Gehiago gustatzen zitzaidan bestea

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 1975ean jaioa. Urruzuno eta beste hainbat literatur sariketa irabazi eta gero, Kea behelainopean bezala poema liburua argitaratu zuen 1994an. Beluna Jazz, Pasaia Blues, Belarraren ahoa eta Twist nobelak, Neguko zirkua ipuin liburua eta Norbait dabil sute-eskaileran poema liburuak dira harrezkero kaleratu dituen liburu nagusiak. Horretaz gain, trebezia handia erakutsi du saiakeran, artikulugintzan gidoigintzan eta askotariko enkargu lanetan.

Harkaitz Cano.
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bulegoetan diplomak jartzen zenituztela uste nuen. Ez zaituztete derrigortzen, diplomak agerian izatera? Tiradera barruan? Ez, ez zait inporta, uste txoroa da agian, pelikula gehiegi. Zu eta beste baten artean neukan zalantza, baina fidatzen naiz. Ez naiz moketa zalea, baina txukuna daukazue. Egia da moketa isilagoa dela, soinu guztiak zurrupatzen ditu, hori galdu dugu 70. hamarkadatik hona, orain zarata guztiak entzuten direla. Polita kafe-makina. George Clooney, ezta? Ez da oso ekologikoa, baina ona ateratzen omen du. Eta bi kikara horiek? Zergatik bi kikara berdin? Kafea eskaintzen diezu zure... «Gaixo» hitza erabili behar nuke, edo goiz da oraindik hori erabakitzeko? Ez, ez dut kaferik nahi, barka inpresio hori eragin badizut. Nahiko atakatuta nago bestela ere. Ahizparen etxean izan nintzen atzo, etxera sartu orduko garbitu nizkion katilu zikinak. Ahizpa ahizpa da, ezagutzen nau, baina gauza bera egiten dut edozeinen etxean. Seko joanda nagoela pentsatzen dute denek. Hala nago, agian. Hala nago? Lekuz kanpoko zerbait atzematen badut, tolestu gabeko arropa... Jasan ezina zait. Zer kostatzen da txukundade pixka bat mantentzea? Hor? Eskerrik asko. Ezagun da besaulkia ere 70. hamarkadakoa dela. Orijinala? Danimarkarra, agian? Eskandinaviarrak horiek ere, ez nenbilen hain oker. Jakina, prest. Nahi duzunean. Erabakia. Bai. Zer da erabaki bat? Erabaki bat kristalizatu den eromen une bat besterik ez da. Izoztuta, finko geratu den zalantza bat besterik ez. Ez, ez dut nik asmatu. Nonbait irakurriko nuen. Nire erabakia izan zen. Tira, senarrarena eta biona. Senarrari sartu zitzaion buruan, egia esan. Nork sartuko ote zion kaskezurrean? Zu zara argazkikoa? Eskarabajo bat daukazu? Berrietakoa? Niri gehiago gustatzen zitzaidan bestea... Gogorra egiten zait. Ur pixka bat ez legoke gaizki. Zuk ez daukazu seme-alabarik, ezta? Ez, ezergatik ez. Jendeak mahaian izaten zituen seme-alaben erretratuak lehen, baina orain, ez dakit, haien erretraturik ikusi ez dudanez eta aldiz eskarabajo horretan zu irribarrez, bizitzeko modu bat irudikatu dut derrepente, nahiz eta... jakina, patrikakoan ere izan zenitzake argazkiak. Edo portatilean. Salvapantallasetan jartzen diren pertsonita horiek ez dira ba, seme-alabak? Gure bizitza salbatzera datozenak. Babes-pantaila bezala erabiltzen ditugu, zertan uka. Ja. Itomenaren bidezko salbazioa. Barka fribolitatea. Tira. Ba guk bai. Badaukagu. Bat. Semea. Adoptatua. Lau urte zain. Idoneidade azterketak, desesperazioa, burokrazia, dirua, bidaiak... Lehenbizi argazki bat, gero hura ezagutu. Bi bikote joan ginen elkarrekin. Munduaren beste puntara. Eta azkenean, zertarako? Ba hori. Esango dut. Esango dut azkenean. Maite ez duzula deskubritzeko. Ez, ez dut ur gehiago nahi. Barkatu. Munstro bat naizela uste duzu? Hala naiz, asumitzen dut. Suposatzen da ama batek bere semea maitatu behar duela, ez? Hori da naturala. Hori sinestarazi digute, ze... ama bakarra dago eta hori dena. Eta maite ez baduzu? Nik ere nahi nuen une hura iristea, beste talaia batera igotzeko unea. Behingoz inguruko lagun seme-alabarik gabeei esan ahalko nien: «Zuk ezin duzu ulertu, ez daukazu seme-alabarik». Badakizu nola izorratzen ninduen hori entzuteak? Uste dut esaldi puta hura berriz ez entzuteko hartu nuela adoptatzeko erabakia. Hortxe egia kristalizatua, ez duzu nire subkontzientean gehiago igeri egin beharko! Esan dizut beste bikote batekin joan ginela? Mateo eta Rakel. Harreman oso estua geneukan haiekin. Nori uste duzu konta diezaiokedala hau dena? Nire senarrari? Niri gehiago gustatzen zitzaidan bestea, badakizu? Barkatu. Hauxe bai ez nuela nahi. Paperezko paineluak orduan, hori filmetan bezala da, ezta? Eskerrik asko. Sentitzen dut. Mateo eta Rakelena. Niri gehiago gustatzen zitzaidan beste umea, haiena... Aukeratu ahal izan banu, bestea aukeratuko nuen eta ez nirea... Ulertzen duzu? Ez, jakina, nola ulertuko duzu? Txorakeriak besterik ez naiz esaten ari. Orain bat-batean nekatuta nago. Lo egin behar nuke. Erotu egingo naiz, bestela. Agian pastillak beharko ditut. Hori zuk erabaki. Komuna erabil dezaket? Film batean ikusi nuen emakume bat psikiatra baten komunean bere buruaz beste egiten. Bizarra egiteko kutxilak zeuzkan, jakina. Horregatik dira hobeak emakumezko psikiatrak, ezta? Kontsultako komunean kutxilarik ez daukatelako. Gizonezkoa da Mateorena. Sentitzen dut, burua joaten zait tarteka. Liatu. Liatu egin ginen, badakizu? Mateo eta Rakel. Mateo. Mateo eta biok, liatu egin ginen bidaian. Horrek ere ez zidan gehiegi lagunduko, diot nik. Mateok ez zuen nahi, edo hori esaten zuen behintzat, baina... hainbeste ordu elkarrekin... Sentitu duzu inoiz antzeko zerbait? Esan nahi dut: zu baino indartsuagoa dena. Gainean dugun aberea erantzi dugula sinestarazi digute. Baina bai zera. Hark ez zeukan zerikusirik erabaki batekin, han ez zen ezer kristalizatu, badakizu? Dudarik ez zen han, elkar jan behar basatia baizik. Rakel eta nire senarra paperak egitera joan ziren arratsalde batean. Bero zen. Vodkatonic batzuk hartu genituen gero errua zeri bota izateko. Nik Mateo maite dut. Eta bestea. Beste umea. Baina bukatu da. Ezin dugu gehiago elkar ikusi. Nahiko nahasia da, bestela ere, kontua. Umeagatik jo nuen larrua Mateorekin ala Mateo maite dudalako nahiago dut bestea? Ez didazu ezer esan behar? Esadazu zerbait. Nola ikusten nauzu? Barkatu, mobila itzaltzea ahaztu zait. Hau hartu egin behar dut.

«Ez, ez: ez nago etxean. Hitz egin dezaket. Esan, Mateo, laztana... Nik oraintxe kontatu diot nire psikiatrari. Zer dio zureak?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.