Gorka Arrese.
LAU BEGI

Esate baterako

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Aditzak.

Gehien gustatzen zaizkidan hitzak dira aditzak. Esaldietan eragiketa nagusiak egiten dituzten giltzak dirudite; gehi, ken, bider, zati, berdin eta halako matematika ikurren tankerako operazioak egiten jarduten dute.

Pierre Helie (1150): «Aditzak gobernatzen du perpausa».

Thomas Hobbes (1654): «Subjektuaren eta predikatuaren arteko hitzak, aditzak eratzen du ideia».

Jacob Grimm (1851): «Badirudi aditzak eta izenordainak direla hizkuntzaren benetako palankak».

Behin eta berriz erabiltzen ditugu: izan, egin, egon, ari, behar, nahi, ahal, eduki, hasi, ibili, etorri, joan, jan, jo, jakin, ikusi, ikasi, ekarri, sartu, irten, hartu, eman, entzun, esan... Ez esan ez direla ederrak!

Paul Valery (1916): «Aditzaren obra dira esaldiak. Hizkuntzen miraria da aditza».

Michel Foucault (1966): «Aditza da diskurtso ororen kondizio ezinbestekoa. Aditzik ezean, ezin esan liteke hizkuntza dagoenik. Baieztatu egiten du aditzak, adierazi eta juzgatu». [Uste dut Claude Lancelot gramatikalari eta pedagogoak 1660an idatzitako ideia berreskuratu zuela Foucaultek].

Agidanez, tresna funtsezkoak dira aditzak: klabeak.

Metaforak.

Batzuek uste dute mintza daitezkeela metaforarik gabe. Harrituta nago, benetan zaila (ezinezkoa) baita metaforarik gabe hitz egitea. «Harrituta nago»: geldi, ez atzera ez aurrera; harri bat naiz. «Sututa zaude»: ez hotz ez epel, eta oso bero baino gehiago; suzkoa zara.

Adiera aldatzea da metaforaren eragiketa, adiera finkotik lerratzea adiera itxurazkora. Ekibalentziak egiten ditugu metaforen bidez: sututa zaude = haserretu egin zara; lehertuta nago = arnasarik gabe.

Metaforekin mintzatzen gara egunero. «Denbora galtzen ari zarete» (denbora galdu, irabazi, topatu, gastatu edo amaitu ahal izango balitz bezala). «Eramanezina da bizitza modernoaren erritmoa». «Maldan behera doa ekonomia». «Desagertu egin da nire bizikleta». «Gure herriaren etorkizuna dago jokoan». «Itsutu egin dira Euskal Telebistan». «Albisteen egarri bizi gara». «Garesti saltzen da zoriona». «Arrastoa utzi du bere nortasunak». «Odol berria behar du literaturak». «Txoratuta naukazu». «Gora Euskadi askatuta!». Esaldi horiek guztiak arruntak direnez, ez zaigu iruditzen metaforak direla; lexiko bihurtu ditugu, hiztegian jasota daude.

Hitzak, esaldiak, ideiak, pentsamenduak... objektuen modukoak dira. Eta egin litezke: atera, sartu, ezkutatu, erakutsi, eman, kendu, erabili, eta abar. «Ideia ona eman didazu», «Ez du hitzik atera», «Ezin zaio ideia berririk buruan sartu», «Zuk esandakoak erabili ditut», «Hitza kendu diote», «Ideiak lapurtzen dizkigute», «Denen ahotan dabil zure izena».

Kontzeptuak.

Metaforek egituratzen dute kontzeptuen gure sistema. Hitzek ez dute errealitatea aldatzen, baina kontzeptuek (zaharrek eta berriek) errealitatea egituratzen eta espresatzen dute, mundua pertzibitzeko forman eragiten dute.

Eta gure gorputzaren arabera, gure lurraldearen edo bizitokiaren arabera, gure hizkuntzaren kulturaren arabera osatzen ditugu kontzeptuak.

Adibidez, makina bat da gure gogoa: «Gauetan ez dit buruak funtzionatzen», «Kontrola galtzen ari naiz», «Pitzatu egin al zara?», «Amatatu egin zaio gogoa», «Erabili burua!», «Herdoilduta nago gaur», «Adimena zorroztu behar genuke», «Orain ere lantegi ederra eman diozu buruari», «Begia baino lasterrago dabil beti gogoa».

Gure esaldiak, sinboloak, pentsamenduak egituratzen dituzte metaforek. Gure ikuspuntua eta klasea salatzen dituzte metaforek, ikuskera eta ideologia.

Pertsuasioa.

Hitzarekin egiten da kontakizuna. Hitzarekin egiten da diskurtsoa. Eta diskurtsoak asmoa du beti: batek besteari ideia txertatzea.

Konpreniarazi: hurbildu, harrapatu, lotu. Buruan sartu: geureganatu, menderatu. Konbentzitu: gailendu, bentzutu. Bakea egin: amore eman, atzera egin. Onartu: ontzat eman, aintzat hartu, etsi.

«Hitza daukanak ezpata dauka», esan omen zuen Gorgias sofistak. Kritika egiten ari ote zitzaion Demokraziako propagandari?, botereari?

Izan ere, hitzarekin gailentzen da bat, edo talde bat, edo komunitate bat. Esaldien bitartez informatzen, konbentzitzen, antolatzen, gidatzen, kontrolatzen da jendartea.

Ezpata erabiltzen duenak gorputzak menderatzen ahal ditu, baina oraindik libre dabilke jendearen gogoa. Esaldiak erabiltzen dituenak, ordea, gogoak menderatzen ahal ditu, eta honela morroi bihurtzen ditu gorputzak ere.

Arte bat da hitzaren erabilera. Eta hitzaren artearen bidez dator pertsuasioa: influentzia soziala. Filosofia bezain aspaldikoak dira Erretorika eta Dialektika.

Hitzaren jabea denak zer egiten du? Edukitzen eta erabiltzen ditu hitzak, eduki eta erabili beharrik gabe gauzak.

Hitzaren jabetzak ematen ditu autoritatea eta boterea. Nork du autoritatea?: hitzak eta ekintzak praktikatzen dituenak. Nork du boterea?: hitzak eta ekintzak menderatzen dituenak.

Roland Barthes idazleak abisatu zigun: «Signoak eta armak gauza bera dira; semantikoak dira gudu guztiak».

Eztabaidak izan ohi ditugu elkarrekin hizketan: dialogoa eta dialektika.

Eta iritzien trukea izan liteke lehiazkoa edo kooperaziozkoa.

Gerra edo dantza.

Borroka edo besarkada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.