Dena bere tokian

Zarautzen (Gipuzkoa) jaioa, 1975ean. Donostia Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuen 2003an, What a Wonderful World narrazioarekin. Harrezkero, bi ipuin liburu argitaratu ditu: Txikira beti hordago! (2004) eta Alter ero (2012).
MARTINTXO ALTZUETA

Bertol Arrieta -

2015eko uztailak 25
Hemen utziko du. Gezurra badirudi ere, hementxe utziko du, Santa Klarara begira. Aspaldi joan ziren Catherine Deneuvena baino ile ederragoa zeukala esaten zioneko garaiak, pentsa!, belle de jour, belle de nuit xuxurlatzen zion belarrira gau eta egun (hainbeste gau, hainbeste egun). Eta orain hau, kosta egiten zaio sinestea, baina orain hemen utziko du. Hiru hilabete iraun du senarraren ahaleginak, ez gehiago ezta gutxiago ere. Ez du uste, ez du esaten gutxi denik, ez baitaki hori den 82 urteko gizon batengandik espero daitekeen onena, akaso bai, baina horixe da egia, hiru hilabete, neurri horrek ematen du tamaina, eta tamaina horrek kondena: Haizearen Orrazira gerturatze hutsarekin etsi beharko du hemendik aurrera.

Badaki senarrak zenbat gustatzen zaion Haizearen Orrazira etortzea, orraziaren bila datorren haize horrexek berak bere ilaje maiztu baina oraindik sarria aldrebestu dezan nahi izaten baitu, paradoxen parabolak, baina urteak aurrera doaz, eta bera aulki gurpildun honetara errenditu duten modu berean bigundu dituzte senarraren beso zuztarrak, zer egingo zaio. Ez zaizu inporta, ezta?, esan dio senarrak, Gantxegiren granitozko baldosa eder bezain deserosoak saihesteko Haizearen Orraziaren atarian uzten duen bitartean hiru hilabetetan lehendabiziko aldiz, ez zaio inporta, ezta? Badaki berak senarrak hiru hilabeteotan egunero-egunero egin duen ahalegina ez dela nolanahikoa, entzun dio kexatzen, badaki beso zuztarrak mintzerainoko indarra egin behar izan duela erromatarrena baino erliebetsuagoa den galtzada hau zeharkatzeko bere aulki gurpildunari tiraka, zertarako eta adokin hauen zuloetatik irteten den itsasoaren ulua sentitzeko. Baina baleki senarrak zenbat samintzen duen Haizearen Orraziaren atarian geratzeak, azken unean sarrerarik gabe geratu izan balitz bezala, baleki zer esan nahi duen horrek, gainbehera doala dena, atzera bueltarik gabe, bukaeraren hasiera dela, hutsa geratzen dela haizea bera ere sentitzeari uzteko, lurrazpiko haizerik ez baitago eta are gutxiago lurrazpiko orrazirik ez hemen eta ez inon, ondo lurraren azpira joanagatik. Horixe guztia esateko gogoa piztu zaio, baina azkenean, segi zu ahul bat besterik ez zaio atera, eta senarrari seguru? erretoriko bat baino ez. Inor mintzeko beldurrez isiltzen gara behar baino gehiagotan, pentsatu du, senarrak Santa Klarara begira jartzen duen bitartean bere aulki gurpildunaren gainean, itsasoarekin aurrez aurre, eta bururatu zaio naziek horrelaxe botatzen zituztela hirugarren solairuetako balkoi suntsituetatik behera aulki gurpildunetan aurkitzen zituzten juduak. Oraintxe nator, esan dio senarrak, eta Gantxegiren harrikoteen gainetik aldentzen ikusi du, oinak non jartzen dituen ondo begiratuz, harlauzen arteko hutsuneak traizioneroak baitira, orkatilen bat okertzeko aproposak, denok dakigu edade honetan erorketak zein arriskutsuak diren. Kaioak dantzan dabiltza Santa Klara inguruan, olatuak doi-doi kantuan, zerua mutu, eta pentsatu du Gantxegi arraio horrek bestelako harlauza batzuk jartzea erabaki izan zezakeela harlauzak jartzeko erabakia hartu zuen egun hartan.

Senarrak paratu duen eran, egon zitekeen itsasoari eta kaioei begira lasai asko, eta leku honetan gauzek hartzen dituzten izen ederrei erreparatu, egunaren sentia, ilunaren nabarra, kalako txoria, ortziaren muga, horixe zatekeen errazena senarrak halaxe jarri baitu aulki gurpilduna Santa Klarara begira, baina bera ez da inoiz errazkerien zale izan, eta atzean sumatzen dituenak behatzen saiatu da begien ertzetik, eta kontaduria egin du Gantxegi deabru horrek horrelako harlauzak jartzeagatik zenbat diren bera dagoen muga ikusezin honetan buelta ematen dutenak, eta konturatu da ez direla bertan kabitzen izen zatarrak dituzten gauzak, ez aulki gurpildunak, ez ume kotxeak, ez takoiak, ez korrikalariak, ezta txirrindulariak ere, nola kabituko dira, ba, herrenak? Aldiz, bidaiariak, paseatzaileak, argazkilariak, ezkongaiak, maiteminduak eta suizidak bai, horiek libre dute bidea, peajerik ere ordaindu beharrik ez muga ikusezina zeharkatzerakoan.

Dena bere tokian?, galdetu dio senarrari. Patxada ederrean dator gizona. Dena bere tokian, izan da haren erantzuna, eta badiaren beste muturrean dagoen burdinazko erraldoira bidean, ohartu da gaur hasten den bizitza berri honetan dezente errepikatuko diren esaldiak izango direla ahoskatu berri dituzten horiek. Dena bere tokian, edozein momentutan zerbait bere tokitik kanpo egon baliteke bezala, hanka bat, beso galdu bat, begi erori bat, eta irudikatu du bere burua, hilabete batzuk beranduago, ez aulki-gurpildunean, baizik eta ohatila batean, eta Haizearen Orraziaren puntaraino ohatila hura gerturatzeko ahalegin alimalekoan bere senarra, eta iritsi eta zertarako, total, Haizearen Orrazian dena bere tokian dagoela egiaztatzeko, ohatilatik buruz behera alderantzikatuta desberdin ikusiko duen arren, inor jatera doan munstroaren haginak balira legez, dena bere tokian.

Haserre al zaude? galdetu dio senarrak, Kontxako pasealekuan zehar Alderdi Ederrera bidean doazela.

Ni? Zer ba?

Isilik zaude-eta.

Qué va -erantzun dio berak, Igeldo azpira begiratua eraman, eta egiaztatzen duen bitartean badiaren beste puntan txiki baina argi ikus daitekeen Haizearen Orraziak tinko arraio dirauela, dena bere tokian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna