arloko dirulaguntza banatzen Parisko eremuan. Miliunak zeuzkan esku artean, baina harro izan zitekeen bere malgutasunik gabeko zorroztasunaz: legezko baldintza guziak beteko zituztenei soilik emanen zien dirua. Bistan dena, bazekien egitura anitz elkarteak zirela, eta ardura formakuntza egokirik gabeko kudeatzaileek zizkiotela kondu eta dirulaguntza eskaerak igortzen. Baina ikasi behar zuten, legea legea zen, zer deabru!

Kudeatzen duzun Ohako haurtzaindegia erdi publikoa eta erdi pribatua denez, jakin beharko nuke zein heineko haur kopurua dagoen arlo publikoari errealki lotua, eta zein arlo pribatukoari. Jakinez lehenak teorian 8 haurrendako toki dituela erreserbatuak, bigarrenak 3, eta bakoitzak gainerateko tokien %50a. Baina ikusiz errealki lehenetik etorritako 9,64 haur daudela eta bigarrenetik 1,76, karkula iezadazu otoi bakoitzarendako zein heinekoak diren gelditzen diren tokien kopurua. Xehetasun horri esker, galdegiten didazun dirulaguntza isuriko nizuke. Adeitasunez. Bidali.

Berak ez zuen haurrik ukan. Bizilagunik ere ez zuen, funtsean, uzkurtasunez nehoiz ez baitzuen bere burua gisa horretako harremanendako libro erakutsi. Erraten zuen bere lanari hobeki dedikatzeko ezkongai gelditua zela, eta dena den haurren garrasiek buruko mina eragiten ziotela. Ez zitekeen egia, baina gezurra ere ez, lana utzi zuelako nagusitzen bere bizitzan, ustez behin betiko oreka eta osotasuna ekarriz.

Kudeatzen duzun Ohantzea zainketa etxearen aurrekond...

Tupustean, trenak arrasta eman eta bortizki gelditu zen, bidaiari guziak aitzina igorriz. Zonbeitzu gogorki erori ziren lurrera, baina gehienak bat bestearen gainera lehertu ziren, oihu eta hitz larriak botaz. Lore aurreko gizonaren besoetara aurtikia izan zen, eta kaskakoak bat bestearen kontra zolara bultzatu zituen.

«Suizidio entsegu batengatik, gure trenak gelditu behar izan du. Ahal bezain laster abiatuko gara berriz».

Gidariak doinu etsituz ahoskatu zituen hitz horiek, noiztenka gerta zitekeen nahigabe teknikoa aipatu bailuen. Bagoietan, beren puskak biltzen eta jauntzi ximurtuak eskuz lisatzen zituen ber, jendea lehenengo maska hotzaz jadanik jabetua zen.

—Ez duzu min hartu?

—Ez, ez...

Lorek saihestu zuen lehertu zuen gizonaren begirada eztia. Ez zuen harekin solastatzeko gogorik. Jadanik aski nahasia zen ezezagun haren gorputz lerdena nahigabean hunkiturik, haren usain gozoa senditurik, haren esku leunak utzirik xutitzen laguntzera. Ez zuen nahi minutu bakar batzuk baizik iraun ez zuen une hargatik bere baitan ahal bezain barna ehortziak zituen eskas sentsual eta sentimentalak bat-batean ager zitezen, bere bizitzaren oreka osoa uzkailaraziz.

Laguntzarik onartu gabe eta ahal bezain laster bildu zituen bere zakua eta tableta. Esku batez hartu zituen, eta besteaz hagari lotu zen; ez zitekeen gehiago gizonaren parean jar, bere bihotz taupa eroak hautemanen zituzkeelakoan.

Beharrik trena luze gabe abiatu zela. Lehen geltokian atera zen Lore, eta berehala tren bereko gibeleko bagoian sartu, ezezagunarenganik ihes egiteko. Han, segidan jabaldu zitzaizkion zainak, eta hatsa hartu ahal izan zuen. Nehor ez zen bere baitako inarrosaldiaz ohartu. Ez ote zen trufagarri, begietara so egin ez zuen gizon batek hainbestetaraino harrotu izatea? Ezagun zukeen, ba, huts handiak zeuzkala bihotzean. Eskerrak lana hor zuela, bere betiko zenbaki babesgarriekin, frustrazio eta emozio guzien aurkako harresi hoberena.

Behako bat eman zion tabletari eta ordu berean zuritu zitzaion begitartea: tableta ez zen berea. Menturaz gizon ezezagun harena zitekeen, menturaz hark berea eskuratu zukeen? Ondoko geltokian jaustea aski zuen, berriz igaiteko aitzineko bagoira. Barkatu jauna, ez ote genituen gure tabletak nahigabean trukatu arestian? Hori erranen ziokeen, eta xantzaz berreskuratuko zuen bere tresna baliosa, besterik gabe.

Baina, auskalo zergatik, ez zen mugitu. Bere tableta ez zuen itzali tren geldialdi behartua aitzin, eta frango erraz izanen zitzaion hartu zuenari, nornahi izanik ere, haren helbide elektronikoa edo telefono zenbakia erdiestea.

Denok helburutzat daukagu zoriontsu bizitzea. Lorek hasteko, gaztetik ez zuen beste asmorik izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna