Fran Garagarza. Eibarreko kirol zuzendaria

«Lehen Mailan gaudenetik, neure burua gehiago estutzen dut»

Herri mailako entrenatzaile izan ondoren, Eibarreko kirol zuzendari bilakatu zen Garagarza. Betiko futbolari elitekotik begiratzen dio orain, Ipuruako bulegotik, kirol kontu guztiak erabakitzen diren lekutik.
GORKA RUBIO / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko otsailak 12
Eibar entrenatzen ari da Arrasaten, Atxabalpe zelai lokaztuan, eta obrak egiteko erabiltzen zen txabola batetik begira dago Fran Garagarza, (Mutriku, Gipuzkoa, 1969). Gimnasioa da orain behinola txabola izan zena.

Aspalditik ezagutzen duzu Atxabalpe.

Nire hasiera ekartzen dit gogora. Galtzeko partidak izaten ziren gehienak hemen. Zaila zen hemen zerbait ateratzea. Jende asko eta beroa etortzen zen hona.

Kilimon, Mutriku, Eibar Urko, Elgoibar eta Aurrera Ondarroa. Beheko futbol horretatik heldu zara orain zauden lekura.

Inoiz ez nuen pentsatu ere egin honaino helduko nintzenik. Goiz utzi behar izan nion jokatzeari, asmarekin arazoak nituelako. Gero, entrenatzaile hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan, eskailera mailak igoz joan nintzen... eta gaur arte.

Nolatan deitu zizun Eibarrek?

Manixek [Mandiola] eta Javik [Perez] deitu zidaten, Bigarren Mailan Manixen laguntzaile izateko,eta batere zalantzarik izan gabe eman nien baiezkoa. Banatzaile enpresa txiki bat nuen; hura utzi, eta futbol munduan sartu nintzen. Hala ere, hurrengo denboraldian, Manixen ordez, Carlos Pouso ekarri zuen klubak, eta, hark laguntzailea ere bazekarrenez, harrobiko arduradun izateko eskaintza egin zidaten. Onartu egin nuen, eta gaur arte.

Beheko mailetako futbola eta elitekoa bi futbol mota dira?

Elitekoan ukitu komertzial handia dago. Diru asko mugitzen da. Bestean, herriko futbolean, ez da halakorik. Lehengo horretatik asko galdu da elitekoan. Lehen, bota pare bat izaten zuen jokalari bakoitzak, eta orain launa dauzkate.

Eliteko futbolak zenbat dauka negoziotik eta zenbat kiroletik?

Gero eta gehiago da negozioa. Jabeak gero eta gehiago dira klubetan, dirua jartzen duten horiek, eta emaitza ekonomikoak nahi dituzte. Haiek hartzen dituzte erabakiak, baita kirol arloan ere. Futbolarekin zerikusirik ez duen interes asko dago futbolean. Beste kirol zuzendari batzuek esaten didate haiek ez dituztela negoziatzen fitxaketak, eta jokalari berri batzuk ekartzea ere ez dutela erabakitzen. Hemen, Administrazio Kontseiluak gure esku uzten ditu kirol erabakiak, eta Eibar dagoen lekuan egotearen oinarri sendoetako bat da. Badakit hainbat lekutan ezinezkoa dela hori.

Kirol idazkari izendatu zintuztenean, 2011n, sekula ibili gabea zinen lan horretan, eta hasieran ikara moduko zerbait sentitu zenuen?

Eskaintzari ezezkoa eman nion aurrenekoan, baita bigarrenean ere. Jose Mari [Arrizabalaga, kontseiluko kide ohia] etorri zitzaidan eskaintzarekin, esanez kluba gaizki zegoela diruz, eta pertsona bakar batek izan behar zuela harrobiaren eta lehen taldearen arduradun. Ezezkoa entzun zuenean esan zidan ni nintzela klubaren apustua, eta denen artean lortuko zutela ni prestatzea lan horretarako. Konbentzitu ninduen.

Eibar ez zebilen ondo diruz.

Ez. 2. B Mailan urte askoan zebilen, gora igo ezinda. Aurrekontuak asko murrizten hasi zen, eta kontseiluaren bidea zen ez zorpetzeko talde kopurua kentzea, langileak kaleratzea, Txokoa ixtea eta abar. Gaizki zegoen kluba. Ur beroa bazegoen, baina nahiko murriztuta. Aurrekontu bat eman zidaten, diru horrekin lan egiteko. Asko lagundu zidan Jose Marik, eta asko eskertu behar diot. Urtebete egin genuen horrela, ez ginen Bigarren Mailara igo, eta hurrengo denboraldirako erabaki genuen Gaizka [Garitano] igotzea entrenatzaile gisa bigarren taldetik aurrenekora. Lan handia egin genuen Gaizkak eta biok lehen taldean, eta nabarmendu nahi dut klubaren historian dagoela Gaizka.

Kirol idazkari hasi zinenean, nola egiten zenuen balizko fitxaketen jarraipena?

Javik [Perez] As kirol egunkaria hartzen zuen astelehenero, eta Bigarren B Mailako beste multzoetako jokalaririk onenak, egunkarian puntuaziorik onena jasotzen zutenak, gorde egiten zituen karpeta batean. Ni ere horrela ibili nintzen Manixen laguntzaile izan nintzen denboraldian.

Kirol idazkari izendatu eta gero lan molde horrekin segitu zenuen?

Ez, beste metodo bat erabili nuen. Bigarren B Mailako gure multzoaren jarraipena nik egiten nuen, eta Gaizkak asko lagundu zidan. Beste hiru multzoetan, hiru pertsona jarri nituen lanean, multzo horiek jokatzen duten lekuetan bizi direnak. Lortu nuen klubak haien bidaiak ordaintzea, eta kopuru bat ematea ere bai, eta txostenak egiten zizkidaten. Gero, norbait begiz jotzen bagenuen, ni joaten nintzen ikustera. Pertsona horietako bat Jesus Casas izan zen, Cadizkoa [Espainia]. Gaur egun, Luis Enriqueren laguntzaileetako bat da.

Garitanorekin bi igoera lortu zituen Eibarrek, eta hori dena lortu gabe oraingo hau ez litzateke izango.

Oraingoaren oinarria da, bai. Gaizka jarri genuenean lehen taldean, gazteak igo genituen, eta utzita ekarri jokalari batzuk; tartean, Yuri eta Dani Garcia, Realetik. Bi horien ekarpena oso handia izan zen. Espero ez genuenean igo ginen, eta Bigarren Mailan mantentzeko taldea osatu genuen, beste aukerarik ere ez genuelako diruz. Baina zer eta Lehen Mailara igo ginen. Miraria izan zen. Hortik aurrerakoa denok dakigu. Gaizkaren ondoren, Jose Luis [Mendilibar] etorri zen, eta itsasontziari abiadura berezi bat eman dio, eta asko laguntzen ari zaigu.

Lehen Mailan zaudenetik, Eibarrek badu dirua, eta alde horretatik errazagoa zaio fitxaketak egitea, ezta?

Baliabide gehiago dauzkagu, egitura ere hobea dugu arlo horretan, baina zailtasunak ere badira, marrazo handiekin lehiatzen baikara jokalariak ekartzeko. Beste taldeek ere baliabide handiak dituzte. Gu Eibar gara, eta, izena hartu dugun arren, txikiak gara besteen aldean, eta, jokalari batek gure eskaintza eta beste talde batena badauka, ia beti bestearena aukeratzen du. Horregatik, gure ezaugarrietako bat da lehenago mugitzea. Horrek arriskuak hartzea esan nahi du, eta erakartzean oldarkorragoa izatea. Eskaintzak azkar egitea esan nahi du horrek. Denboraldi amaieran egingo bagenitu eskaintzak, berandu iritsiko ginateke.

Lehen Mailan egoteak presio handiagoa eragin du zugan?

Bai, nik neure buruari jartzen diodana. Azkenean,presioa da lau milioi euro inbertitzea jokalari bat ekartzeko, eta asko eskatzen diot horretan neure buruari. Niretzat ez da gauza bera jokalari bat ezer ordaindu gabe ekartzea edo lau milioi gastatuta ekartzea. Diru kopuru hori amortizatu egin behar da zelaian, eta, izenak esaten hasita, Paulo Oliveirarena ondo atera da, baina beste batzuk, ez.

Nolakoa da zure lan aste bat?

Gure sailean zazpi lagun gaude, eta talde indartsua gara. Gero, aste bukaeretan lan egiten duten beste bi daude. Gainean egotea tokatzen zait, gauzak nola ateratzen diren ikusteko. Asteburuero, launa partida ikusten ditugu. Gero, astean, hirutan ikusten dut lehen taldearen lan saioa. Arratsaldeetan, bilerak izaten ditut hainbat gairen inguruan, eta jende askorekin. Eguna motz geratzen zait.

Neguko merkatuan lasai ibili zara?

Nahi dugun lekuan gaude. Ez dugu buruko minik eduki. Egoera batzuei begira egon gara, baina ez dira onak izan guretzat; adibidez, iaz Pape Diop eta Orellana ekartzekoak bezalakoak.

Futbol Liga Profesionalak talde bakoitzari ezartzen dion diru muga horretan, non dago Eibar?

Mugan gaude. Bagenekien horrela izango zela. Poltsa bat geneukan gastatzeko, eta ia osorik gastatu genuen udan.

Diru muga hori arindu egin beharko da udan, jokalariren bat edo batzuk salduta?

Lan egin beharko dugu horretan.

Nor saldu behar duzue?

Oraingoz, inor ez. Saldu gabe ere moldatuko ginateke.

Nola dabil taldea?

Ondo. Puntu gehiago merezi izan ditugu, baina azkenean puntuek zehaztuko dute bakoitzak zer-nolako jokoa egin duen. Aurreko sasoian baino puntu gutxiago dauzkagu, baina etxean bi lehia bakarrik galdu ditugu. Kanpoan hobetu egin behar dugu. Beste lau irabazi beharko ditugu mailari eusteko. Taldea fidagarria da. Hala ere, ahalik eta azkarren ateratzea komeni zaigu. Berdintasun handia dago, eta edozein jaits daiteke.

Hasi zarete Mendilibarrekin hizketan kontratua berritzeko?

Lasai gaude. Konfiantza handia daukagu elkarrekin. Otsaila ez da garaia hitz egiten hasteko. Ikusi egin behar dugu nola bukatzen den denboraldia, eta berak ere ez du nahi izaten hain goiz hasi kontratu berritzeaz hizketan.

Zure kontratua ere ekainaren 30ean amaituko da.

Zail izango da hemen baino hobeto egotea beste nonbait.

Tentaziorik baduzu kanpora joateko?

Orain, ez. Nire etorkizuna ez da lehentasuna, ez niretzat eta ez klubarentzat. Itsasontzia ezin da orain geratu. Badugu zereginik.

Zure izena azaldu zen Athleticen hauteskunde kanpainan. Zurrumurrua zen, ala izan zen zerbait?

Gezurra zen. Inork ez zidan deitu; zurrumurruak izan ziren.

Urte hauetan izan duzu aukerarik beste norabait joateko?

Aukera zehatzik ez.

Riesgori, Enrichi, Charlesi eta Ramisi kontratua bukatuko zaie ekainaren 30ean.

Kapitainak dira laurak, eta Charlesek gol asko sartu ditu. Jokalari garrantzitsuak dira. Enrichekin ari gara hizketan, poliki, baina bide onean. 23 jokalari ditugu, dena den, eta ez da gauza txarra kontratua lau horiek bakarrik bukatzea.
Aitor Manterola

Informazio osagarria