Limoizko oroitzapenak

Ordizian (Gipuzkoa) jaioa, 1964an, Gasteizen bizi da aspaldidanik. Literaturarekin bizi da, bere sorlanekin (Joan; Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk; Hiru gutun Iruñetik…; laster, Joserra Senperenaren musikarekin eta Mintxo pintorearen margoekin 50 izeneko nobela argitaratuko du) eta itzulpenekin (Mirarien kalezuloa, Printze Txikia, Erregearen eguna…).

Patxi Zubizarreta.
2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Pipitaki, papataki: zeruaren ispilua da, kasik zerua bezain handia eta ilargiaren sehaska'. Igarkizun horixe etorri zait gogora egunkarian haren argazkia ikustean. Eta, une batez, begiak itxi ditut hobeki oroitzeko. Txagorritxuko ospitalean nengoen. Ebakuntza egin eta gero, suspertuxeago, afalostean bibliotekara jaisteko usadioa hartu nuen. Beste neska bat ere joaten zen, jatorri magrebtarreko medikuntza ikasle bat. Ahoz gora errezitatzeak hobeki ikasten laguntzen zion, antza; eta haren xuxurlak eta nire irakurketak erraztu egiten zidaten geroko loa. Alabaina, gau batez, argazkiko amona etorri zen: ezdeus, xumetasunean pinpirin, ezpain gorri. Bibliotekariarekin batera etorri zen eta, gogoan dut, haren begi urdin lausoak ikustean, zalantza egin nuela han geundenok ikusi ahal izango ote gintuen.

Bi emakumeak hizketan aritu ziren eta nik ez nien belarririk kendu. Amona irakurtzen geratu zen, baina haur ttiki baten antzeko arretarekin: atzamarraren laguntzaz jardun zuen letra handiekiko album bat orriztatzen. Gero, poltsa handi eta astuna harturik, astiro irten zen handik. Eta ni harekin. Lehenago, bibliotekariak galdegin zion ea bakarrik joatekoa zen Errekaleor auzune urrunera, kanpoan ekaitza zela eta autoz eraman zezakeela; amonak, irribarretsu, irakurtzeko erabilitako atzamar berari eragin zion, ezker-eskuin. 'Ekaitzek, gainera, itsasoko denboraleak oroitarazten dizkidate, eta kresala usainarazten…'. Orduan, ez jakin zergatik, gelara azkar itzuli, kaleko arropak are azkarrago jantzi eta, inor konturatu gabe, ezegitekoetan dabilenaren poztasunarekin abiatu nintzen amonaren atzetik.

Gaueko hamaikak ziren, haize bortitzak areagotu egiten zuen zaparraden indarra, baina amonak, zalantzarik ez, eta kanpora jo zuen. Eta nik harekin. Ospitaleko eskailerak jaitsi bezain laster, erauntsiak lurrera botako ez bazuen, farola bati heldu behar izan zion. Ni laguntzera joatekotan egon nintzen, baina laster farola askatu eta, poltsa ainguratsu hura lagun, geltokiraino iristea lortu zuen. Zazpigarren lineako autobusa —Sansomendi-Salburua— ekaitzean nabigatuz heldu zelarik, amonak elbarrientzako eserlekua hautatu zuen. Gabardinako sakelatik zerbait ateratzen ikusi nuen, eta iruditu zitzaidan garbantzu ale bat jausi zitzaiola; baina batez ere kezka piztu zitzaidan: euri artean, begi urtsu haiekin, gai izango ote zen bere geltokiari antzemateko?

Kezkaturik jarraitu nuen, eta are arduratuago ikusi nuen geltoki bakarti batean jaisten. Ordurako apenas ari zuen euririk, baina emakumea naufragaturik zegoen, ingurumaria arrotza balitzaio bezala. Orduan hurbildu nintzaion, orduan esan zidan ea Errekaleorren geunden eta nik, sekula egon gabea nintzen arren, ezezkoarekin erantzun nion. Baina besoa eskaini nion haraino laguntzeko, eta poltsa nik neuk eramatea proposatu nion. 'Bibliotekariari liburuak eskatu dizkiot pisu apur bat hartzeko, baina…'. Eta besoa korapilatu zidanean argi ohartu nintzen haren flakeziaz eta hauskortasunaz. 'Zorro batean, hamabi garbantzu ale eramaten ditut. Geltoki bakoitzean bat sakeleratzen dut, baina gaur oker ibili naiz, nonbait, eta azken portuarekin nahasi…', harritu ninduen. Gero argitu zidan senarra ospitalean zuela, eta laurogeitaka urterekin hasi zela irakurtzen ikasten. 'Haurrak zapata berriekin bezala nago'. Eta senarrari ere gustatu egiten zitzaiola ipuinak emaztearen ahotik astiro-astiro entzutea. 'Bitxia da, baina, irakurri bitartean, ahots bat entzuten dut neure baitan'.

Gau ilunean aurrera egin genuen, astiro, oso astiro, auzunea mamu baten antzera agertu zitzaigun arte, eta irudipena izan nuen amona unetik unera ttipitu egiten zitzaidala, desagertzeraino kasik. 'Heldu gara!', entzun nuen hala ere, 'Zu, bertakoa zara?'. Etxera lagundu bitartean, ezetz adierazi nion, lagun bati bisita egitera joana nintzela; baina bera agurtutakoan auzuneko taberna bakarrean babestu nintzen. Ongi gogoan dut barran pitxer bat zegoela, erdizka betea, hondoan hainbat txanpon eta urazalean limoi bat igerika zuena. Zerbitzari bakartiak argitu zidan txanpon bat bota nezakeela, eta limoiaren gainaldean geratzea lortuz gero, niretzat izango zirela azpialdeko guztiak.

Hori guztia lanbrotsu oroitzen dudan arren, ongi gogoan dut hurrengo goizean amonari buruzko galdera egin niola ospitaleko bibliotekariari. 'Floridako liburutegian ezagutu nuen. Txantxetan egin zidan itsasoari buruzko igarkizuna, eta batez ere itsasoari buruzko liburuak eskatu zizkidan, letra handiarekin…'. Eta nik bibliotekariari Errekaleorrera onik iritsi zela esateko gogoa, garbantzuen trikimailua kontatzekoa; baina ezin, bada, neure burua salatu. 'Amak, jaiotzean, nahitara Marina Maria ipini zion izena, ez zuelako itsasoa ezagutzen. Eta Marina Mariak ere itsasoa ezagutzen ez. Senarrak agindu dio, sendatutakoan, kostaldera joango direla…'.

Biharamunean bertan eman zidaten senda agiria eta ez nuen amona berriro ikusterik izan, eta bibliotekariari gaur kontatu nahi nioke Marina Mariaren eskela ikusi dudala, baina non eta Menorcan hil dela. Dena kontatuko nioke, baita pitxerreko limoiarena ere, eta txanpona hondoratu egin zitzaidala… Beharbada hark esango lidake adineko pertsona bat hiltzen denean biblioteka bat ixten dela. Begiak itxi ditut berriro ere hobeki oroitzeko: 'Pipitaki, papataki: zeruaren ispilua da, kasik zerua bezain handia eta ilargiaren sehaska'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.