Saiakera irakurlea

Iruñean 1958an jaioa. Narratiba eta saiakera landu ditu batik bat, eta baita liburu berean bi generoak elkarrekin uztartu ere Camembert helburu liburu laudatuan (1998). Katebegi galdua (1995), Euskal karma (2001), Hodei berdeak (2003) eta Zintzoen saldoan (2012) nobelen eta Erretzaileen eremua narrazio liburuaren (2006) egilea da, besteak beste. Baita Idiaren eraman handia (1995), Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk (2001) eta Astrolabioa (2007) saiakerena ere.

Jon Alonso -

2014ko abuztuak 17
Larunbat arratsaldea da, bero egiten du, tabernan sartu gara, herri txikia, euskalduna, Linok hitz egiteko gogoa dauka.

Saiakera irakurtzea oso joditua da, oso joditua. Oso-oso joditua. Jodi-joditua. Nik baino saiakera gehiago irakurri duen lagun batek esan ohi du pozeroa izatea bezalakoa dela —pozero? Putzukari, Putzu-arakatzaile? Putzu-errementari?—, gerrirainoko katiuskarik gabe ezin burutzeko lana. Eta maskarilla, eta xira, eta… Eta orduan ere… Jodi-joditua. Alegia, batek orduak pasa behar dituela kakatzan leporaino sartuta, eta gero kaka guztia galbaheaz pasa, perla bat topatzeko. Perla bat… edo bi euroko txanpona, behintzat.

Nire lagunak dio hori unibertsitate anglosaxoiari zor diogula, bereziki amerikarrei.

Jakina, haiek urre bilatzaileak izan dira, logika du, nik.

Pozeroa pozik, logika du. Mortonek, bertan dagoela adierazteko, gintonika eskuan, arratsaldeko seiak dira. Bazkaria eduki dugu.

Euskal telebistan, Kaiet Mikelestorena kantariaren kontzertu bat pasatzen ari dira, orain bi urte-edo eman zutena.

Saiakeran, nik hari bat topatzen eta harrapatzen dudanean segi-ta-segi egiten dut, kikirria apurtu arte, dena emanda alegia, ordulariari so egin barik. Behin harrapatuko… eta, zer, estu jarriko al gara? Horixe, ez dela maiz gertatzen.

Baliteke ni tontua izatea, noski.

Hi tontua?

Bai, bai, hi tontua, hori fijo. Tontu-tontua, gero, e? Morton beste gintonik bat eskatzekotan dago, bazkarian pinta bat edan du, berak bakarrik, gaueko hiruretan nork aguanta.

Mikelestorenaren kantaldi zahar bat ematen ari dira orain, polkaren garaikoa, Mikelestorenaren buruak ilezko lorategi bat zirudienekoa.

Azkenean, hari-joko horretan —segitzen du Lino saiakera irakurleak— ikusten duzu zu zarela harrapakina. Haiek ez dira zure barboa; zu zara beren amuarraina. Tira, beren kolaioa, berdelaz ezer ez esatearren.

Eman dezagun, hasten zaizkizula ideia posmodernoekin: modernismoaren kalaka guztiak huts egin du, Auschwitz-eta, nola ez, posmodernismoa? Haraino iristen naiz.

Modernoen ideia zen morala unibertsala.

Eta espartanoak? Espartanoek amildu egiten zituzten beren umeak, menditik behera, tatxaren bat zeukatela susmatzen zutenean. Egizu hori, egun. Ondorioa: morala ez da unibertsala. Ez da betikoa, ez da toki guztietakoa eta ez da betirakoa. Gaur egun ume makalak Gorbeiatik behera inork botako balitu...

Palestinoez ez hitzegitearren.

Telebista orain Mikelestorenaren argazki-albuma bezalako zerbait erakusten ari da: Mikelestorena jaun hartze egunean, Mikelestorena ardiak zaintzen, Mikelestorena herriko bandarekin kantatzen, umea zela, uztailaren 14ko bestan. Beste inoiz ikusi dudala uste dut.

Mikelestorena, Mikelesterona, Mikelestrorena… —dio Mortonek, beste gintonik bat eskuan, atxurtuta— hau ez da gizon bat, hau ez da kantari bat, hau hormona bat da.

Bien. Nola antolatu kode etikoen artekoa? Negoziazioaz eta demokraziaz, espartanoaren eta ateniensearen artean bezala. Bale.

Alegia, badatorrela espartanoen buru, ezpata eta guzti, eta aterako zitzaion aurrera estudioak zeuzkan ateniense bat, eta esango zion: e, aski da umeak akabatzeaz, estudioak dauzkat, negozia dezagun. Nola, negozia? Hola iritsiko ziren erdibide batera: bota itzazue hankagabe jaiotakoak, baina ez tonto aurpegia daukatenak. Joango ziren zerrenda fintzen. Eta belarrigabeak? Hor nonbait. Eta gero lege bat egingo zuten, eta lege hori bozkatu.

Tonto aurpegia daukatenak ez, e? Ederra librada, Mortonek.

Utzi dezagun ekuaziotik kanpo esklaboen asuntu enojosua. Enojosu-enojosua, benetan be.

Demokrazia, ez? Ba al da hoberik? Nik uste dut ezetz, eta inork ez dit hoberik proposatu, are gutxiago demostratu. Demostratu… joder, demostratu.

Jodi-joditua saiakera, benetan be.

Nire lagun pozeroak esaten du, ene, zenbat baldekada kaka irentsi behar izan dut ganorazko zerbait topateko.

Eta zenbat izen ingles ezezagun, ezta? Esaten diot nik.

Jakina, esaten dit berak. Baina badakizu zer? Baugman, Jameson, horiek ez zuten idatzi zuri begira, Estatu Batuetako unibertsitateko akademikoei begira baizik. Pozik, ikasleei saltzeko pentsatutako testu bat topatzen baduzu! Eta Lyotard, Turaine, horiek zerbait saldu nahi zieten amerikarrei!

Jakina, bat azkenean moskeatzen da.

Beren kode etikoak negoziatzeko zer tarte eduki dute, inoiz, demagun, maliarrek? Eta palestinarrek?, diot nik, pixka bat aspertuta.

Euskal Telebista Mikelestorenak Arriagan eta Victoria Eugenian emandako errezitaldi sorta bat errepasatzen ari da.

Baina maliarrei —eta palestinarrei, eta siriarrei, eta Kongokoei, eta…— beren kodea negoziatzeko tartea ukatu dietenak niri demokrazia agintzen didaten berberak dira!

Eta guk, ustez negoziatzeko tartea daukagunok, behin eta berriz ikusten ditugu negoziatutako legeak urratuta. Dekretu legez. Edo medioek bultzatutako prentsa legez. Edo edozein aitzakia tontoz.

Orduan?

Pozeroak ez dauka honetarako erantzunik. Saiakera irakurtzeari uzteko esaten dit. Eta gero esaten dit, zuk nik bezain ongi dakizu erantzuna.

Berriro ikusi dugu Mikelestorenaren irudia telebistan, duoa osatuz Iparraldeko beste kantari batekin.

Ostia! Zer dela eta hainbeste Mikelestorena? Bi ordu daramatzate Mikelestorenaren material zaharra pasatzen!

Joder, ez zitzaion ezer gertatuko Mikelestorenari, ezta?... Jakina! Orain ulertzen dut bi orduko emanaldia! Zerbait gertatu zaio! Zer diot nik zerbait gertatu, hil egin da! Jakina! Mikelestorena hil egin da!

Herri euskaldun txikiko plazara irten da, bihotz urratua, garraxia ahoan, denek entzuteko moduan.

Mikelestorena hil da!

Ikusten?, Mortonek, tipo hau ez da ezertaz enteratzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna