Albistea entzun

Kale barreneko itzalak

Azpeitian (Gipuzkoa) jaio zen, 1959an; Jose Mari Segurola Amutxastegi du benetako izena. Hainbat ipuin lehiaketatan sariak irabazi ostean, aurten argitaratu du estreinako liburua, Ukabilak eta loreak narrazio bilduma (Elkar).

Julen Belamuno -

2015eko uztailak 12

Atezain automatikoaren txirrina entzun duenean, bebarruko ateari bultzada bat eman, eta barrura sartu da gizona. Igogailua hartzeari uko egin, eta mantso igo ditu eskailerak. Hirugarrenera iristen ari zela, atea zabaltzen ikusi du, eta bere adin samarreko beste gizon bat atera zaio beso zabalik; eskailburuan bertan besarkatu du gizona. «Eskerrik asko etortzeagatik», esan dio besteak. «Egon hadi lasai, Antton», erantzun dio gizonak. Hasperen luzea egin du besteak, hartu duen lasaituaren neurrikoa. Sorbaldatik heldu dio gizonari, eta horrela egin dute pasilloko ibilia; egongelan sartu, eta elkarren ondoan eseri dira sofan.

«Eskerrak etorri haizen! Hi hemen egonda lasaiago sentitzen nauk», esan dio besteak gizonari. Sofaren ertzean dago eserita, hanka bat bestearen gainean, eskuineko oina mugimendu urdurian gora eta behera darabilela. Begi-zuloetan ezagun du azken boladan ez duela lo askorik egin. «Ez daukak horrela egoteko batere motiborik, Antton», esan dio gizonak, eta eskua sorbaldan jarri dio, etxean sartu denean besteak egin dion keinu bera errepikatuz. Egun batzuk lehenago telefonoz deitu zionean, ikarak hartuta zegoela sentitu zuen gizonak. Azken egunetan kale barreneko bazter batean bi tipo ikusi zituela esan zion orduan, bebarru baten sarrerako atearen ondoan bermatuta, eta norbaiten zelatan zeudela iruditu zitzaiola.

Eta orain ere kontu berarekin hasi zaio: «Lehen egunean nire irudipena izango zela pentsatu nian, baina gaur berriz ikusi ditiat. Leihotik begiratu, eta hor zeudean bi horiek, hortxe bertan, kale barrenean». Gizona sofatik jaiki, eta leihora hurbildu da; gortina eskuarekin zabaldu, eta kanpora begiratu du, alde batera eta bestera. «Hemen ez zebilek arimarik ere», esan dio besteari. «Dena hire irudimena duk. Beti izan duk urduri jartzeko joera, batere motiborik gabe gehienetan». Bestea tematu egin zaio, ordea, eta begietara tinko begiratu dio: «Bazekiat ederki zer den jarraipen lana egitea, bazter ilun batean jarrita norbaiten sartu-irtenak kontrolatzen ibiltzea, gu biok ere inoiz ibili izan garen bezala». Oraingoan serio jarri zaio gizona, eta tonua altxatu du: «Hor ez zegok inor, Antton, esan diat. Ahaztu ezak behingoz txorakeria hori, mesedez». Bestea ez da isildu: «Bazekiat zer pentsatzen duten askok: Antton hori? Kabroi galanta! Garai batean diskotekak lehertzen ibili, eta orain bera gaueko negozioan!». Gizonak eskua jaso, eta aurpegiaren aurretik pasa du, burutazio horiek baztertzeko keinua eginez, baina ez dio erantzun.

Zigarro bat piztu du besteak, eta zupada azkarrak ematen hasi zaio. Zigarroaren puntako txingarra nola luzatu eta goritu den begira egon da gizona. «Zerbeza bana hartuko diagu», esan dio besteak, eta «Daniela!» hots egin du ozen. Hogeita hamabost bat urteko neska argal aurpegi-zuri bat sartu da egongelan. «Tráenos un par de cervezas, cielo», eskatu dio besteak. Gizonak goitik beherako errepasoa eman dio neskari, eta espero baino ederragoa iruditu zaio. Denek zekiten auskalo non ezagututako errumaniar batekin bizi zela orain. Bi edo hiru bertsio entzunak zituen gizonak, baina ez zien haiei jaramon handirik egiten. Zer axola zion berari non eta nola ezagutu zuen.

«Eskerrak honi, bestela ez zekiat zer egingo nukeen», esan dio besteak, burua neska irten berri den ate aldera jiratuz. «Eta hiri, jakina». Segituan itzuli da neska, eta garagardo botila bana utzi die sofaren aurreko mahaiaren gainean. Arrotz bati bezala begiratu dio hasieran gizonari, baina geroko irribarre xumearekin esker ona adierazi nahi izan diola iruditu zaio. Egongelatik ateratzean, atzera jiratu, eta «Demasiada fantasía» bota du gizonari begira, eta berriz ere irribarre egin dio.

Gizonak lasai edaten du, botila muturretik zurrutada txikiak hartuz; besteak zigarroari zupadak ematean erakutsi duen ezinegon berberaz, trago luzeetan. «Badakik ez naizela gehiegi hitz egiten duten horietakoa. Nik ez diat ezer egin, ez diat inor salatu, ez nauk negozio zikinetan ibili, ez nauk…» hasi da hitzak arrapaladan boteaz. Gizonak eten egin dio. «Inork ez dik halakorik uste, denak hire burutazioak eta irudipenak dituk. Egon hadi lasai, motell».

Ez zegoen erraza. Ez zuen esaldirik botatzen kale barrenean ikusi zituen «horiek» aipatu gabe, bitan edo hirutan gauez ikusi uste izan zituen «itzalak» hizpidera ekarri gabe. Etsipen keinuak egiten zituen batzuetan gizonak, baina gero eta lasaiago sumatzen zuen bestea. «Hirekin seguruago sentitzen nauk. Konfiantza ematen didak», eta gizonak buruarekin baietz egin dio. «Bazeukaat hire premia», jarraitu du besteak. «Hi hemen egonda lasaiago nagok; bestela, horiek edozer gauza egiteko kapaz dituk».

Pazientzia galtzen hasi denaren keinua egin du gizonak, eta beste argudio batekin egin du proba: «Kontu horiek bukatu zituan, motell. Beste ziklo batean bizi gaituk orain, inor ere ez zebilek holako gauzetan». «Bai, bazekiat», erantzun dio besteak, «baina kalean ikusi ditudan horiek beste garai bateko kontuak ekarri zizkidatek gogora». «Aspaldiko kontuak dituk horiek», esan dio gizonak, «hori dena bukatuta zegok, ondo dakik hori». Baina besteak bereari eutsi dio: «Garaiak aldatuko zituan, baina horiek betiko berak dituk».

Oraingoan protesta keinu nabarmena egin du gizonak, eta besteak irribarre zabal batekin erantzun dio, bat-batean bere hitzen zentzugabekeriaz jabetu balitz bezala. «Eskertzen diat, benetan, nigatik egiten ari haizen guztia. Beti izan haiz leiala nirekin, benetako laguna». Gizonak ukalditxo lasaigarri bat eman dio sorbaldan, bere onera etortzen ari dela saritu nahi balu bezala, eta besteak beste irribarre batekin erantzun dio. Lasaiago dagoela ematen du.

«Beste zerbeza bana hartuko diagu», esan du besteak, gizonak bere botila ia beterik duela konturatu ere egin gabe. Gizonari erantzuteko betarik gabe, jauzi batean jaiki, eta egongelatik atera da. Gizona bakarrik geratu denean, hura ere sofatik jaiki da, eta leiho aldera joan da. Berriz gortina zabaldu, eta kalera begira geratu da, ezker aldera. Kale barreneko bazter ilun batean bi itzal ikusi ditu, eta haiei begira geratu da. Argi baten distira laburra iritsi zaio bazter ilun hartatik; segundo pare bat, eta berriz ere distira bera ikusi du, eta hirugarren bat gero.

Gortina itxi, eta jiratu egin da gizona, eta egongelako atera begira geratu da zutik. Eskuineko eskua atzera eraman du, eta jaka beltzaren azpian galtzen kontra estututa zeraman bultoa ukitu du. Aspaldian erabili gabeko pistolaren giderrean jarri ditu behatzak. Pasilloan pauso hotsa sentitu du, eta bestea egongelan sartzen ikusi du, eskuetan garagardo botila bana duela; haiek mahai gainean uzteko makurtu denean, gizonak eskua giderretik libratu, eta jakaren poltsikoan sartu du.

«Hor ez zegok inor, Antton. Berriz begiratu diat, eta inor ez zebilek kalean». Oraingoan bestea benetan konbentzitu duela iruditu zaio. «Orain alde egin beharra zeukaat, Antton. Berandu duk». Besteak irabazi berri duen lasaitasun puntua berriz galdu duela iruditu zaio gizonari, eta, arrenka hasi zaionean, «Nahi baduk bihar etorriko nauk berriz, bestela etzi» esan dio.

Ateraino lagundu dio besteak, eta iritsi denean eman dion bezalako besarkada batekin agurtu du. Gizonak arin jaitsi ditu eskailerak, eta, bebarrura iritsi denean, geratu egin da. Kanpora begiratu du: espaloi ondoan kotxe bat zegoen zain, eta han barruan ikusi ditu lehen kale barrenean zeuden bi itzalak, bata bolantearen aurrean, bestea ondoan.

Bebarrutik atera denerako zabalik zeukan kotxearen atzeko atea. Barrura sartu denean bi aurpegi harriturekin egin du topo. «Zer?», galdetu dio txoferrak bekozko nabarmenarekin. «Hau onenak emanda zegok», erantzun dio gizonak ahots sendoz. «Honek ez dik berriz ahorik zabalduko». Besteen purrustadei kasurik egin gabe, «Goazen lehenbailehen hemendik» bota die gizonak, eta kotxea ziztu batean atera da, txoferra iheserako prestatutako plana betetzen ari balitz bezala.

Kalean gora hartu dute. Motorraren hotsa urrunduz joan da, eta goiko biribilgunetik pasatakoan segituan ezkutatu da kotxea. Ez da arimarik ere geratu kalean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bost hilabete iraun ditu gidoilarien grebak. / ©Etienne Laurent / EFE

Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira

Isabel Jaurena

Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.