Udako kanta

Andoainen (Gipuzkoa) jaioa, 1979an. Beste norbaiten zapatak narrazio bildumaren (2012) eta Orube abandonatuak nobearen (2014) egilea. Igartza beka irabazi eta gero idatzi zuen lehena; Augustin Zubikarai beka eskuratu eta gero bigarrena.

Garazi Kamio -

2015eko abuztuak 22
Bilbotik bueltan etorri ginenean sortu zitzaidan ezinegona. Inozoa da, inondik inora, baina udan beti dago lekurik inozokeriei begira geratu eta egun zein aste luzeetan, udako kanta kaskar baten antzera, burutik ezin kendu ibiltzeko.

Berak betiko musika talde bat dela dio, oraindik eszenatoki gainera igotzen dena; eta, beraz, ez direla aspaldiko kontuak, taldea bizirik dagoela. Bat nator bere tesiarekin, musika taldea ez baita desegin baina egia esatera, urte mordoa zen taldearen izena irratian entzuten ez nuela.

Arratsalde hartan, bat-batean, sekula agertu ez zitzaidan urteen zama sentitu nuen; larruazala gris kolorekoa bihurtzen ari zela iruditu zitzaidan. Gurasoen etxeko egongelan irudikatu nuen neure burua, VHS zintan bideoklipak grabatzen. Saltoka kantatzen zuen taldeko abeslariak eta nik, ingeleseko letra erdi-asmatu egiten nuen, ez bainion ezer ulertzen Mister Jones kantatzen zuenean.

Counting Crows ikusteko gogoa piztu zitzaidan udaberrian, eta baita ederki itzali ere udan, filma amerikanoetatik ateratako abeslariaren sabela gora eta behera dantzan ikusi nuenean. Mister Jonesek ez zuen buruan iltzatuta geratu zen bideoklip haren antzik.

Kontzertura nirekin etorri zen lagunari kontatu nion zahar eta groupie merkea sentitzen nintzela.

—Ez, neska! Esperientzia gehiago dute eta musikari hobeak dira orain. Gaztetasuna ez dago adinean, jarreran baizik!

Facebooken irakurriko zuen hori, edo Instagramen. Hamabost urteko bikote-harremana utzi zuenetik nerabeak baino okerrago dabil sare sozialetan murgilduta. Sekula baino gazteago ikusten eta sentitzen omen du bere burua. Bikote loturarik gabe bizitzeak UBIn geunden garaiko bizipenak gogoratzen omen dizkio. Gaztetu dela, alegia.

Bada ni, EZ.

BBK Livera berak animatuta joan nintzen. Ilusioa egiten omen zion Bilbora joateak, giroa nolakoa den ikusteko, neska. Saltoka ibili zen, jende mordoarekin hitz egin zuen eta ni, bien bitartean, bideo-grabagailu haren rec botoi gorria burutik ezin kendu nenbilen. Beste jaialdi batzuetara ere joan beharko genukeela ere esan zuen eta hilabete hauetako dirua udan gastatu behar dela ere. Azken aldian mugikorraren bateria aurrezten besterik ez daki emakume honek.

Autoan etxerako bidean gentozela, Wikipedian begiratu nuen Mr. Jones zein urtetan estreinatu zen. 1994. Ez dira hamar, ez, hogeita bat dira. Esateak ere luze jotzen du belarrira. Areitioko aldapan behera gentozela, begirada telefonotik jaso gabe aipatu nion urtea kontzertu-lagunari.

—Esaten nizuna, beterano batzuk. Begira Bon Jovi, edo Eros Ramazzoti... Gero eta hobeto daude, gu bezalaxe. Ez dituzu aspaldiko talde bat bezala hartu behar, betiko talde bat bezala baizik.

Betiko talde bat. Egan ere betiko talde bat da eta jada ez da lehengo bera, ez jauna.

Normalean, aspaldiko kontu goxoak etortzen zaizkit hondartzan etzanda nagoela. Ahuspez jartzen naizen bakoitzean izaten da, logura ate-joka daukadan guztietan, orain bezala. Gaur, ordea, kontzertu hartan sentitu nuena etortzen zait burura. Beste batzuetan, pentsamendu xingle eta erdi-sekretuak izaten dira, Tafalla Euskal Herriko herririk politena dela behin eta berriz pentsatzea bezala. Berriz joango nintzatekeela hara oporretan, igerilekutik atera gabe egoteko eta haur baten begietatik uda bizi ahal izateko. Eta horrekin lokartzen naiz hondartzan, palan jolasten ari direnen egur hotsak esnatzen nauen arte.

Gaur logalea arraro dator. Bero dago, gainera, azken egun hauetan baino gehiago. Begiak ireki beharko dut, eskuinekoa soilik, ezkerrekoa toallaren kontra daukat eta. Begi bakarraren perspektibatik dena urdinago ikusten da, baita bera ere. Buruz gora dago eta begiak itxita dauzka. Lo egongo da, edo sufritzen, honek ederki baitaki eguzki azpian geldirik egoten, sufrimenduaren imintziorik txikiena ere erakutsi gabe. Ederki dago, eta ederki erakusten du bere gorputza. Egia da esaten duena, gaztetuta dago, ez baitio gorputzeko milimetro bakarrak ere grabitatearen indarrari men egiten. Nire gorputza aldiz, kontrako norabidean ikusten dut, aldapa behera, goitibehera baten abiadura hartuta. Ahospez etzanda nago baina nire soberakin guztiak gurpilak zapaldutako txikle baten moduan zabalduta egongo dira toallaren gainean.

Itzuli dira uretatik ondoan etzan zaizkigun neskak. Enrique Iglesiasen kanta txoro hori jarri du batek mugikorrean. Bolumena ozen, hondartza guztiak entzun dezan. Uda osoa darama abestiak leku guztietan eta sekulako nazka diot. Enrique Iglesias ere nerabe ginela ezagutu genuen eta, bere ibilbideari amaiera eman dion albistea ikusiko banu, ez lidake zahartrosi traumarik sortuko. Lekutan baitago Counting Crows Julito Iglesiasen semearengandik. Musika ona egingo balu, sikiera.

Zarata honekin ez nau loak hartuko. Nazkatu naiz buruz behera egoteaz. Barrez eta ozen hizketan ari diren neskatoei nazka eta gorroto aurpegia eskaini nahi diet. Neska ilehoriak izango dira, zeluliti hitza Mercadonako apaletan irakurrita ikasi dutenak. Biribilean etzanda egongo dira, uretan ikusi dituzten mutilez hizketan edo eskolara itzultzerako beltz egon nahi dutela esaten.

Halaxe da, biribilean daude etzanda. Ez dira ilehoriak baina ilea perfektua dute, gorputza bezala. Bikiniak ere oso politak dira. Ez diet gorroto aurpegia jarriko, ezkerreko masaila ukitzean konturatu bainaiz toallaren zuntzen markaz betea daukadala.

Hamasei urteren inguruan ibiliko dira biribilean dauden neskak. Nik euren adina nuenean Sebreniçako sarraskia pasa zen eta ondo gogoan daukat barruan sortu zitzaidan zuloa. Hauek ez dute halakorik entzun ere egin. Hogei urte pasa dira ordutik. Azkarregi pasatzen ari zait denbora.

—Zer darabilzu buruan? - entzun dut ondoko toallatik. Esnatu da.

—Sebreniça.

—Zer da hori?

—Balkanetako hiri bat. Sekulako sarraskia egin zuten musulmanen aurka 1995ean.

—Berriz ere urteekin bueltaka? —toallatik jaiki da arin, arazorik gabe—. Urteekin dena ahazten da. Orain oporretara doa jendea Kroaziara. Tira, goazen uretara, bero dago eta.

Toallak, neskatoak eta Enrique Iglesias atzean utzi ditugu ur ertzera joateko. Gurpilak zapaldutako txiklea bere onera itzuli da: biribila da orain; tripa sartu beharko.

Gustura esango nioke lagunari Counting Crowsekoak gu bezalaxe zahartzen ari direla, Sebreniça Bosnian dagoela eta ez Kroazian, eta ea zergatik BBK Live beharrean orain ez den Kutxabank Live jaialdia. Enrique Iglesiasen udako kanta barruraino sartu zait gainera eta ezingo dut egun osoan burutik kendu. Ea ur freskoak orkatilak ukitzean endorfina dosi txikia sortzen didan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna