SAIOA ITXI

Hasiera / Iritzia

HIRUKO (H)ITZA

Zuloz beteriko gazta bat hizpide

MAITE MUTUBERRIA

Anjel Lertxundi

2019ko azaroak 3
Mandarinatoa eta unibertsitatea.

Amélie Nothomb-en Frappe-toi le coeur ('Jo zure bihotza') nobela argitaratu berriak kritika zorrotza egiten dio unibertsitateko irakasle dezentek kulturari dion destaina txolin friboloari; halako askok botere-zurubian gora egiteko orduan erakusten duen eskrupulu-faltari; abantaila profesional ekonomikoak lan intelektualaren guztiz gainetik jartzeari; irakaskuntzak berezkoa (omen) duen espiritu bokaziozkoari bizkarra erakusteari... Nobelako pertsonaietako batek dio halako irakasleez: «Mandarinatoa igo zaie burura, eta horrek ez ditu [irakasle] hobeak egin».

Aspalditik dator unibertsitateko makinaria burokratikoari mandarinatoa deitzea, mandarinek Txinan zuten hierarkia burokratiko zorrotz itxiaren izena aplikatuz hainbat unibertsitateko antolamenduari eta irakasleen promozio-sistemari.

Jakituriaren transmisioaren galgari eusteak ez du, ordea, inor mandarin egiten: unibertsitatean badago oso jende ona helburu dituena jakituria eta transmisioa, bikaintasun intelektuala, kulturaren promozioa; baina, horren ifrentzuan, nabarmena da endogamiak eta konpontxokeriak —jeloskortasun, zangotraba, konfabulazio eta mizkinkeriek— gaiztotutako giroa, askotan profesional onenen bikaintasun intelektuala abailduraz itotzerainokoa.

Han-hemen irakurri, entzun eta usaindu ditudanekin osatutakoa da unibertsitateaz dakidantxoa: unibertsitateko irakasleen promoziorako sistemari beti usmatu diot erantzukizun gutxi eta kastakrazia asko bazkatzen duen makinaria baten traza, irakasleen interesen araberako konspirazioek bultzatua eta autonomia unibertsitarioaren izenean —edo aitzakian— zuritua.

Paper-zopa.

Horri guztiari erantsi behar zaio paper-zopa deituko nukeena. Ikerketetako komunikazio, ponentzia eta artikulu laburrei deitzen zaie ingelesez paper eta paperok berebiziko garrantzia dute unibertsitate barruko promozioan gora egiteko: askotan interes intelektual gutxiko hainbat paper epe jakinetan bete beharrak ateak ixten omen dizkio arnasaldi luzeko jardun intelektual serio eta jarraituari Rafael Argullol idazlearen ustean. Argullol estetika-katedraduna da Pompeu Fabra unibertsitatean, eta behin baino gehiagotan salatu du unibertsitatea bere baitara bildu dela «antiintelektualismo berri baten eraginez eta paper sistemaren sakralizazioaren bidetik», eta eransten du paperon kontrol txorrotx bezain antzuak kreatibitate eta arrisku guztiak baztertzera eramaten dituela unibertsitateko irakasle berriak.

Begi-bistakoak dira sistema horren kalteak euskararentzat ingelesak paperotan duen toki hegemonikoarengatik; baita liburu formatua beharko luketen ikerketa luze sakonagoentzat ere; halaber dira kaltegarri saiakera literarioari ateak ixten zaizkiolako giltzarrapo lodienez (inoiz ez da lorpen intelektual seinalagarririk lortu hitzaren erabilera zabar batekin); orobat da kontuan izatekoa paperon existentzia oso zirkulu gutxi eta txikietan dela ezaguna eta erlatiboa duela baliagarritasuna curriculum pertsonaletik kanpo.

Paper bat ondo taxutzeko, garrantzitsuena da nonbait testuon metodologia ezagutzea eta kasuistika burokratikoa kontrolatzea, ez paperaren beraren garrantzia. Paper batek bere helburua betetakoan (eskalafoiaren zurubian gora egitea), beste paper bat, eta beste bat etorriko da curriculum akademikoa loditzera, nahiz paperon interesa askotan flakoa izan. Sistemak, zeinak ia paperok soilik izaten baititu kontuan, erdeinuz begiratzen die autoreak unibertsitatetik kanpo argitaratutako liburuei.

Deskribatzen ari naizen endogamiak fundamentu erreal pixka bat baldin badu, guztiz da kezkagarria euskararena bezalako kultur sistemarentzat. (Dena esate aldera: ez dut aitortu gabe utzi nahi Euskararen Institutuei diedan estimua lexikoan eta gramatikaren deskribapenean egiten ari diren lanarengatik).

Gruyere gaztarena.

Unibertsitateak formazio akademikoa, transmisio kulturala eta bikaintasun intelektuala baldin baditu helburu, honaino zirriborratu dudan panorama guztiz dago urruti arazo profesional hutsa izatetik. Kasta endogamikoak ateak ixten dizkio unibertsitatea gizarteratzeari, ez du kanpoko interbentziorik nahi. Halatan, erakundeak uharte isolatu bat ematen du gizartearen ozeanoan: unibertsitatea gizartearen parte inportantea omen da, baina gizartetik aparte ikusten da bere marfilezko dorrean: kulturaren faro behar lukeenari ez zaio argirik ikusten, zubirik gabea da unibertsitatearen eta kalearen arteko arrakala.

Ez da beti hala izan. Salamanca, Coimbra, Praga, Leuwen, Krakobia, Leipzig... Errenazimendutik ia gaurdaino bertako unibertsitatearekin lotzen ditugu: unibertsitateak eman zien ospea, zerbitzuek, ekonomiak, jardun kulturalek elkartzen zituen bi-biak askotariko harremanean. Hiri horietan guztietan zegoen kobazuloren edo harperen bat, non deabruak ere bere eskola propioa baitzuen: unibertsitateko ortodoxia akademikoaren parez pare deabruaren —heterodoxiaren— eskola zegoen. Ederra da! Ikatza urre, argia ilunpe eta egia gezur bihurtzeko formula eta kalamatrikak irakasten zituen deabruak bertan. Jakin nahi zuenak arriskatu beharra zuen. Axularrek, halaxe: ez zuen jakintzen ifrentzua ezagutzeko aukera galdu nahi izan, ezta ordainetan arima eman behar bazion ere deabruari.

Desagertu zen hori guztia, unibertsitateak ugaritu dira (ia hiri bakoitzak du berea) eta baita guztiz masifikatu ere. Bururatzen zait unibertsitateak jatorrizko humanismoren arima saldu duela garai berriei nola aurre egin asmatu ezinez. Baina alferrik da nostalgia: bizi ditugun garaiotako utilitarismoa nagusitu da kapitalismoak unibertsitateetan gizendutako «jakintza aplikatuen» eskutik, lan akademikoaren ikuspegi gero eta ekonomizistagoa egin da bertako programen jabe.

Humanismoak, unibertsitateek beren sorreran giltzarri izan zuten espirituak, ez du tokirik programetan, ikasleen eskolatze prozesu osoak eskainitako kultur formazioak gruyere gazta batek baino zulo gehiago ditu. Humanismorik gabe ulertu ezin diren ikasketetako programetan ere (irakaskuntzan, medikuntzan, zuzenbidean...) ez dago humanismoarekin zerikusirik duen gairik, kultura klasikoa —garenaren oinarria— aspaldi desterratu zuten. Tristeena da unibertsitateko profesional gutxi ikusten dela hausnarrean unibertsitatearen erantzukizun intelektual eta sozialari buruz...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna