Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Yohiside Ulrich margolariaren bidaia mendeetan zehar

Publizitatea

Kultura

Yohiside Ulrich margolariaren bidaia mendeetan zehar

Azpeitiko Urrestilla auzoan (Gipuzkoa) jaio zen, 1963an. Kazetaritzan lizentziaduna, Kcappo, Irene eta Krisalida nobelek osatutako trilogiak eman zion sona euskal literaturaren panoraman. Ordutik, eleberriaz gainera, genero guztiak landu ditu: poesia (Libreta horiko poemak, adibidez), narrazio bilduma (Auto-stopeko ipuinak), antzerkia, saiakera, kronikak eta biografiak. Bitan irabazi du Rikardo Arregi saria (1992 eta 1993an), eta hedabideetako ohiko kolaboratzaile eta iritzi emailea da.

2016-07-17 / Pako Aristi

Yohiside Ulrich margolariaren bizitza oso bitxia gertatu izan zaie beti bere biografoei, ´ezin besarkatuzkoa´ bere urteen luzeran, biografo guztiak baino gehiago bizi izan delako. Misterio bat da: aldiro-aldiro, garai eta toki ezberdinetan, etengabe agertzen joan dira berari buruzko agiri eta albisteak. Agerpen horiek izen bereko beste pertsona batzuenak ziren, edo margolari ospetsuaren birrenkarnazioak, hori ezin jakin oraingoz. Egia den arren jaso diren pasadizo guztiei Yohiside Ulrichen antzeko jenio bizia dariela, antzeko nortasuna eta antzeko logika, ero-punttu batez bustirik denak ere.

Yohisideri buruz ezagutzen diren lehen aztarnak VI. mendean Japonian aurkitutako dokumentu batzuk dira. Buda potoloak margotzen zituen zorte handirik gabeko artista zen, antza. Egun batean auzoko etxeak su hartu zuen. Yohiside Ulrich kanpora atera zen korrika, eta haren atzetik bere familia. Yohiside lurrean eseri zen lasai, auzo-etxeko sugarrak bere etxera nola igarotzen ziren ikustera. Jendea oihuka hasi omen zitzaion:

-Zer egiten duk hor? Etxea erreko zaik!

Yohiside irribarretsu zegoen, suari begira-begira:

-Orain konturatzen nauk zein gaizki margotzen nituen infernuko sugarrak! Ai! Hau duk lezio ederra!

Jendearen harridurarako, etxekoen desesperaziorako, Yohisidek hantxe jarraitu zuen geldirik, suari begira, etxea goitik beheraino erre zitzaion arte. Baina handik gutxira margolaririk onena bilakatu zen sugarrak margotzen, enkargu ugari iristen hasi zitzaion, eskola bat sortu zuen eta erretakoa baino etxe politagoa erosi ahal izan zuen.

-Zein da zure sekretua? —galdetzen zioten ikasleek.

-Desikastea! —erantzuten zuen berak.

Eta haiek, ikasleak ziren aldetik, desikastea zer den ulertzen ez zutelarik, labur bukatzen zuen:

-Errealitateaz ezarri dizkiguten irudikapenak deuseztea da. Ikusten duzuna margotu, ez ikasi duzuna!

Dokumentatua dagoen Yohiside Ulrichen hurrengo agerpena Florentzian gertatzen da, XV. mendean, eta are harrigarriagoa da, espetxera eraman zuen auzi bat kontatzen baita bertan. Itsuei margotzen erakusteko eskola bat antolatu zuen. Lehen egunean itsu bakar bat agertu zen, eta bere helburuak agertu zizkion maisuari.

-Elurra margotzen ikasi nahi dut. Nolakoa da elurra?

-Txuria —erantzun zion Yohisidek.

-Baina… txuria zer da?

-Txuria… -Yohiside hitzen bila zebilen- txuria esnea da.

-Eta esnea nolakoa da?

-Esnea ibaian dauden hegazti horiek bezalakoa da, badakizu, zisneak…

-A! —esan zuen itsuak.

Eta laster batean:

-Nolakoa da zisne bat?

-Hegazti handi bat, lepo luzeduna, honelakoxe mokoa duena…

Yohisidek ukabilarekin zisnearen mokoa imitatu zuen. Itsuak eskua luzatu eta Yohisideren esku bihurritua laztandu zuen luzaro:

-Orain bai, orain ikusten dut nolakoa den elurra!

Yohisidek ez zion bere okerra zuzendu itsuari, baina hau beste itsu batzuei elurra zer zen erakusten hasi zitzaienean iritsi zen auzia agintariengana, norbait hitzen esanahia aldatzen zebilela hirian, eta epaitegira eraman zuten.

-Dena definitu beharrak hiltzen du jakinmina —oihukatu zuen bere defentsan-. Irudiak hegan doaz, eta hitzak oinez. Hegaldatu gaitezen, jaunak!

Hurrena Holandan aurkituko dugu, Nuenen herrian, 1885. urtean. Taberna batean dago, margolari figuratibo baten ondoan. ´Vincent deitzen naiz´, esan dio honek, ´Vincent Van Gogh´. Yohisidek ez du ezagutzen. Van Gogh delakoak inguruko nekazariak margotzen ditu, soroak, arbolak. Baina gaur triste dago: herriko parrokoak debekatu egin die nekazariei artistaren aurrean posatzea, bere modelo izandako neska baten sabel hanpatua Van Gogh demonioaren obra delakoan.

-Istorio bat kontatuko dizut —Yohisidek edalontzia baztertu eta aurrez aurre begiratu dio-. Beirazko ispilua ez zen XVI. mendera arte etxeetan sartu. Ez zen gauza arrunta. Txinako nekazari bati orrazi bat erosteko agindu zion bere emazteak feria egunean. Baina hau mozkortu egin zen, eta etxera abiatzerakoan ezin zuen oroitu zer enkargatu zion emazteak. Bitan pentsatu gabe, ispilu bat erosi zuen. Mahai gainean utzi eta ohean etzan zen lotara. Emazteak ispilua eskuetan hartu zuenean negarrari eman zion. Aurki agertu zen ama, zer zuen galdezka. ´Nire senarrak emakume bat ekarri du feriatik´, erantzun zion ispilua emanez. Amak ispilua begiratu eta lasaitzeko agindu zion: ´Ez kezkatu, txoliña, emakumea oso zaharra dun´.

Van Gogh zutitu egin da deblauki, begiak zabalik:

-Hori da! Mila esker!

Abiatzera dihoanean Yohisidek besotik heldu dio:

-Zer gertatzen zaizu?

-Hori da, hain sinplea: Errealitatea ispilu bat da, geure burua agertzen diguna. Paisaia ez da existitzen, nik nola ikusten dudan baizik.

Urtea bukatzerako Van Gogh Amberesera joango da, gero Parisera… aurkitua zuen bere estiloa, koloreen erabilera subjektiboa, emozioak paisaiari gailenduko zitzaizkion zeharbidea.

Buenos Airesko ´La Nación´ egunkarian agertzen da Yohiside Ulrichi buruzko hurrengo aipamena, Jorge Oteizari 1945an egin zioten elkarrizketa batean. Honela zion bertan Orioko artista handiak: ´Yohiside Ulrich izan da figuraziotik abstrakziorako bidea erakutsi didana´. Garai hartan Gerra Zibiletik ihesi joandako euskal erbesteratu asko zegoen Buenos Airesen, eta egun batean Yohiside haien artean agertu zela kontatzen du Oteizak, eta berari zuzenean galdetu ziola:

-Zer da etxe batean garrantzitsuena?

´Teilatua eta paretak´ erantzutera zihoan Oteiza automatikoki, baina…

-Itxoin, itxoin… -esan zuen denbora aprobetxatuz-Barruko hutsunea! Horratx!

´Nola ez nintzen lehenago konturatu!´, dio bukaeran Oteizak, ´espazioaren gabezia da gizaki modernoaren tragedia´. Aurrerantzean hutsuneak, ezerezak definituko zuen oriotarraren obra.

Oteizak Euskal Herrira gonbidatu zuen Yohiside Ulrich, baina ez dakigu nola, Santa Agedan bukatu zuen. Gaixo gehiegi zegoela eta, hiru ero hartu zituen zuzendariak, tartean Yohiside, alta eman nahian. Azterketa egin zien.

-Zenbat dira bi gehi bi? —galdetu zion zuzendariak lehen eroari.

-43! —erantzun zuen serio.

Ai! Zuzendariaren gogaimena!

Bigarren eroari errepikatu zion galdera.

-Zenbat dira bi gehi bi?

-Asteazkena! —erantzun zuen irribarretsu.

Ai! Zuzendariaren etsipena!

Yohisideren txanda zen:

-Zenbat dira bi gehi bi?

-Lau!

Zuzendariaren poza! Alta eman zion berehala. Kanpora zihoalarik ezin galdetu gabe utzi, ordea:

-Aizu, nola asmatu duzu erantzuna?

Yohisidek irribarretsu erantzun zion:

-Oso erraza: 43ri asteazkena kenduta!

Geroztik gure artean dabil Yohiside Ulrich, Donostia-16 boikoteatu nahian, baina hori beste biografo batek kontatu beharko du. Izan ere, gaur goizean jaso ditut medikuaren analisiak, eta emaitzak ez dira, itxura batean, bat ere onak, ez dira bat ere itxaropentsuak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak