Bakarrik joatea, zaila

Bihar hasiko da Eusko Label liga, Bilbon, eta hamabi talde eta hamabi helburu izango dira aurten ere. Entrenatzaile guztiekin hitz egin du BERRIAk, eta ia denak bat etorri dira: egun txarra izaten duenak asko galtzeko arriskua du.

Gorka Aranberri Orioko patroia, trainerua eramaten, iaz, Kontxako Banderako bigarren jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Traineru Kluben Elkarteko (TKE) ligak hamaseigarren ekitaldia izango du aurten, Eusko Label izenaren azpian beste urte batez, eta aldez aurreko egun hauetan, ez dago berrikuntzarik aurreko urteetan garai honetan ikusten zenaren aldean. Liga berdindua aurreikusten da goian, erdian eta behean, eta ez da izango talderik bakarrik ibiliko denik, haren asmoa lasaitasunez lortzeko pagotxarekin. Lana beltz egin eta izerdia lodi bota beharko dute arraunlari guztiek aurten ere.

Bihartik hasita, Bilboko uretan jokatuko da estreinakoa (12:00), erlojuaren aurka. Talde berriak Santurtzi eta Donostiarra dira, eta estropada kopurua 21ekoa da aurten. Urdaibai da iazko txapelaren jabe, eta baita liga gehien irabazi duena ere: zazpi bider.

INKESTA

Eusko Label ligako arraunlari eta entrenatzaileak bihar hasiko den sasoiaz mintzatu dira.

1. Zein helburu duzue aurtengo Eusko Label ligan? 

2. Nola ikusten duzu liga? 

«Zortzi talde ikusten ditut banderak lortzeko lehian» 

Joseba Fernandez Urdaibai

1«Gure helburua da berriz ere erregularrak izatea, eta, emaitza aldetik, ligako titulua defendatzea eta Kontxan iazko arantza ateratzea. Iazko antzeko taldea daukagu, eta, bigarren urtea dugunez elkarrekin, ziurtasuna eta konfiantza irabazi dugu».

2«Talde indartsu gehiago daude, eta zortzi ikusten ditut banderak irabazteko moduan. Iazkoaren aldean, lehen lekuetan ez dira beti talde berak ibiliko, eta sailkapenean eragingo du». 

«Egun txarra izanez gero, atzean geratzeko arriskua dago» 

Mikel Orbañanos Hondarribia 

«Gure aurreneko asmoa da lehiakorrak izatea, eta, ahal badugu, goiko lehian ibiltzeko moduan egotea. Pixkanaka joango gara helburuak zehaztuz, betiere ohorezko txandatik atera gabe ahal dela». 

«Talde indartsuak datoz atzetik, eta sendotu egin da multzo hori iaztik. Horrek ekarriko duen ondorioa da goikoek egun txarren bat izanez gero sailkapenean atzera egiteko arriskua izango duela, iaz ez bezala». 

«Liga ez dugu inoiz irabazi, eta umilak izan behar dugu» 

Jon Salsamendi Orio 

«Iazko arraunlari multzo ia bera daukagu, eta oinarria ona da. Baita neguan egindako lana ere, baina ezinbestean hobetu behar dugu iazkoa, ordukoarekin bakarrik ez baitugu irabaziko. Oriok ez du ligarik inoiz irabazi, eta, historian zehar klub loriatsuena bada ere, ligarik ez izateak umiltasuna eman behar digu». 

«Urdaibai eta Hondarribia ikusten ditut hautagai nagusi ligan, eta Zierbena ere badator goikoen albora». 

«Mailari eustea da gure aurtengo txapelketa» 

Jose Luis Korta Kaiku 

«Mailari eustea da asmoa. Gure txapelketa horixe da. Iaz gaizki ibili ginen diruz, eta arraunlariei esan genien joateko nahi bazuten. Oso talde gaztea dugu, eta eskerrak Gipuzkoatik arraunlari beterano batzuk ekarri ditugun». 

«Sekulako taldeak daude, diruz egindakoak asko, guk lehen egiten genuen bezala. Ez jaisteko lehian San Juan, San Pedro, Tiran eta gu ibiliko gara, eta goikoengandik gertu, Ondarroa, Santurtzi, Cabo eta Donostiarra». 

«Lau onenen artean bagaude, banderen bila joango gara» 

Juan Zunzunegi Zierbena 

«Iazko lana hobetzea da gure nahia, eta horrek esan nahi du aurreneko lauren artean ibiltzea, eta hor gabiltzala, ez dugu besteei begira egon nahi; banderen lehian sartzea gustatuko litzaiguke. Prestaketako estropadetan oso ondo ibili gara». 

«Egun txarra izaten duenari besteak gainetik pasatuko zaizkio. Ez dut esango zein ibiliko den goian eta zein ez, estropada batzuk pasatu arte ez baita ikusiko hori. Errespetua denei». 

«Helburu bat eta bakarra daukagu: mailari eustea» 

Juan Mari Etxabe San Juan 

«Helburu bakarra dugu: ez jaistea. Aldaketa asko dauzkagu. Azkenaldian, aurrera egin dugu, eta badut itxaropena helburua lortzeko. Gazteek aurrerapausoa eman dute, eta beteranoen laguntza ona da».

«Urtez urte gero eta zailagoa da liga hau, eta indartu egin da, aurten igo berriak Santurtzi eta Donostiarra baitira. Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Zierbena ikusten ditut goian, eta Cabok ere talde ona dauka». 

«Ligari uko egitekotan ere egon ginen neguan» 

Benjamin Vazquez Tiran

«Mailari eustea da gure nahia, asmoa eta helburua. Badakit urtero apal azaldu izan dela Tiran hasieran, baina aurten benetako arriskua daukagu jaisteko, eta onartu egin behar dugu hori. Zulo asko dauzkagu, eta, egoera txarra ikusita, zailena izan da taldean geratu direnen animoari eustea. Ligari uko egitear egon ginen».

«Gure aurkariak San Juan, Kaiku eta San Pedro izango dira, eta goian berdintasun handia ikusten dut». 

«Iaztik 11 arraunlari falta arren, talde polita daukagu» 

Iñaki Errasti Ondarroa

«Mailari eustea da asmoa, eta, ikusita orain arte izan ditugun emaitzak, ea ahalik eta lasaiena lortzen dugun. Bigarren txandan ibiltzea oso ona litzateke, baina beti hiruzpalau atzean lagatzea ere ona da. Iaztik 11 arraunlari falta zaizkigu, baina lortu dugu talde polita osatzea».

«Atzekoak gorantz datoz, eta borroka luzea izango da azpikoa. Goialdean, iazko hirurak eta Zierbena ibiliko dira, eta kontuz beste batzuekin ere». 

«Bi talde atzetik uztea da gure helburua aurten ere» 

Mikel Arostegi San Pedro

«Mailari eustea da helburua. Ea ahalik eta azkarrena lortzen dugun, beste helburu batzuk jartzeko gero. Baina bigarren txandan sartzea ez da erraza izango, Santurtzi eta Donostiarra igo berriek asko igo baitute maila».

«Orain arte uste izan dut goi-goian Orio, Hondarribia eta Urdaibai ibiliko zirela, baina kontuz Santurtzi eta Zierbenarekin. Beheko lehian San Juan, Tiran, Kaiku eta gu ibiliko gara. Ondarroa uste baino hobeto dabil». 

«Erdialdean ibiltzeko moduko taldea daukagu» 

Beni Silva Cabo da Cruz

«Iaz, oso larri ibili ginen mailari eusteko, eta aurten, erdi mailan ibili nahi dugu. Taldea badugu hori lortzeko. Lau arraunlari dira berriak, eta taldearen maila dezente igo dute. Maila ona ari gara ematen, eta pozik gaude eginikoarekin».

«Orio goranzko bidean jarraitzekotan da aurten ere, iazko emaitza onak hobetzeko gaitasunarekin. Hondarribia eta Urdaibai ere goian ibiliko dira, eta argi Zierbenarekin. Besteok elkarren gainean gabiltza». 

«Talde polita dugu, baina mailari eustea da lehen helburua» 

Iker Zabala Santurtzi

«Mailari eustea da lehen helburua, hasiera batean, badakigun arren talde polita daukagula. Sei estropada jokatu eta gero, agian beste helburu batzuk jarri beharko ditugu. Esperientzia handiko arraunlariak eta gazteak dauzkagu, nahasian».

«Goian ibiltzeko Orio, Hondarribia, Urdaibai eta Zierbena daude. Gero, Donostiarra, Cabo, Ondarroa eta gu. Behean, kontuz San Juan eta Kaikurekin, entrenatzaile onak baitituzte». 

«Esperientzia falta ea betetzen dugun ilusio eta gogoarekin» 

Igor Makazaga Donostiarra

«Erronka izango da aurtengoa guretzat, hainbeste urtez goian egotea desiratu eta gero. Ez daukagu esperientziarik goiko mailan, gazte asko dauzkagu, eta esperientzia falta ilusioarekin ordezkatzen saiatuko gara».

«Zazpi taldeko multzo indartsua ikusten dut. Orio, Hondarribia, Urdaibai eta Zierbena goian ibiliko dira. Oriok du talde zabalena. Negu ona egin dute Santurtzik, Cabok eta Ondarroak. Ea gertu gabiltzan gu ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.