Aimar Olaizola. Baiko Pilotako aurrelaria

«Sasoirik onenean iritsi gara unerik erabakigarrienera»

Behetik gora eginda ailegatu dira binakakoaren finalerdietako ligaxkara Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea. Olaizola II.ak esan du «kosta» egin zaiela elkar hartzea, baina jada lortu dutela, eta orain «bikote sendoagoa» direla.

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ezker hankan izandako lesio larri baten erruz, Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979) «nahi baino askoz gutxiago» jokatu du azken urtean. Horregatik, «gustura» ari da Binakako Txapelketan, «astero» ari baita jokatzen, «gelditu behar izan gabe». Hark eta Mikel Urrutikoetxeak pattal ekin zioten lehen ligaxkari, eta aurreneko bederatzi partidetatik hiru besterik ez zituzten irabazi —Andoni Aretxabaletak Urrutikoetxea ordezkatu zuen bitan—. Baina abiada hartua dute aspalditik, eta irabazi egin dituzte elkarrekin jokatutako azken lau partidak. Horri esker, atariko kanporaketarako sailkatu ziren lehenbizi, eta finalerdietako ligaxkarako gero. Unai Laso eta Jon Ander Albisu enpresakideen aurka ariko dira igande honetan, Bilbon, Miribillan. «Irrikan» dira jokatzeko, eta bolada onari segida emateko.

«Erne! Badatozela Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea». Gero eta gehiago entzuten da hori. Zer pasatzen zaizue burutik hori entzundakoan?

Seinale ona dela [barrez]. Ondo ari garela eta kontuan hartzen gaituztela erakusten du.

Txapelketako garairik onenean zaudete. Elkarrekin jokatu dituzuen azken lau partidak irabazi dituzue.

Biak ari gara ondo. Ni gustura ari naiz azken hilabete pasatxotik hona: konfiantza eta txispa handiagoaz ari naiz, eta pilota azkarrago ateratzen zait eskutik. Mikel, berriz, gero eta konfiantza handiagoaz ari da. Normala da Mikeli hasieran kostatu izana, aurrelari batentzat oso zaila baita atzelari moduan aritzea. Baina gorakada handia izan du. Txapelketako sasoirik onenean gaude biok.

Alde handia dago ligaxkaren hasierarekin konparatuta?

Bai. Hala ere, nik ondo ikusi nuen neure burua hasieran; ez orain bezala, baina bai maila onean. Mikelek, berriz, lesio batetik osatu berritan ekin zion txapelketari, ia bi hilabete geldirik egon eta gero, eta hori gutxi ez, eta atzelari postuan. Horregatik, hasieran kosta egin zitzaigun elkar hartzea. Ez ginen bikote sendoa, eta bai irregularra. Baina jada badira aste batzuk ondo ari garela. Bikote sendoa gara orain.

«Hiruzpalau neurketa on jokatzea falta zaigu gora egiteko», zenioen lehen bederatzi jardunaldiak jokatuta, hiru garaipen besterik ez zenituztenean. Bete-betean asmatu duzu.

Ziur nintzen hala izango zela. Partida on bat egiten genuen, eta, jarraian, bi ez-onak. Eta txapelketa batean oso garrantzitsua da segida izatea. Eta guretzat oso inportantea izan da momentu erabakigarrietan gure onena eman dugula. Nik beti diot pilotariak une erabakigarri horietan eman behar duela barruan duen onena. Eta guk hori egin dugu kale edo baleko partidetan.

Zintzo erantzun: espero zenuen halako susperraldirik?

Nik beti eutsi diot fedeari, ikusten bainuen sei garaipen lortuta sailka gintezkeela. Gainera, lehia hasi zenean ikusi nuen gutaz aparte Irribarria eta Rezusta ere ez zebiltzala fin, eta, guri bezala, kosta egiten zitzaiela irabaztea. Hori gutxi ez, eta irabazi egin genien. Nahiz eta garaipenak kostata lortu, beti ikusi dut aukera zegoela sailkatzeko.

Bai zuk, bai Urrutikoetxeak, ohartarazi zenuten ez zeniotela sasoi betean ekin txapelketari. Halere, faboritoen artean sartu zintuzteten segituan.

Jendeak asko begiratzen dio izenari, eta gu txapeldun izan ginen duela lau urte. Baina argi geratuda izenak ez dituela partidak irabazten, eta ondo jokatu beharra dagoela. Gainera, nik uste dut jendea ez dela konturatzen zein meritu handia duen Mikelek aurrelari izanda, atzelari gisa jokatuta, are gehiago halako txapelketa handi batean. Sekulako meritua du. Horregatik, nik ez nuen horren faborito ikusten geure burua. Beste bikote batzuk ikusten nituen gurea baino sendoagoak.

2016an egindakoa zuten gogoan denok, baina zuk esana da ez zaudetela orduko mailan. Zertan egin duzue behera?

Urteak pasatu dira ordutik. Nik jada 40 urte ditut, eta ezin ditut lehen egiten nituen aldeak markatu. Horregatik ere uste nuen zaila izango zela ordukoa berriz egitea. Nik banuen fedea Mikelengan, baina Mikelek ere denbora behar zuen, lesionatuta egon zelako. Zorionez, gero eta hobeto ari gara, eta jada finalerdietan gaude. Oso pozik gaude.

Izaera lehiakorrari, behintzat, eusten diozue. Besteren batek, zuen egoeran, aspaldi emango zuen amore.

Nik beti pentsatu eta erakutsi dut azkeneraino borrokatu behar dela, barruan duzun guztia emanez.

Horretarako, buruz indartsu izan beharra dago.

Bai, baina Mikelek eta biok nahiko eskarmentu dugu; biok egon gara makina bat aldiz halako egoera estuetan. Horregatik, bagenuen esperantza gurea eginez gero egoera irauliko genuela.

Bikoterik helduena zarete. Horrek zerikusia izan du behetik gorako jarduna egiteko?

Ez, eta ez dugu ere hala planteatu. Nik ez dut ezer berezirik egin hala izan dadin, ezta Mikelek ere. Hala ere, haren kasuan bai izan daiteke normala behetik gora egin izana: batetik, bi hilabete geldirik egon ondoren eta hasi aurretik partida bakarra jokatu eta gero ekin zion binakakoari; bestetik, denbora asko zeraman atzean jokatu gabe, eta tartea behar zuen egokitzeko.

Horren ezberdina da Urrutikoetxearekin aritzea?

Bai. Ez dugu beste bikoteek bezala jokatzen; gure jokatzeko era ezberdina da. Mikelek, adibidez, beste atzelariek baino gehiago jotzen dio pilotari airez. Beste bikoteek guk baino gehiago dominatzen dute, atzelari oso indartsuak baitituzte, eta ohituta baitaude atzean jokatzen. Horren ondorioz, nik ere ezberdin jarri behar dut kantxan, eta, hasieran, kosta egiten da aldaketa hori barneratzea. Baina azkenaldian askoz hobeto ari gara.

Pozik zaude orain arte egin duzun lanarekin?

Bai. Orain nago txapelketako garairik onenean. Ligaxka erdian deseroso aritu nintzen bizpahiru partidatan, baina azken hilabete pasatxoan oso gustura ari naiz.

Ahaztua duzu ezker hankako lesioa?

Bai, erabat. Aspaldi ari naiz betiko entrenamenduak egiten, inolako neurririk hartu gabe.

Lesio horrek aurreko binakakotik kanpo utzi zintuen, eta, ondo osatzeko, ez zinen aritu ez banakakoan, ez lau eta erdikoan. Gogotsu zinen txapelketa bat jokatzeko?

Bai, noski. Iaz, txapelketa ona ari ginen egiten Albisu eta biok: lehen ligaxka amaitzeko lau jardunaldi falta zirela, nahikoa genuen beste partida bat irabaztea finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko. Ilusio handia egiten zidan Albisurekin jokatzeak, sekula ez bainuen izan horretarako aukerarik. Pena handia izan zen txapelketa utzi behar izatea, baina halakoa da kirola, eta ni beti izan naiz oso baikorra halako bolada zailetan; beti jakin izan dut buelta ematen. Oraingoan ere lan asko eta ona egin dut hala izan dadin, eta, finalerdietan egonda, oso pozik nago.

Txapelketari dagokionez, zer itxura hartu diozu?

Arrakastatsua izaten ari da: jende asko joan da frontoietara, eta egun askotan segituan bukatu dira sarrera guztiak. Hori guztia oso garrantzitsua da pilotaren osasunerako. Argi geratu da berriro azken urteetan binakakoa dela ikusmin handiena pizten duen txapelketa, jendeari gehien gustatzen zaiona. Partida gogorrak, onak eta emozio handikoak egon dira.

Igandean, Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka jokatuko duzue. 22-14 irabazi dizuete ligaxkako bi partidatan, baina Iñaki Artolak eta Ander Imazek ere bitan irabazi zizueten, eta kanporatu egin zenituzten. Zerbaitetarako balio du ligaxkan gertatutakoak?

Ezertarako ez. Neurketa guztiak dira ezberdinak, eta orain beste txapelketa bat hasten da.

Nolako partida espero duzu?

Guk bezala, haiek ere gora egin dute. Albisu, adibidez, Zabaletarekin batera, alde handia markatzen ari da azken partidetan. Ikaragarri ari da jokatzen: pilota gutxi galduz, asko estaliz eta oso gogor emanez. Oso bikote sendoa dira, eta, beraz, partida zaila izango da. Bitan irabazi digute, baina gu bi neurketa horietan baino bikote hobea gara orain.

Helburu zehatzik jarri diozue zuen buruari?

Hiru asteburuetako partidak ondo prestatzea da garrantzitsuena. Halere, finalerdietan gauden lau bikoteen helburua finala jokatzea da. Batzuek ez dute hori esan nahi, baina argi dago txapelketa batean ari garenez denok nahi dugula gutxienez finala jokatu. Hala da, eta hala izan beharko luke. Ezin zara konformatu ligaxkan edo atarikoan sartzearekin. Kirolari batek ahal den gehiena eskatu behar dio bere buruari. Anbiziotsua izan behar du. Horregatik, argi diot: partidaz partida joan nahi dugu, baina finalean egon nahi dugu.

Baikok ia hiru urte darama txapelik irabazi gabe. Premia dago enpresan?

Agian, bai. Bigarren Mailan bai irabazi ditu, baina kostatzen ari zaio Lehen Mailan beste bat irabaztea. Aspen pilotari oso onak daude, eta azken txapelketetan hobeak izan dira. Baina kontrakoa pasatu izan da. Bolada kontuak dira, eta edonoiz alda daiteke. Enpresarentzat garrantzitsua litzateke txapel bat irabaztea, baina garrantzitsuena da txapelketa arrakastatsua izaten ari dela.

Apustu egingo bazenu, noren alde egingo zenuke?

Irekia dago. Orain arte, Jaka-Zabaleta denon gainetik egon dira. Zabaleta izan da alde gehien markatu dituena, eta, kontuan hartuta aurrean errematatzaile onenetako bat duela, oso bikote zaila dira irabazteko. Baina txapelketa berri bat hasiko da orain, eta orain artekoak ez du ezertarako balio; partidak ezberdinak izango dira. Niri gustatuko litzaidake gure alde egitea, baina errealista naiz, eta zaila dugu.

Binakakoa nola amaitzen duzun, horren arabera erabakiko duzu banakakoa jokatu edo ez?

Ez dut horretan pentsatu ere egin. Binakakoan bakarrik dut burua.

Beraz, are gutxiago pentsatuko zenuen urte amaieran bukatuko zaizun kontratuaren inguruan, ezta?

Beste horrenbeste. Nahiz eta urteek aurrera joan, oso gustura ari naiz pilotan, eta garrantzitsuena, maila ona ematen ari naiz. Oso gustura nago neure buruarekin, eta enpresa ere gustura dago izaten ari naizen mailarekin. Adina baino garrantzitsuagoa da nik neuk nola ikusten dudan neure burua. Argi dut: ikusten dudanean ez dudala mailarik hor goian egoteko, ni izango naiz enpresari esango dion lehena. Gainera, badakit enpresak ez didala inolako presiorik egingo, beti oso ondo portatu baita nirekin.

Beraz, ondo bidean, urte batzuetarako Olaizola II.a dago oraindik?

Ez dakit, ikusiko dugu. Egun, ondo sentitzen naiz, eta hori da inportanteena. Baina argi dago adin honetatik aurrera errazago dela txakalaldiak izatea. Hala ere, gaur egun dudan mailarekin, ez naiz horretan pentsatzen ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.