gorka julio
IRLEN SAREA

Sindikatuapp

2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Sindikatuak egitura batzuk dira langile edo kontratu bidezko harreman bat duten pertsonek lan arloan edo arlo sozioekonomikoan dituzten arazoei aurre egiteko antolatu eta defendatzeko sortuak. Prekarizazioarekin zailago izan arren, sindikatuak ez zeuden tokian sindikatu berriak jaiotzen hasi dira, baita espero gabeko esparruetan ere, adibidez etxebizitza alokairuen alorrean. Teknologia erabil liteke langileen arteko elkartasuna bultzatzeko? Goazen sindikatuapp batekin amestea.

Sindikatuapp-a ireki dugu sakelakoan. Han sindikatu guztien informazioa daukat eta haiek jarrai ditzaket, berdin du afiliatua egon ala ez. Afiliazio azkar bat ere eskaintzen du aplikazioak, nahiz eta gero sindikatura bertaratu behar dudan, ofizial egin nahiko banu. Afiliatua nagoen horretatik, ordea, mezu berezituak bidaltzen dizkidate eta eduki pertsonalizatua. Oraintxe, adibidez, ia 200 eguneko greba batean murgilduta gaude eta hortik iristen zaizkigu informazio gehienak.

Txat pribatu bat ere badugu, eta mobilizazioan ari garenok horretatik komunikatzen gara zuzenean. Txat zifratua da, iraungitzen diren mezuak bidaltzeko aukera du eta aplikaziora sartzeko ere kodea dauka, telefonoa esku txarretan eroriko balitz zailago egiteko hara sartzea.

Aplikazioaren beste zerbitzu interesgarri bat kontsultena da. Sindikatuta egon edo ez, sindikatu guztien ekarpenekin kontsulta zerbitzu orokor bat dago. Lanari, kontratuei, hitzarmenei... buruzko duda txikiak, azkar erantzuteko aukera ematen duen zerbitzu bat. Whatsapp moduko baten bidez zalantzak bota eta erantzunak jasoko dituzu. Mezu bakoitzaren azpian, erantzun dizunaren izena eta haren sindikatua ikusiko dituzu; gero sindikatzeko erabakia hartzen baduzu, beharbada kontuan hartzeko.

Atal pribatua interesgarria da, baina aplikazioaren atal publikoa gehiago erabiltzen dugu. Hainbat borroka eta aldarrikapenen informazioa jasotzeaz gain, mobilizazioen deialdi eta ekimen zehatzen agenda ere badugu. Oso garrantzitsua, langile, aktibista, lagun, familia eta beste sindikatuetako kideekin koordinatzeko.

Dena ez da, ordea, aldarrikapena izango: tresna komunitate propio bat eraikitzen ari da, eta aplikazioaren erabiltzaileek beren kargu hartu dute hurrengo Maiatzaren Lehenean ekimen bateratu bat antolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.