Sugea eta sagarra

1969an jaioa, Basaurin (Bizkaia). Bizkaiko idazleen ipuingintza modernoa saiakera (2005) eta Egurrezko hankak (2006) ipuin bilduma ditu argitaratuak, besteak beste. Euskal Herriko Unibertsitateko literatura ikerketako taldeetan parte hartzen du, eta hedabide askotan idatzi du euskal literaturaz.

Alvaro Rabelli -

2015eko abuztuak 16
Erretaula benetan ederra zen, XVII. mendeko egurrezko maisulan barrokoa, Flandriako eskolaren eraginari ihes egiten ez ziona. Urteen poderioz, baina, nahiko kaltetuta zegoen. Irudi sakratuen urrekara ezabatuta ageri zen han eta hemen, ia kolorga; eta eliza barruko hezetasunak egurra leku askotatik zeukan ustelduta, ustelduta eta zati ugari erdi janda, bertan sits andana handi bat luzaroan alhatzen aritu izan balira bezala. Abadeak erretaulak konponketa sakona behar zuela pentsatu zuen une batez. Baina, horretarako dirurik ez zegoen, ezta beste serora baten zerbitzuak ordaintzeko ere. Azkenak alde egin zuenetik, abadeak berak hartu zuen eliza txukuntzeko ardura. Eskerrak norbaitek Añana-Gesaltzako San Juan de Acre monasterioko argizario naturala ekarri zion. Argizario horrekin dena garbitzen ahalegintzen zen. Zapi batez gogor igurtzen zuen zuraje oro, txokorik ezkutuenean zegoen hura ere bai. Horrela, bide batez, mozorratzen zuen elizari zerion hezetasun kiratsa, erleek astiro egindako argizario usain gozoari esker.

Halako goiz batean, abadeak Kristo jaunaren altarea garbitzen zuen bitartean, elizako ateak zabaldu zirela entzun zuen, baita oihartzun ozena egiten zuten takoi hotsak ere. Zarata zetorren aldera jiratu zen, eta abadea zor eta lor gelditu zen emakumea ikustean, garaia, dotorea, beltzez jantzia, kapela handi batekin, eta edertasuna estaltzen ez zion beltz koloreko zapi garden bat aurpegiaren gainean. Emakumea elizako korridore nagusitik zetorren abadearenganantz, urrats irmoak emanez.

—Aita, aitortu nahi nuke —esan zuen emakumeak inolako imintziorik egin gabe abadearengana heltzean.

Abadeak, mutu, atzamar batez aitorlekua non zegoen baino ez zion seinalatu. Emakumeak bertaraino jarraitu zion abadeari. Handik minutu batzuetara, emakumea aitorlekutik irten zen, eta Andre Mariren irudi baten aurrean belaunikatu zen abadeak agindutako penitentzia betetzeko. Egiten zuen bitartean, abadeak ez zion emakumeari begiratzeari utzi. Bazirudien abadeak bere baitan borroka bizian ziharduela emakumearen ahotik aditu berri zituen bekatu lizunetan ez erortzearren.

Otoitzak amaitzean, emakumea zutitu zen eta, sartu zen moduan, takoi hots ozen harekin elizako aterantz abiatu zen. Baina bide erdian edo zegoela, jiratu eta abadearengana bihurtu zen.

—Barkatu, aita, ahaztuta neukan —esan zuen emakumeak. Orduan poltsa txiki batetik sagar gorri disdiratsu bat eta telefono txartel bat atera zituen—. Eskerrik asko denagatik, har ezazu ekarri dizudan oparitxo hau, eta gorde telefono zenbakia egunen batean nire zerbitzuak behar izanez gero.

—Ez horregatik —totel-motel erantzun zuen abadeak, emakume hark emandako oparitxoa hartuta.

Gehiagorako barik, emakumeak erreberentzia txikia egin zuen buruaz, eta joan egin zen.

Abadeak, harrituago baino harrituago gertatu berri zenagatik, Biblia sakratuaren lehen atala ahaztu bide zuen, eta ia konturatu gabe, instintiboki, sagar gorri disdiratsuari kosk egin zion eta emakume ederraren telefono txartela sotanaren isilpeko sakelan gorde zuen.

Sukarraldi antzeko batek bildu zuen abadea gau hartan. Izarak itsasten zitzaizkion gorputzari, lo egiteko egokera alferrik topatzen ahalegintzen zen bitartean. Ezin izan zuen emakume misteriotsu hura gogotik kendu. Biharamunean, goizeko meza eman orduko, altare ondoko erretaula barrokoa garbitzera abiatu zen. Orduantxe berritu zuen gaueko ezinegona, lo egiten utzi ez zion artega hura. Bere atzamarrek, argizario naturalaz zikinduta, sotana barrura laban egin zuten eta gogora ekarri zioten bezperan emakume hark emandako txartela. Abadeak aitorlekurantz begiratu zuen, bertan norekin aitortu bilatzea espero izan balu bezala. Baina, bertan ez zegoen inor, bera zen beti besteen aitortzak entzuten zituena, zerbait aitortzekotan zuzenean Kristo jaunari egin beharko zion. Baina hori egin beharrean bere kontzientziari aitortu zion barruko ezinegon hura guztia. Abadea arropaz aldatu zen, sotana albo batean utzi eta kalekoa jantzi zuen. Ez zuen gogoratzen noiztik ez zuen kalekoa janzten. Errime, atzera begiratu gabe, danbatekoa eman zion elizako ateari. Egun horretan ez zuen meza gehiagorik emango.

Arropa hark anonimotasun berria ematen zion eta horrela hiriko kalerik estuenetan barrena galdu zen. Abadea istant batean zorabiatuta sentitu zen, goizeko merkantzien garraioa hona harat, eskolara zihoazen umeen zalaparta, lehen mozkortien algara, eta auzoko etorkinen dendatxoetatik irteten ziren buila eta usainak demasekoak ziren benetan bizimodu lasaia eraman nahi zuen abade gaixoarentzat. Zorabiatuta sentitu zen, eta lotsatuta ere bai, garondoan ilkatuta ezagunak, ezagunegiak, zitzaizkion begiradak antzeman zituelako. Zer esango zien nor zen deskubrituko zuten eliztiarrei? Bere oinek atzera egin nahi izan zuten. Ezin ordea, auzo gorriko lehenengo emakumeak ikusi zituen eta zerbaitek, barne indar ikusezin batek, bertara bultzatzen zuen, norarik gabe bultzatu ere.

Abadeak dezepzio aurpegia jarri zuen emakume horiek ikustean, hain ajetuak, hain zarpailak, ez ziren elizara sartu zen emakume beltzaran eder hura bezalakoak. Abadeak behakoa espaloi zikinerantz jaitsi zuen sexua saltzen zuten emakume haien proposamen maliziosoei entzungor egiteagatik. Abadeak poltsikotik atera zuen emakumeak emandako txartela. Helbidea ingurukoa zen, ez zegoen oso urrun, bohemioak ere bizi ziren ondoko kale bateko helbidea zen. Bertarantz abiatu zen.

Helbidearen aurrean heldu zenean, estudio moduko lokal koskor bat ikusi zuen. Ez zen beste emakumeen lokalak bezalakoa. Hau txukuna zen, garbia eta dena apainduta. Atea zabalik zegoenez gero, barrura sartu zen. Lehenengo txilin baten zaratotsa entzun zen, eta segituan “banoa— bat. Abadea isilik zegoen, ezin urduriago. Artean agertu gabe, emakumeak berriro ahotsa ozendu zuen.

—Zergatik ez zara eroso jartzen, prestatzen naizen bitartean?

Abadeak lotsa pittin bat sentitu zuen, baina alkandora eransten hasi zen, prakak ostean. Horretan zegoela emakumea atzetik hurbildu zen, harrituta gelditu egin zen gizon hura ezagutzean.

—Abade jauna! Barkatu, ez ditut gorputz biluziak margotzen, ez orain behintzat, beste sasoi batean… Artelanak zaharberritzen ditut, horregatik txartela eman nizun, zure elizako erretaulak berritze-lan handia behar zuelakoan. Zertan zaude?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna