HIRUKO (H)ITZA

Buruan daramagun gauza ilunen zama

MAITE MUTUBERRIA

Anjel Lertxundi -

2018ko urriak 14
Ez gara uste dugunak.

«Ez gara sekula guk uste dugun modukoak, ezta idazten dugunean ere», zioen Sonia Gonzálezek orain bi aste Argian. Hitzok beste testuinguru batean esanak badira ere, balio dute nire gaurko garirako: hizkuntzak esaten duena gure ahotik nahiz gure lumarekin gu ohartu gabe. Andoni Egañak, filologiako ikasle zela, lan bat egin behar izan zuen nire Goiko kale nobelaz (barkatuko ahal zait pasadizo pertsonal baten lizentzia). Izan genuen solas hartatik, Egañaren obserbazio bat gelditu zait iltzatuta: liburua nahiko autobiografikoa da eta bertan ageri den amak ez du ekonomikako sua suspertzen, ez du lixibarik egiten, ez ditu seme-alaben belaunburuak igurzten espartzuarekin: ez da ama konbentzional bat. Lehendabiziko ezustearen ondoren, argitu nion ama beti gaixo ezagutu nuela, neskame batek egiten zituela etxeko lanak. Oharkabean, ama ez ohiko bat —pasiboa, irakurlea, solastia…— islatu nuen nik, eta Egañaren begirada zorrotzak horixe harrapatu.

Arrazoi du Gonzálezek: ez gara uste dugun modukoak, irakurleak bere mundutik jasotzen du deskribatzen diogun mundua. Obra literario batek kontatutakoa ez da sekula eta osoro idazleak uste duena, ez dago ziurtasunik obra horrek sortzen duen eremu berrian, trazu bakarreko pertsonaia lauek ez dute funtzionatzen, irakurketa unibokoak ez dira sinesgarri, zentzu bakarreko bideek ez daramate inora, bertako paisajeak oso landare estimatuak ditu elipsia, anbiguotasuna, ironia, paradoxa, oso estimatuak ditu zomorroak, tximeletak, erleak bezalako bizialdi aldakorreko izakiak… Kafkak zomorro gisa irudikatu gintuen bere narrazio ezagunean: hizkuntza lagun, gure izaeran daramagu metamorfosia.

Gizonak esanez egoeraren bat jeneralizatzen dugunean, emakumeak benetan kabitzen dira gizonak etiketapean? Baiezkoan bageunde ere, hitzak esaten duena esaten du, kontrolatzen ez ditugun mekanismoak eta iruditeriak aktibatzen ditu. «Gizon izatea bai ditxa! Gizona! Zein hitz handia!» Maxim Gorkik hori idatzi zuenean, gizona esan nahi zuen literalki? Arrez ari zen ala kontzeptu zabalagoa zegoen bere miresmenaren atzean, emakumeak ere altzoan hartzen zituen? Ezin diogu galdetu, baina idazlearen biografia ezagututa, esan liteke Gorkiren buruan ez zeudela arrak baino, gizon generikoaren egoitzean emakumeak ez zuela tokirik. Emakume bat goretsi nahi denean, batez ere haren patriotismoa, «benetako gizon bat zara (ematen duzu)» esaten omen dute errusiarrek. Halako testuinguru batean bazkatuak dira Gorkik esandakoak: memoria iristen zaigun puntutik gaurdaino, gizonezkoen egitekoak dira historia eta mundua.

Oztopo ala pagotxa?

Egun batez, kontatzen du Imre Kértesz nobelagileak, irakurle aleman batek galdetu omen zion nola idatz zitezkeen maitasun nobelak hungarieraz, hizkuntza hark ez baititu maskulinoa eta femeninoa desberdintzen (grosso modo, euskaraz bezala). Fortunaz, maitasunari buruz idazteaz galdetu zuen alemanak, eta ez nola maita litekeen jenerorik gabe. Ematen du irakurle aleman harrituak ez zuela testuingurua estimatzen edo ez zuela testuinguruaren indarra ezagutzen. Tamalez, Imre Kérteszek ez du esaten zer erantzun zion irakurle alemanari.

Gurean ere hainbatek handicaptzat jotzen du genero bakar biltzailea: «Zein praktikoa frantsesaren edo gaztelaniaren jokabidea, beti garbi utziz pertsonaien sexua!». Baina idazleentzat anbiguotasuna ez zen ba lan-tresna bazterrezin bat, interpretazioen ugaritasun noranahikoa ez da ba literaturaren giltza? Bai, kexatzea baino luzituagoa da genero bakar biltzaileari txirbilak ateratzea, hobe etengabe langak jartzen ibiltzea baino sexuen artean: hau emakumea da, hau gizonezkoa, horko hori una anciana, bitxi-denda hartan sartu dena un individuo sospechoso...

Euskarak hori baino eremu zabalagoa eskaintzen dio anbiguotasunari, eta, ondorioz, maitasunaren kontzeptua ere hainbeste markajerik gabe agertzen da. Konta liteke maitasuna prototipo nagusiaren —heterosexualitatearen— aipamenik egin gabe, maitasuna bera beste deus emateke. Bi pertsona elkar maitatzen. Maitasunaren plazer betea konbentzioetatik isolatua.

Genero bakar batzaileak, bi generoen zamarik ez izateaz gainera, berarekin ditu, eta ez gutxi, literaturak balia ditzakeen abaguneak ere. Demagun polizia nobela bat, Quenauren estiloan idatzia: orriz orri sinestarazten zaigu emakume bat dela kontakizuneko kriminala, harik eta nobelaren azken paragrafoan haren epitafioa irakurtzen dugun arte: Hemen datza Alberto Belaustegi...

Genero-desberdintasunak erdi neutralizatzen dituen hizkuntza batek —hungarierak, euskarak…— ez gaitu sexuaren arabera hainbeste banatzen: todos esanda ez bezala daude emakumeak ordezkatuta denok esanda. Hala ere, euskararen hezurduran badira han-hemen sexismoaren gainezkabideak, matxismoari erakargarriak egiten zaizkion talaiak, hitanoa bereziki. Ez dago hizkuntzaren brigadako polizia izan beharrik arazoak seinalatzeko: hizkuntzaren egituran badira sexismoa aiseago hauspotzen duten elementuak, generoa nagusiki. Gizartean dagoena islatzen duela hizkuntzak? Bai, baina hainbat kasutan gramatikalki zuzen denak sozialki oker dena errazten du.

Hizkuntzaren pedagogia inklusibo batek kalterik ez, joan zen astean aipatzen nuen Heinrich Böllena gogoan: «hizkuntza bizigarri bat landu nahi dut herri bizigarri batean». Horretarako, ordea, hizkuntzaren martxak eta gizartearenak horizonte bera eduki behar.

Auzo lausoarena.

«Bagenuen auzo bat gure etxean sarrera sarria zuena. Gurasoak etxean falta ziren batean, atea jo zuten, auzoa zen. Gurasoak medikuarenera joanak zirela eta bakarrik nengoela esan nion nik. Eskua pasatu zidan buruan, oso adeitsu, eta etxean sartu zen. Seguru zaude ez dagoela inor?, galdetu zidan. Aitzakia bat orain, beste bat gero, gela guztiak begiratu zituen. Behin egongelan. Sofa batean eserarazi ninduen, ilea usaindu zidan, lepoa igurzten hasi zitzaidan. Eta besoak. Eta izterrak. Zu lasai, esaten zidan behin eta berriro, ez dizut-eta ezer txarrik egingo».

Testu batek testuingurua dakar berarekin: esan beharra dago zein den hizketan ari denaren sexua, zein den auzoarena? Pisuegia da buruan denok daramagun gauza ilunen mendeetako zama irakurleak edo entzuleak tontotzat hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna