Ivan Ramis. Eibarreko jokalaria

«Klubak ez zuen nahi nik hemen jarraitzea»

Ivan Ramisek ez daki segituko duen, kontratua amaitzen zaiolako. Kapitainak aitortu du iaz Mendilibarrek eskatu ziola klubari lan hitzarmena luzatzeko.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Entrenamendu amaieran, lasai ederrean ibili dira Eibarreko jokalariak. Lan horiek bukatu eta berehala azaldu da prest Ivan Ramis (Sa Pobla, Herrialde Katalanak, 1984), elkarrizketa egiteko. Prentsa aretoan prentsaurrekoa dagoenez, Atxabalpeko harmailaren hasieran erantzun ditu galderak.

Ondo ari zareten bi taldeen arteko derbia jokatuko duzue bihar Mendizorrotzan. Erakargarria da partida.

Oso garrantzitsua da, irabazten badiegu haiengandik gertu jarriko garelako, gu ere sailkapenaren goialdean. Gauzak ondo egin beharko ditugu puntuak ateratzeko, eta ezinbestean, ongi jokatu beharko dugu hasieran, partidaren erritmora ahalik eta azkarrena egokitzeko.

Irabazten baduzue, mailari eusteko helburua lortzetik oso gertu izango zinatekete, gainera.

Hiru puntu oso garrantzitsuak dira, eta baliteke salbazioa emango diguten puntuak izatea, goiz den arren oraindik. Gustatuko litzaiguke lehenbailehen lortzea helburua, beste gauza batzuetan pentsatzeko aukera izateko, azken hiru denboraldietan bezala. Gauza politak lortzeko ilusioa eduki nahi dugu. Leku lasaian gaude, baina ezin dugu lo hartu. Aurkariak asko estutzen duten garaia izaten da hau, denek dutelako zerbait jokoan. Alaves, esate baterako, goian jarraitzeko lehian ari da.

Nolako taldea da Alaves?

Zaila. Pazientzia handiarekin jokatzen dute zaleen aurrean, puntu asko partiden hondarrean lortu dituztelako. Guk gure jokoa egin behar dugu, min eman gure ezaugarriekin, eta uste dut gai garela irabazteko. Baina umiltasunez eta lanerako joan behar dugu.

Baduzue garaia etxetik kanpo irabazteko, ezta? Urrun dago garaipen bakar hori.

Hala da. Oso ezberdinak dira etxean daramagun emaitza bolada ona eta kanpoan egiten ari garena. Baina partida bakoitza ezberdina izaten da, eta, biharkoa denez hurrengoa, hor bakarrik jarri behar dugu arreta.

Zergatik ari zarete hain puntu gutxi ateratzen etxetik kanpo?

Aurkariak etxean ari dira, eta askotan berdindu edota irauli izan digute emaitza. Ez da jokoarengatik, futbolean gertatzen diren gauzengatik da, eta kasualitatea da beti etxetik kanpo gertatzea, eta ez etxean.

Azkeneko hiru partidetan jokoa galdu duzue?

Horrela gertatu da, besterik gabe. Celtaren aurka ez genuen ikusgarri jokatu, baina irabazteko gai izan ginen. Athleticen aurka hasiera egin genuen txarra, eta Getafek berak nahi zuen bezala jokatzera behartu gintuen, baina gai izan ginen emaitza berdintzeko.

Zure lana aztertzen hasita, denboraldi honetan ere lesioekin zabiltza, jokatu, ez jokatu.

Azkeneko lesioa osatu eta gero, aurreko igandean ez nintzen bete-betean aritu, denbora neramalako jokatu gabe. Baina ondo nagoen bakoitzean, entrenatzaileak jarri egiten nau hamaikakoan, eta taldekideek ere asko laguntzen didate. Horrek motibazioa handitzen dit, topera nagoela erakusteko.

Zergatik izaten dituzu hainbeste lesio?

Gertatu egiten delako. Probak egiten ditugu, hobetzeko lanak ere bai, eta horrela izatea ari zait tokatzen, besterik gabe. Saiatzen ari gara bide oker hau aldatzen.

Pentsatzekoa da gozakaitz ibiliko zarela, ezta?

Bete-betean ez naiz ari gozatzen, baina partidetan saiatzen naiz gozatzen. Entrenatzen ere gustura nabil. Baina lesioaren kontu honegatik ez naiz ari ondo pasatzen, hobetzeko lana egin eta gero berriz min hartzea gogorra delako. Baina lanean segitu behar dut, eta baikorra izan. Ohitu egin naiz minberatuta jokatzen.

Eibarrera etorri aurretik ere horrela ibili zinen?

Ez. Kasualitatea da. Saiatzen naiz azalpena aurkitzen, baina ez dudanez lortzen, mentalitatea aldatzen ari naiz, baikorra izateko. Lortu behar dut nire ezkortasuna baikortasun bihurtzea.

Egoera txarrek ere ba omen dute alderdi ona. Zer du onik egoera honek?

Oraindik ezer ez [barrezka], zain nago. Onena da sendatu bezain azkar hamaikakoan jartzen nauela entrenatzaileak, eta asko eskertzen diot. Egunero egiten dudan lanaren ondorio da hori.

Mendilibarrek goraipatu egin zintuen prentsaurreko batean. Gustura entzungo zenituen hitzok, ezta?

Bai. Entrenatzaileak pentsatzea eta esatea bete-betean egon gabe baliagarri izan naitekeela, oso ona da.

Jokalari azkarra zarela dio Mendilibarrek, eta erakutsi zenuen aurreko igandean, Celtako Maxi Gomez aurrelariaren aurkako buruz burukoetan, goiko baloietan. Azal dezakezu nola egin zenuen?

Ez nuen berarekin batera jauzi egiten, banekielako bakarrik zegoela, ni baino garaiagoa dela, eta hark buruz baloia ukituta ere, guretzat izango zela, atzean nituelako Anaitz [Arbilla] eta Marko [Dmitrovic]. Gertatuko zenari aurrea hartzen saiatu baino ez nintzen egin, nire gabeziak ezkutatzeko.

Erdiko atzelaria izanik, Eibarren oraingo jokamoldearekin, oso aurreratuta egon behar duzu, eta abiaduraz ez zara azkarra. Hala ere, oso ondo moldatzen zara.

Ondo ibiltzen naiz, eta ohitzea da kontua. Aurreratuta badakigu jokoz kanpoa eragiteko aukera dugula, eta, hala ez denean, aurrelaria baino lehen hasi behar lekua hartzen. Jokoak eramaten zaitu egoera batera edo bestera.

Erosoagoa da atzerago jokatzea, taldekideez inguratuta?

Ordenatuago zaude, mugitzeko tarteak txikiagoak dira aurreratua egonda baino. Baina, azkenean, egoerei aurrea hartu behar zaie leku guztietan.

Kontratua ekainaren 30ean bukatuko zaizu. Bada albisterik?

Ez. Urtero bezala, bukaera arte egongo gara. Oraingoz, ez didate deitu klubetik, eta zain egon behar. Baina aukera daukat beste talderen batera joateko mugimenduak egiteko, kontratua aurten bukatzen zaidalako.

Ari zara mugitzen?

Mugitu beharko dut Eibarrek ez badit deitzen. Baina nire lehentasuna Eibarren geratzea da, eta, ahal bada, entrenatzaile honekin. Oso gustura nago.

Mendilibarrek jarraitzea ezinbesteko baldintza izango da zuk hemen segitzeko?

Ez naiz ari horretan pentsatzen. Entrenatzaileak eta biok berritzen badugu, ondo. Berak ez badu berritzen ere, uste dut nik jarraitu egingo nukeela. Hitz egitea da dena. Egia da Mendilibar hemen ez balego ni ez nintzela bertan egongo, bai baitakit klubak ez zuela nahi niri kontratua berritzea; hau da, nik hemen jarraitzea. Entrenatzailearen gauza da nik Eibarren segitzea.

Balizko negoziazioan, demagun klubak kontratua berritzeko eskaintzen dizula, baina gutxiago kobratuz, partida gutxiago jokatzen dituzulako lesioengatik. Onartuko zenuke eskaintza?

Ikusiko genuke, baina uste dut taldean eta zelaian dudan garrantzia hartu beharko lukeela kontuan klubak kontratu berriko dirua eskaintzeko orduan, eta ez jokatzen dudan partida kopurua.

Zer da taldeko kapitain izatea?

Gauza handia. Taldearen gidaria izatea tokatzen zait, baina lan erraza da, txapeldun handi batzuk direlako. Hala ere, denok bat gara, eta taldea bat eta bakarra da, denok gara kapitain.

Kapitain historiko asko izan ditu Eibarrek.

Ez ditut ezagutzen. Dani [Garcia] bakarrik ezagutzen dut, eta sekulako kapitaina izan zen. Oso lagun onak gara. Orain ni naiz Asierrekin [Riesgo] batera.

Azken urte luzeetan, zu zara bertakoa ez den kapitain bakarra. Zer esan nahi du horrek?

Nire izaera lan honetarako egokia dela esan nahi du. Danik esan zidan ea lagunduko nion, eta bigarren kapitain jarri ninduen. Euskal herritarra ez izanda, ez dezala inork pentsa kluba ez dudanik ondo zainduko. Eredu izan behar du kapitainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.