Peshmerga andrazkoek, heriotzari beldurrik ez

Iraken barruko Kurdistango fronte guztietan dabiltza peshmerga andrazkoak, Estatu Islamikoaren aurkako borrokan. Talde jihadistak kurduen herrien aurkako erasoaldia hasi zuenetik, ehunka dira soldadugaien zentroetara doazen emakumeak.
Kurdistango andrazko soldaduak Suleimanyako Akademia Militarrean.
Kurdistango andrazko soldaduak Suleimanyako Akademia Militarrean. J.M LOPEZ

Antonio Pampliega -

2014ko irailak 21
Azkeneko odol tantaraino borrokatuko naiz terroristen kontra. Nire aberria eta nire herria defendatuko ditut. Neure biziaren ere gaindik dauzkat biak ere», esan du, pasioz, Chya Hasib-ek, 23 urteko neska gazte soldadugaiak. Azkeneko egunak ditu, Suleimanyako Akademia Militarrean; hantxe aritu da egun hauetan, beste 50 kide andrazkorekin batean, IS Estatu Islamikoaren jihadistei aurre egiteko trebatze saioetan. «Prestatuta nago frontera joan eta terroristen kontra borrokatzeko. Gizonen ondoan dago nire tokia. Haiekin batera borroka eta gudu egiten. Eta hil egin behar badut, martiri baten moduan hilko naiz, eta nire herriak gorazarrez oroituko du nire izena»; ziur adierazi du hori soldadugaiak, eta argi utzi nahi izan du ez diola beldurrik ez gerrari eta ez heriotzari. «Denok hilko gara. Lehenago edo geroago, baina denok hilko gara azkenean. Ahal badut, nire herriaren alde emango dut bizia».

Astebete eskas barru, Chya Hasib eta haren promozioko kide andrazkoak borrokan ibiliko dira Kirkuken, Tazan, Jalawlan eta Duquq-en. Horiexek dira Kurdistango fronterik aktiboenak, eta, horietan, eguneroko kontuak dira guduak eta liskarrak. Ehunka metroren aldea dago peshmergen lubakien eta jihadistenen artean. Toki horietan, argi askorik ikusten dira ISko bandera beltzak, haizeak astintzen dituela.

Arriskuak arrisku, fronte guztietan dabiltza peshmerga andrazkoak, jihadisten kontrako borrokan azken arnasa emateraino. «Borrokarako, edozein gizon bezain baliozkoak dira andre kurduak. Eta haiek bezain adoretsuak. Gerran, sexua da gutxienekoa… Garrantzitsuena da tinko edukitzea hatza katuan, eta behar denean sakatzea», adierazi du Nahida Ahmad Raxid koronel andreak; Suleimanyako Akademia Militarrean instrukzio saioak eginarazten dizkie emakumeei.

«Heriotzari beldurrik ez diotenak» esan nahi du kurdueraz peshmerga hitzak, eta, Kurdistan osoan, entzutetsuak dira peshmerga andrazkoak, borrokan ausart, asaldagaitz eta basa aritu ohi direlako. Orain, haien balentriak dakartzate gogora historian arrastoa utzi nahian dabiltzan soldadugai andrazkoek: «Jalawla hiriko oldarraldian, bere kokaguneetan aurrera egin zuen andrazkoen pelotoiak, eta gizonezkoak atzean geratu ziren, lur zakuen ostean babesturik begiratzen zietela haiei», gogora ekarri du koronel andrazkoak. Gerran, oso lausoa da mitoaren eta errealitatearen arteko muga, eta eguneroko kontua izan ohi dira elezahar edo kondaira bihotz-altxagarriak, baina, IS sortu zenez geroztik, ezin eztabaidatuzkoa da bateko eta besteko soldadugaien zentroetara jotzen hasiak direla ehunka andrazko.

«Telebistan ikusten nituen gertakariak, eta bortxatu zituzten edo esklabo gisa saldu zituzten andrazko kristauen eta yezidien lekukotasunak entzuten; beraz, zalantzarik egin gabe izena eman nuen soldadugai izateko eta, hartara, neure burua defendatu ahal izateko haiek nire herrian sartzen baziren ere», adierazi du Layla Sidid-ek, 22 urteko ikasle unibertsitarioak. Erbilen ari zen irakasle ikasketak egiten, baina inolako zalantzarik gabe uko egin zien, eta eraso-fusila hartu zuen. «Ez diote errespeturik giza biziari, eta, gure lerroak gainditzen badituzte, beste horrenbeste egingo digute hemengo emakumezkooi ere. Baina nik ez diet utziko. Heriotzaraino defendatuko dut neure burua; ez naute otzan-otzan harrapatuko», esan du azkenik neska soldadugaiak.

1970eko hamarkadaz geroztik, andrazko kurduek etengabe parte hartu izan dute peshmergen lerroetan. Hilabete hauetan, ordea, hamar aldiz handitu da dei efektua, eta, gaur egun, 1.000 soldadu andrazko inguru egongo dira lau batailoitan banatuta. «Ongi betoz gure armadan parte hartu nahi duten emakumezko guztiak; baina, aurrez, instrukzioa egin beharra daukate», ohartarazi du Kwestan Mohammad Ali kapitain eta Suleimayan entrenatzen diren pelotoietako bateko buruzagi nagusi andreak.

Kurdistan irakiarreko —Alderdi Demokratikoak eta Abertzale Batasunak (talde hegemoniko biek) administraturiko— eskualde autonomoko egitezko armadak 1996an zabaldu zizkien bere kuartelak andrazkoei, baina joan den abuztuan jihadisten oldarraldi larri bat gertatu zen, eta hura bihurtu zen behin betiko dei; gainera, beldurrak eta mendeku nahiak akuilaturik ere jo ohi dute emakumezkoek izena ematera.

«Izan da fusil bat hartu, eta lehen lerroan aritzeko prest agertu den emakumerik, alegia, borrokan hil direnetako soldadu kurduen ama, emazte edo ahizparik. Arazoa da sekula arma bat hartu gabeak direla. Baina, hemen, borrokan irakasten diegu, eta trebatu egiten ditugu, lehen lerroan dabiltzala norbait garbitu behar badute pultsuak dar-dar egin ez diezaien», adierazi du ofizialak.

Kasurik entzutetsuena 60 urteko ama batena izan zen, zeinari jihadistek exekutatu baitzioten semea. «Amari bere telefonotik hots eginarazi zioten jihadistek semeari, eta hari agur esaten zion bitartean moztu zioten lepoa. Biharamunean, lubaki batean zegoen», gogoratu du kapitainak.

Familiako tradizioa

Boneta jantzi eta armada-jaka doituta, soldadugai diren beste andrazkoen ondoan paraturik, ikuskatzerako gertu da Zayra Yousef. 22 urte ditu, eta amets bat zuen: kazetaritza ikasi eta gero AEBetara edo Ingalaterrara bidaiatzea, hango telebista kate handiren batean lan egiteko asmoz; baina gerrak hartaraturik, armadan izena eman zuen. «Peshmerga ditut aita-anaiak, eta Jalawlan dabiltza borrokan jihadisten kontra; niretzat, ohore handia litzateke haien ondoan borroka egitea», esan du. Familiako tradizioak ere zerikusi handia izan du izena emateko orduan. Andrazkoetako gehienei dabilkie borrokan aita, senarra edo anairen bat, eta eurak ere beste horrenbeste egitea erabaki dute. «Hainbat alderditan, ezinago kontserbadorea da gizarte kurdua, baina, arma bat hartu eta borrokara joateko orduan, munduko liberalenak gara. Andrazkoak eta gizonezkoak berdin tratatzen gaituzte. Ez dago pribilegiorik».

«Entrenamendua berbera da gizonezkoentzat zein andrazkoentzat. Gerra neurri berean da latza batzuentzat zein besteentzat, eta ez dizkiete gauzak errazten andrazkoak izateagatik, guztiz bestela baizik. «Hemen, denok gara peshmerga, eta peshmergen modura sufritzea dagokigu», esan du, epai moduan, Kwestan Mohammad Ali kapitain andreak. Gerrak dirauen bitartean, peshmerga andrazkoak aspergabe defendatuko dute Kurdistan. Izan ere, eurak dira munduko infanteria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna