Realak lidergoari eutsi nahi dio, eta Alavesek, gora egin

Gipuzkoarrek Huesca hartuko dute Anoetan. Valladoliden zelaian jokatuko dute arabarrek

Realeko jokalariak Getaferi sartutako gol bat ospatzen. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Europako euforiak bazter utzi eta lanerako arropa jantzi beharrean da Reala. Egun gozoak bizi dituzte txuri-urdinek, eta, halaxe segitzeko, garaipen baten premian dira donostiarrak. Espainiako ligako lidergoari eustea du xede Imanol Alguacilen taldeak; Huesca igo berria jasoko du (21:00), eta hiru puntuak Anoetan uzteko asmoekin ekingo diote neurketari.

Orain artean, nahieran atera zaizkie gauzak. Eroso ari dira zelaian, eta taldearen estatistikek berretsi egiten dute hori. Ohiko txapelketan sei neurketa jokatu dituzte Imanolenek, eta hamar gol sartu. Bi bakarrik jaso ditu Alex Remiro atezainak. Joera horri eustea gako izango da goiko postuei eutsi ahal izateko.

Dena den, gauzak zail jarri nahiko dizkio Huescak. Iritsi berriaren grinarekin zelairatuko dira espainiarrak, eta badakite Donostiatik hiru puntuak eramateak balio erantsia izan dezakeela sasoi amaieran. Hortzak erakutsiko dituzte.

Egoera horretan, konfiantzari tartetik zabaldu gabe aritu dira. Hala dio Imanolek: «Ez bagara bete-betean aritzen, Huescak zail jarriko dizkigu gauzak.

Litekeena da oriotarrak zenbait aldaketa egitea hamaikakoan. Zama handiko hasteak bizitzen ari da Reala, sarri-sarri jokatzea egokituko baitzaio. Lan horri neurria hartzea gako izango dute txuri-urdinek: eustea izango dute nahikoa sari. Baina gaurkoak jokatu ezinik dauden jokalari asko ditu Imanolek: Zubeldia, Zaldua, Merquelanz, Barrenetxea, Januzak. Imanolek gaur arte itxarongo du deialdia emateko.

Alaves puntu premian

Reala garai gozoan da, baina kontrakoa ari zaio gertatzen Alavesi. Ez da nahi bezalako indarrarekin hasi Pablo Machinen proiektua Gasteizen. Oraindik goiz da premiez hitz egiteko, baina arabarrek beharrezkoak dituzte gaur hiru puntuak. Mailari eusteko borrokan aurkari izan dezakeen talde baten zelaian ariko da: Valladolidenean (14:00).

Atzean ez dabil nahi bezain sendo Alaves, eta aurrealdean ere Lucas Perez eta Joselu asmatu ezinik dabiltza. Orain arte Machinen taldeak hiru gol baino ez ditu sartu, eta garaipen bakarra izan du denboraldi honetan: Athleticen aurkako derbian izan zen: 1-0.

Etxeko taldea ere puntu premian da. Machinek honela aztertu du gaurko neurketa: «Partida zaila izango da. Haiek oso ondo lehiatu dira, baina garesti ordaindu dituzte hainbat partidatan egindako akatsak». Golak sartzeko taldean dituen zailtasunen inguruan, jokalariei ezin diela ezer leporatu nabarmendu zuen. «Ezohikoa da, baina emango diogu buelta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.