urtzi urkizu
KURSAALEKO ZUBITIK

Osetieraz

2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ez da nire iritzi bat edo zubian entzundako zerbait. Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordeak irailaren 12an BERRIAko elkarrizketan esandako hitzak dira: «Donostiako Zinemaldia Espainiako eta Latinoamerikako industria sustatzeko plataforma bat da». Ez dago ezkutatu beharrik. Sail Ofizialeko filmen artean, zortzi izan dira gaztelaniaz. Frantsesez, lau. Hizkuntza hegemonikoak dira horiek; Sail Ofizialean, ohiko moduan, ez da egon euskarazko azpidatzirik. Egunotan azpidatziekin gaztelaniaz irakurri dudan guztiarekin, nobela labur pare bat izango lirateke, gutxienez.

Baina badira Zinemaldian bestelako errealitateak eta hizkuntzak deskubritzeko bideak. Atzera begirakoak izaten dira ezkutuko aukera horietako batzuk, eta gozamena izan zen Loreak infernuan zikloko proiekzio batera sartzea. Egunero ez da izaten aukera 1960ko Hego Koreako film bat pantaila handian ikusteko.

Zabaltegi sailean, berriz, osetieraz eman dute pelikula bat: Razzhimaya kulaki. Krudela, gogorra, zitala. Cannesen Un Certain Regard saria jaso zuen, eta entzutekoak izan dira Kira Kovalenko Errusiako zinemagileak proiekzioaren ostean eman dituen azalpenak. Aipatu du trailerra zabaldu bezain laster mehatxuak jaso dituela. Nabari da urduri dagoela, ez dakielako pelikulak Ipar Osetian eta Errusian zer harrera izango duen. Aipatu du, baita ere, presioa jasan duela pelikula errusierara bikoiztu eta errusieraz estreinatu dadin. Baina tinko eutsi dio Kovalenkok osetierazko jatorrizko bertsioarekin.

Eta, bai, Zinemaldia zoriondu behar dut Kovalenkoren gisako sortzaile ausartak gonbidatzeagatik. Horrek bihurtzen du jaialdi bat aberasgarri. Eta horrek bultzatzen du ikusleen eta herritarren jakin-mina. Jarrai dezala zubi horietan, pizgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.