Gorka Arrese.
LAU BEGI

Gauzen ahalak

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Praktikoak.

Objektuek erraztu egiten digute bizimodua. Horretarako izan ziren asmatuak, diseinatuak, eginak, errepikatuak. Komunitatearen zerbitzuko.

Badira gauza txikiak: artaziak, lapikoa, aulkia, liburua, eskailera, bizikleta. Badira handiak: etxea, ubidea, parkea, lantegia, trena, portua. Badira ezinbestekoak: jantzia, iturria, ohea, leihoa, bonbilla, komuna. Eta zaratatsuak, zabalak, sendoak, zurrunak, estatikoak, iraunkorrak..., eta justu kontrakoak! Izan ere, identifikatu eta deskribatu egiten ditugu gauzak, eta ondoren sailkatu, ordenatu, kategorizatu, harik eta haiei buruzko juzgu moduko bat osatu arte, historiaren arabera, jabetzaren arabera, erabilgarritasunaren arabera, estetika, materia, bakantasuna, balioa, kutsadura, eta abar.

Eginak izan diren horiei deitzen diegu gauzak: premia bat objektu bihurtua, helburu baten ekoizpena, ideia bat zeinari eskuz edo makinaz forma eman zaion funtzio bat efizientziaz betetzeko eta maiz erabiltzeko.

Objektuak, tresnak, diseinuak gizateriaren aitzinamenduaren eta bizitzeko moduaren erakusleak dira (signoak). Sozialak dira, ekonomikoak eta praktikoak, politikoak eta artistikoak.

Historia osoan, sekula, ez da jendarterik izan gureak bezainbat gauza eduki duenik.

Berebizikoa da objektuen erakarmena.

Protesiak.

Oraindik sardez eta aiztoz jaten dugu, gure eskuok ez dira-eta aski zorrotzak jakiak ahorako neurrian mozteko.

Arkatzez marrazten dugu, orratzez josi, orraziz apaindu, basoz edan, sarez arrantzatu, txiskeroz isiotu sua, giltzez zabaldu ateak, mailuz sartu iltzeak, eskuilez garbitu hortzak, betaurrekoz ikusi, oinetakoz ibili, gurpilez mugitu, aterkiz estali, poltsaz eraman, telefonoz hots egin. Gero eta artifizio gehiago darabilgu: protesiak, azken batean.

Adarra jo zidan adiskideak: Aizu, orduan, protesiak al dira dardaragailu atsegingarri hauek ere?

Asmamena ez dago gelditzerik, gauza berriak sortzen dihardute une oro. Jaioberri oso goiztiarrak hazteko, biobag edo umetoki artifizialak baliatzeko asmotan dira laster; eta hogeita bost urte barru, amaren sabelik gabe, jaiotza prozesu guztia osatzeko agian. Ordurako gizaki formako errobotekin biziko gara (lan egin eta haserretu, hitz egin eta adiskidetu); ziborg edo organismo zibernetikora hurbiltzen hasteko lehendabiziko urratsak izango dira.

Zelan bizi zara?, zein funtzio falta zaizu?, ongi moldatzen al zara? Objektuak, diseinuak, protesiak etengabe galderak egiten ari zaizkigu. Zer nahi duzu eta zer ahal duzu?, nolako portaera duzu ingurukoekin?, zer egin zenezake ezintasunak gainditzeko?

Objektuek asko esaten dute gutaz.

Geure gauzak gara.

Ikusezina.

Liluratuta geunden motorrekin, palankekin, gurpilekin, uhalekin, kateekin, hortzekin. Hogeigarren mendean mekanikaren modernotasunari begiratzen zitzaion. Torlojuak eta kableak, giltzadurak eta hodiak; ederra iruditzen zitzaigun azalgabetutako anatomia hura guztia. Baina bukatu zen lilura, ez zaizkigu asko axola karrankak, takatekoak eta taupadak. Orain leuntasunaren kilika espero dugu, eskemaren forma soila, funtzioaren promesa. Miniaturaren zale amorratuak bihurtu gara: geruza bezain fina, grafenoa bezain elastikoa, argia bezain azkarra, arina, gardena, isila.

Mekanismo baten indarra, zehaztasuna edo lana estimatzearen aldean, interes sofistikatuak ditugu gaur egun. Zer da ba ikusi nahi duguna? Ausazko mutazioa, antigorputzen estrategia, kode genetikoaren transferentzia, molekularen dibortzioa, hidrogenoaren nanoneurria.

Mirariaren trikimailua antzeman, fantasiaren fisiologia filmatu, enigmaren ekuazioa formulatu... Zeren bila gabiltza? Ikusezinaren aljebra.

Diseinua.

Italo Calvino idazleari aspaldi irakurri genion: lehen astunak eta handiak ziren makinak, orain txikiak eta arinak. Burrunbatsuak ziren tresna haiek isilak bilakatu dira. Altzairuzko eta burdinazko makina itzelak badira orain ere, noski (hegan egiten dute hegazkinek), baina bit jario batek mugitzen ditu.

Zama pixka bat askatu eta arin, zalu, malgu, mehe, leun, sotil, zoli, labain, laster, elastikoak bihurtu behar genituzke agian sorkuntza eta diskurtsoa? Horrek ez du esan nahi ugari, balios, zorrotz, jori, doi, oparo, emankor, zehatz, konkretua izateari uztea solasean, idazketan, marrazketan, doinuan, kantuan. Ez. Erreminta zeinuzkoak egituratzeko eta erabiltzeko moduak egokitzea baizik.

Azken mendeetan, bi borondate lehian izan dira literaturan, musikan, plastikan. Horietako baten joera da, komunikatzeko tenorean hizkuntzari ematea gorputzen eta gauzen luze-zabalera guztia, pisu totala, materia osoa. Besteak joera du, hizkuntza izan dadin pisu arinekoa: hodeia, hautsa, izpia, erakarpen magnetikoa bezalakoa.

Eta, honela, amaitutzat ematen dut gaurko artikulua. Iaz urrian argitaratutako liburu dotore baten gomendioa eginez bukatu nahi dut orria. Jean Louis Iratzoki, Eki Solorzano, Mikel Martin eta enparauen Hemendik liburuak azpititulu hau dakar: «Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak». Zorionak eta mila esker.

Gure kulturako diseinu guztien artean ederrena, dudarik gabe, euskara da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.