Oier Sanjurjo. Osasunako jokalaria

«Aurreko sasoian baino alaitasun eta freskotasun handiagoa dugu»

Osasunako kapitaina pozik dago taldearen bilakaerarekin, baina, era berean, ez dio izkin egin autokritikari. Gorritxoek segida eman nahi diote azkenaldiko bolada onari, gaur Sadarren Teneriferen aurka irabazita.

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko azaroak 17
Ideiak garbi ditu Oier Sanjurjok (Lizarra, Nafarroa, 1986), eta garbi adierazten ditu; baita zuzen eta aho bizarrik gabe ere. Errepaso mamitsua egin du Osasunaren gaurkotasunaz, ertz ugari tolestuta: taldearen garapena, Diego Martinezen eta Jagoba Arrasateren arteko aldea, Sadar eraberritzeko egitasmoa eta Nafarroako klubak AEKrekin sinaturiko hitzarmena.

Iragan jardunaldian aurrenekoz irabazi zenuten etxetik kanpo, Extremaduraren zelaian. Zama handia kendu zenuten gainetik?

Etxean puntu pila ari gara lortzen, aurreko denboraldian ez bezala. Pozik gaude, Osasunarentzat funtsezkoa baita Sadarren indartsu aritzea. Kontrara, etxetik kanpoko zenbakiak ez ziren batere onak, garbi dago. Alde horretatik, bai, zama kendu dugu gainetik Extremadurari irabazita.

Orain, etxetik kanpo puntuak hirunaka batzen hasita, Lehen Mailara igotzeko hautagai izateko osagai guztiak dituzue?

Jokalari onak ditugu, eta talde gisa nahiko batuta gaude. Ideiak garbi ditugu, eta badakigu gauza politak egiteko gai garela. Baditugu argudioak horretarako. Baina poliki-poliki joan beharreko maila batean gaude. 42 partidako borroka da, eta badakigu askotan faboritotzat jotzen diren taldeak larri ibiltzen direla. Lasai jokatu behar dugu.

Diskurtsoa aldatu duzue denboraldi batetik bestera. Orain zuhurragoak zarete.

Errealitateak zuhurrak izaten irakatsi digu. Egia da iaz Lehen Mailatik jaitsitako taldea ginela, eta horrek berak faborito kartela ematen zigula. Zama hori bizkar gainean eraman genuen, baita naturaltasunez eraman ere. Baina egia da, era berean, exijentzia handia zela, eta azkenean ezin izan genuen helburua lortu.

Bigarren Mailan gauzak horren parekatuta egonik, bi garaipen kateatzeak urrearen balioa du. Sailkapenak beste itxura bat du orain zuentzat.

Hala da. Iruñetik kanpoko emaitza txarren ondorioz, ez geunden nahi genuen tokian. Orain, azken bi garaipenekin, nahi dugun postuetara hurbildu gara. Alabaina, garbi izan behar dugu azken bi partidak galtzen hasi ondoren irabazi ditugula. Horrek esan nahi du gauzak ez ditugula guztiz ongi egin.

Asko kostatzen zaizue atea hutsean uztea. Hor bada arazoren bat.

Arrasateren jokamoldea oso zuzena da. Baloia lapurtu, eta segituan aurrera begira jarri behar dugu. Gainera, aurkariak beren zelaian estutu behar ditugu. Lan hori egitean, erraztasun batzuk eman daitezke atzean. Hutsegite nabarmen batzuk egin ditugu, eta, aurrera begira, halakoak zaindu egin behar ditugu hautagai izan nahi badugu.

Dena den, azken bi partidetan emaitza irauli izana taldearen nortasun adoretsuaren adierazgarri ere bada.

Hori da alde positiboa. Taldeak bere gaitasunetan sinetsi du, eta barneratu du edozein talderen kontra eta edozein tokitan irabaz dezakeela, nahiz eta une jakin batean markagailuan atzetik izan.

Gaur Tenerife hartuko duzue Sadarren, jarraian hirugarren lehia irabazteko intentzioz. Nola helduko diozue partidari?

Lasai eta umil. Tenerife sailkapenaren beheko aldean dago, baina edozein talde da gai gauzak zail jartzeko. Ez da batere erraza izango. Hori bai, hirugarren garaipen bat kateatzeak konfiantza handia emango liguke.

Ziur hasieratik hiru puntuen bila joango zaretela, estilo erasokorra txertatu baitu Jagoba Arrasatek. Diego Martinezekin baino erosoago zaudete?

Ni neu erosoago nago Arrasateren filosofiarekin, nire ezaugarrietara hobeto egokitzen baita. Ezin dut hitz egin beste taldekideen izenean, baina, oro har, alaitasun eta freskotasun handiagoa dugu eguneroko lanean.

Zer desberdintasun dago, zure ustez, Diego Martinezen eta Jagoba Arrasateren artean?

Diego metodikoagoa zen. Dena kontrolpean izan nahi zuen; batez ere, arlo defentsiboan. Lehen Mailan gol mordoa jaso genuen, eta hori konpondu nahian aritu zen buru-belarri. Entrenamenduak oso luze joaten ziren, denbora asko ematen genuen gauzak errepikatzen. Horrek, luzera begira, higatu egiten du jokalaria. Oraingo entrenamenduak motzagoak eta erritmo handikoak dira, eta eskertzen dugu.

Nolakoa da Arrasate teknikari eta pertsona moduan?

Pertsona lasaia eta ulerkorra da. Eta badaki behar denean haserretzen eta ohartarazpenak egiten. Gauzak argi dituen pertsona bat da. Eta naturala ere bada. Hori ere behar da; normaltasuna egunerokoan.

Jokalari batzuk berpiztu egin ditu. Esaterako, aspaldiko Roberto Torresik onena agertu da azken lehietan. Pozgarria da, ezta?

Asko pozten naiz Robertorengatik. Urte asko daramatzat bere alboan, eta badakit gaizki pasatu duela arazo fisikoengatik. Uste dut jendea eguneroko freskotasun eta alaitasun horrengatik ari dela gora egiten. Eroso sentitzen gara Jagobarekin, bere mezuarekin eta bere lan egiteko moduarekin.

Iragan sasoiko taldearekin alderatuta, orain jokalari sorta hobea edo okerragoa duzue?

Uste dut orekatuagoa dela. Aurreko denboraldian ez genuen hegaleko jende asko, eta zelai erdian ere behar genuen zerbait gehiago. Orain, aldiz, alternatiba asko ditugu. Sistema aise alda dezakegu pare bat pieza mugituta. Lerro guztiei erreparatuz, moldakortasun handiagoa dugu.

Ez dago zu baino moldakorragorik; ia edozein postutan aritzeko balio duzu. Sasoi honetan, erdilari gisa zabiltza. Gustura zaude?

Taldea bezala, ni ere hasieran ez nintzen guztiz ongi aritu. Nasticen kontrako partida, baina, mugarria izan zen. Joko hobea erakutsi dugu ordutik. Orain, eroso nabil zelai erdian. Zelai asko hartzeko gai naiz, eta hori ustiatzen dut. Baloiak berreskuratzen ere lan handia egiten dut.

Eta baloiak banatzeko tenorean, aldamenean jende abila daukazu: Iñigo Perez, Fran Merida, Roberto Torres, Ruben Garcia…

Hori da. Kalitate handiko jokalariak dira. Jokoa sortzea ez da nire indargunea; dena den, nik egiten dudana ere garrantzitsua da.

239 partida daramatzazu Osasunarekin. Mito bihurtzeko bidean zaude.

Hori gehiegi esatea litzateke. Partida gehien jokatu dutenen sailkapenean gora begiratu, eta pentsa zer-nolako izenak dauden. Gainera, pixka bat lotsatia naiz alde horretatik. Mito hitza ez dut oso gustuko. Hori bai, sekulako ilusioa egiten dit elastiko gorriarekin hainbeste partida jokatu izanak. Garai batean, pentsaezina zatekeen. Jarrai dezala honek.

Noiz arte? Futbola uzteko eguna iristen den arte?

32 urte ditut, familia hemen daukat, bi haur ditut, eta hirugarrena bidean da, emaztea lanean dabil, gogobeteta nago… Beraz, bai, etorkizunari begira, Osasunan bakarrik pentsatzen dut.

Osasunaren etorkizun hurbilean, 2020an ospatuko duen mendeurrena dago. Norabide egokian ikusten duzu kluba?

Bai, uste dut bide onean goazela. Mendeurrena Lehen Mailan ospatu nahiko genuke. Badakigu zaila dela, baina guk sekulako ilusioa dugu. Nire helburu pertsonala ere hori da. Osasunaren ehun urteak Lehen Mailan eta soinean elastiko gorria dudala bizi nahiko nituzke.

Orain pil-pilean dabil Sadar eraberritzeko plana. Erreforma integralak 16 milioi euroko kostua luke. Egoki ikusten duzu kluba berriz ere zorpetzea, orain gutxi pasatutako kalbarioaren ostean?

Nire ustez, garai egokia da pausoa emateko. Klubak planteamendu hori egin duenerako, bideragarria izango da. Kluba behartuta dago oinarrizko berritze lan batzuk egitera, Futbol Ligak behartuta, eta, bikoitza ordainduta, sekulako estadio polita eduki dezakegu datozen hamarkadetarako.

Berrikuntza lan osoa egiten bada, 23.000 edo 25.000 ikuslerentzako tokia izango luke Sadarrek. Ez al da gehiegi?

Egia da orain arte nahikoa izan dugula 20.000 ingururekin, partida batzuetan salbu. Baina ez dago gaizki eserleku gehiago edukitzea, momentu zehatz batzuetan hala behar bada.

Bazkideek atzera bota dituzte zuzendaritzaren aurrekontuak berriki. Hau da, agintarien kudeaketak ezinegona sortzen du oraindik ere jendearengan.

Garbi dago badela desadostasun pixka bat. Edonola, uste dut hori konpon daitekeela. Heldutasun handia dute gure zaleek, eta ziur naiz Osasunaren defentsan egingo dutela lan.

Hori bai, zelaiko jardunari begira, zaleen poztasunak gora egin du. Hamaikakoan nafar gehiago daudelako izango da? Edo estilo kontua da?

Denagatik da. Koktel moduko bat da: identifikatuta sentitzen dira taldearekin eta jokamoldearekin.

Bestalde, euskararen normalizaziorantz urratsak egiten ari da Osasuna. Azkena AEKrekin sinaturiko hitzarmena da. Poztuko zinen.

Noski. Badira kanpoko bizpahiru jokalari euskara ikasteko klaseetan izena eman dutenak. Jendeak normaltasunez eta naturaltasunez hartzen du euskarak hemen ere baduela presentzia, eta Nafarroako gizartearen zati bat euskaraz bizi garela. Osasunak erkidegoan duen oihartzuna kontuan izanik, normala da klubak arlo hori ere lantzea.

Talde barruan, beraz, geroz eta euskara gehiago entzungo da. Gainera, ezin ahaztu talde teknikoa ere euskalduna dela.

Hala da. Euskaldunok elkartzen garenean, euskaraz egiten dugu. Nik nolabaiteko ardura sentitzen dut. Izan ere, Osasunako kapitain izanik, badakit eredu naizela gazte euskaldun askorentzat. Eta ardura hori harrotasunez daramat. Osasuna beti erdal mundu batean bezala ezagutu dut, baina, Nafarroako gizartean bezala, euskarak bere espazioa du klub honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna