Utzita zegoela

1958an jaio zen, Iruñean. 1995ekoak ditu lehenengo bi lanak: Katebegi galdua nobela (Susa) eta Idiaren eraman handia saiakera (Euskaltzaindia). Nobelak eta saiakerak idatzi ditu gehienbat bere ibilbidean. Eleberriak: Euskal karma (Susa, 2001), Hodei berdeak (Susa, 2003), Zintzoen saldoan (Txalaparta, 2012) eta Hiri hondakin solidoak (Txalaparta, 2015). Saiakerak: Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzuk (Pamiela, 2001), Astrolabioa (Pamiela, 2007) eta Beltzaren koloreak (Susa, 2016). Bi generoen arteko lan bat ere atera zuen: Camember helburu. Toulouse-Lautrec mende bat geroago (Susa, 1998).
MARTINTXO

Jon Alonso -

2017ko abuztuak 27
Uda hartan Nafarroako eremu euskalduneko zenbait herritan ikusi zutela diote, zona baskofonoan alegia, ilehori batekin, Saab berri eta handi baten bolantearen atzean. Lesakako Zialdon eta Leitzako Torrean ere ikusi zuten, eta beste hainbeste tokitan. Berako Alzate plazan eta Iturengo Altxuenean, bixigua jaten. Beti ilehoriarekin. Legasako Arotxan txuleta eder batekikoak egiten eta Leurtzako urtegian igelen kantua entzuten ilargi beteko gauetan, edo Erratzuko Zubipuntan talo bati haginka. Uda hartako ordu sargoriak pagolizarren gerizpean ematzen ikusi zuten. Infernuko errotan Lurraren egiazko larrua jotzen eta Sumusuan Aritzakungo fantasmak konbokatzen.

Utzita zegoela esaten zion entzun nahi zionari.

Ilehoriari buruz bertsio aski diferenteak zeuden: batzuek kriston neska puska zela esaten zuten, beste batzuek, familia oneko pijo itxura zeukala, Iruñeko burgesiaren ale ederra, diruz okitua, beste batzuek gehiegi makilatutako putatzarra baino ez zela, putoi berbenazale bat, norbaitek kalkatu zuen bezala. Autoari buruz ez zegoen zalantzarik, horretan denek bat egiten zuten: sekulako katxarroa zen, eta hark gidatzen zuen, berea balitz bezala, nahiz ilehoriarena behar zuen izan, zen miserableaz.

Bertsioetan antzekotasunak bilatzen hasiz gero, denek aitortzen dute aho batez, utzita zegoelakoa errepikatzeaz aparte, euskal erara egiten zutela esaten zuela, harro. Eta zertan zen era hori galdetuz gero, hauxe erantzuten, zitalkeriazko zipriztinak zeuzkan barreaz: gauean sartu eta goizean atara.

Eta periodiku-orri maiztu bat erakusten zuela, Berria egunkariko orri bat. Utzita zegoela, Trumpen erruz.

Ezagutzen zutenek, betitik ezagutzen zutenek, ezin zuten sinetsi. Ez zegokion. Ez zen bera. Denari emanda zegoela, ordura arte aski tipo apal eta zintzo izandakoa zela, zopilo erabatekoa, beste batzuen ustez. Euskaltzalea, hori bai. Akatsak akats, Leitzakoekin hizketan koile esaten zuen horietakoa, eta Arbizun buuba, Baztanen erran zakuten, Bortzirikoen azeeentua imitatzen saiatzen zenetakoa. Neskaren gaitasun lingusitikoari buruz bi iritzi zeuden. Baten arabera, laupabortz hitz esaten zekien, besterik ez, maribistako. Bestearen arabera, euskaraz bazekien, baina ikastola txar bateko ikasle atzeratu samarraren mailan. Elkarren artean erdaraz egiten zuten, hori segurua da.

Zer nahi duzue, esaten omen zuen, nigan bada beste asko, baita Krakoviako meatzari bat ere, esaterako, baina nire lehen ahalegin performatibo honetan segurura jo nahi izan dut, zer gerta ere.

Eta hori esanda irri maltzur samar bat igotzen omen zitzaion ezpainetara, Did you exchange a walk on part in the war for a lead role in a cage?

Eta gero: literatura elkarrizketa modu bat da edo ez da ezer. Utzita nago, baina.

Auskalo pose bat ote zen.

Beso bat pasatzen zuen ilehoriaren lepoaren gainean, babesle, maitale, jauntxo, eta neskaren ile bakoitza urrezko hari bat zen. Nork eta Krakoviako meatzari horrek, beste garai batean munduko urre guztia irakurle helduari esaldi biribil bat eskaintzearen truk eman zukeenak.

Ez zen sinestekoa. Eta ilehoria, tira. Baina autoa?

Iparraldeko herri xarmant horietako batean egiten zituztela gauak, hotel xarmant horietako batean nork bereiztu herri eta hotel xarmantok?, Lapurdin baino barru aldera, edo beharbada Baxenafarroan jada, edo bion arteko mugan. Muga xarmant horietako batean. Gauak euskal erara, hori bai, argi gera bedi.

Ikusi zuten suelto edaten, eta ardo mikatz batek berba zantarrak jartzen zizkion mihian, idazle on guztien bokazioaren jatorrian gurasoak, edo bietako bat bederen, larrua jotzen harrapatu izana zegoela. Eta literaturak hori zeukala eskertzeko edo aurpegiratzeko bere gurasoei, gelako atea aulki batez trabatzeko prekauzioa eduki zutela, harrapa litzakeen garaian. Bera ohia zela, Trumpen erruz. Utzita zegoela. Eta hori esaten zuenean Berriako orri maiztua uda hartako ipuin bat astintzen zuen, ametsen bandera zuri bat bezala, beste trago bat eskatu baino lehen.

Marihuana pixka bat erretzen omen zuten gauero.

Gero, aski edanda zegoenean, Berriako ipuina astintzeaz aparte, papilla irensgaitz bat botatzen zuen entzun nahi zioten guztien aurrean, ilehoriaren begiratu asearen mende: idatzita zeukala oda bat Higgins-en Bosoia gai hartuta, edo denok eta gauza guztiak kontingenteak, preszindibleak eta permutagarriak garela eta direla, salbu eta Wish You Were Here-ren hasieraren gitarra-akordeak eta punteoa, horiek ezinbestekoak eta erabatekoak zirelako, Izaki Goren baten adierazpenak, Gilmour edo Waters tresna baizik ez zirela izan; sekula gauzatu ez ziren ideia on-ohi batzuk, hamar edo hogei urte lehenago boutadetzat hartzen ahal izango ziren oraingo ergelkeria hutsalak, harena inteligentzia higatu, erasan bat zen, eta ez bakarrik alkoholak eta mariak, bere ruinetan inor bizi nahi ez izateko modukoa. Ilehoria izan ezik, beharbada, baina hark abantailaz jokatzen zuen garuna silikonazkoa zuelako. Garuna ere bai.

Trumpek ez zuela botoi gorria sakatuko bera bizi zen artean, horregatik zegoela utzita. Horretan behintzat asmatu zuen. NA-121-A oso arriskutsua dela, hori gauza jakina da. Bere ikuspegi panopktikoak proberbiala, bestalde, ez zion gauza handirik lagundu Berako saihesbideko tuneletik atera eta koipe-arrasto baten gaiean laban eginda, arrapaladan gainera jausi zitzaion pisu astunari iskin egiteko. Zona baskofono bete-betean. Egun hartan ez omen zuen tantarik edan, ezta deus erre ere.

Poseak pose, utzi zuela betiko, orduan bai.

Harrez gero, gertatzen ahal zitzaion onena, baten baino gehiagoren ustez. Uste horretakoek berek Iruñeko burgesiari utzi zioten ilehoriarengatik negar egiteko lana. Saab eder hori horrela birrinduta geratzea pena handia zela, horretan denak bat etorri ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna