Gorka Arrese.
LAU BEGI

Inteligentziaren markak

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun

Marrazten.

 

Hutsetik formaranzko urratsa da marrazkia. Lerroa irudikatu duenak mugimendua pentsatu du. Ekintza bat da forma: inteligentziaren marka. Formak organikoa bihurtzen du ideia.

Hara!, ezkertia zara marrazten! Zure begiaren distira, asmamenaren doinua, eskuaren dantza, borondatearen arrastoa, eta... ustekabean, zer agertu da hemen?: «hau ez da arbola bat», «hau ez da txabola bat», «hau ez da pistola bat». Aizu, zer da ba orduan? Marrazki bat da: itxura, irudia, ikonoa, ikurra, sinboloa.

Halako batean, esku horren hezurrak eta lotailuak, giharrak eta nerbioak, bost atzamarren gaitasunak eta trebeziak hasi dira, baita ere, hizkuntzaren artikulazioaz arduratzen: alfabetoa!

Tira, orain... demagun eskuina zarela zu. Bi marrez, mesedez, egizu L bat (segaren antzekoa) edo T bat (mailuaren tankerakoa). Hizki larri eta sinple horiek osatzeko, ziur aski, lehendabizi goitik beherako marra egin duzu, eta ondoren ezkerretik eskuinerakoa. Berdin egingo zenuke H bat: goitik behera bi marra aurrena, eta ezker-eskuin gero; horixe da zehazki zure ohitura, sekuentziaren ordena; asmatu dut, ezta?

Jolas bat baino zerbait gehiago da marrak egiten jardutea. Adibide bat, ipuin arin hau: «Oi!, zeinen marrazki polita! Egingo al zenidake itsasontzi bat?». «Zer nahi duzu, oporretara joateko?». «Ez, arrantzarako, gose daude-eta haurrak».

Edergintzan.

Idaztea, lehen, marraztea zen, esatearen eta egitearen arteko edergintza. Marrak eta lerroak irristatzen zituen eskuak, formaren bila zebilen akzio muskularra, teknikaren memoria errepikatzen zuen, kaligrafia bat zeukan (edo kalegrafia, hormetan eta komunetan), nortasunaren estiloa igartzen zitzaion.

Han zeuden: paperaren eta arkatzaren arteko fereka, puntuaren desplazamendua marraren sigi-sagarantz, akatsaren zuzenketaren zirriborroa, hitzen arteko espazio isilak, dena xuxurlan.

Tailerrean.

Idazmakinak inprimategia imitatu zuenean eta tramankulua etxean zarataka sartu zenean, tipografiak ordezkatu egin zuen marrazkia. Mekanografoak ginen: qwerty botoiak sakatzen genituen, palanka bultzatu, arrabola mugitu.

Han zeuden: paperaren kontrako kolpe tindatuak, atzamarren pultsazioak, hitzen arteko espazioen hotsak, ertzeko txilina, kalko orriaren kopia, mekanikaren taupadak, perkusioaren erritmoa.

Idazmolde batetik bestera (arkatzetik makinara) gauza asko aldatu ziren: ukimena, tresna, soinua, marraren zentzua, lerroaren zuzena, irudiaren eitea, espazioaren neurria, denboraren arnasa, eskuaren teknika, begiaren dinamika, testuaren plastika, ulermenaren abiadura.

Argitan.

Gaur egun, pantailaren argiaren eta botoiaren sentikortasunaren arteko konexioak obratzen du mirakulua. Papera ez da arbola, orain hodeia da.

Hor daude: leihoaren dirdira, hizki numeriko zehatzak, tipografia ugariak, tamaina aldagarriak, italiko iradokitzaileak eta bold nabarmenak, bilatzailea eta ikur zenbatzailea (3.589 karakter, hutsuneak barne).

Botoi berriek berreskuratu dituzte aspaldiko fereka eta xuxurla. Baina ez dago akatsaren arrastorik; edozein esaldi da mugikorra edo ordezkagarria; moztu, kopiatu, txertatu, ezabatu; abolituta dago zalantza, automatikoa da zuzenketa. Dena multi(a)plikazio bizkorraren mesedetan.

Tailerra baldin bazen idazmakina, laborategia da pantaila. Akabo zaratak eta azantzak. Isil-isilik idazten da orain berriro, sekretuak kontatzen ariko bagina bezala, baina mundu guztiak irakur ditzan. Globala izan nahi du zurrumurruak.

Argi geratu da: teknika artistikoak, musikalak, literarioak ohartezina izan behar du, gogoeta bidez bakarrik antzemateko modukoa. Izan ere, makina onak ez du zaratarik egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.