Albistea entzun

Mini-bar

Donostian jaio zen, 1978an. Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak egin zituen, eta proiektu digitalen diseinuan lan egiten du. Samuraitasuna blogean argitaratutako narrazio laburrak ditu oinarri Lasai, ez da ezer gertatzen (2013) liburuak, oraingoz argitaratu duen bakarrak. Bakardadeari buruzko obra bat den arren, liburuak «umorea, sarkasmoa eta (auto)ironia —hala sanoak nola insanoak—» eskaintzen ditu, Iban Zalduak hitzaurrean dioenez, eta irakurleari «horren bakarrik ez sentitzen» laguntzen dio.

Ana Malagon -

2014ko abuztuak 31

Carolina eta bere lagunek lehenengo oporrak dituzte elkarrekin. Gehiegizko zirraran nabaritzen da lehenengo aldia dela. Ozenegi hitz egiten dute, konfidentziak direnean ere entzun ditzakegu hoteleko igerilekuan gauden guztiok. Bolumenari esker dakit jakin behar dudan guztia. Carolina, Carolina deitzen dela, alegia. Hezkuntza pribatuak ezartzen duen hizkera hori du, perla zuri borobilak belarrietan eta aurpegira erortzean sekulako lana ematen dion ile luze distiratsua. Xanpu iragarki batean bizi da eta gustuko du.

Carolinak bere bikini fluoreszentearekin itsutu egiten nau. Ezin dut ondo ikusi. Ezin dut inolaz ere ukitu. Baina entzun eta usaindu dezaket. Nerabezaroan gustagarri izan nahi duenaren ahots eta usain goxoa du. Elisak zuen ahots eta usain hori.

Uda zen Elisa ezagutu nuenean ere. Nire lehengusuaren lagunen laguna zen edo halako zerbait. Militar baten alaba zela esan zidan anaiak behin mutur okerrarekin, baina nik ez nion bere aitari sekula uniformerik ikusi. Alkandora urdin ilun bat eta estutu egiten zuen gerriko beltz bat ikusi nituen, bere etxe pareko espaloian Elisa noiz jaitsiko zain nengoen bitartean. Ez nion aitarengatik inoiz galdetu. Ez uniformeengatik, ez alkandora urdin ilunengatik. Are gutxiago estutu egiten zuen gerriko beltzagatik.

Gogoan dut osabaren automobila lehenengo aldiz hartu genuenekoa. Lehengusuak gidatu zuen, inpresionatzeko helburuarekin bakarrik hartu daitekeen abiadan. Tarteka Elisari begiratzen genion erretrobisoretik. Leihatilak zabalik zeramatzan atzeko eserlekuan eta ez zirudien ez abiadurak, ez bihurguneek axola zitzaizkionik. Gure presentziak ere ez. Haizeak ilea astintzen zion. Aurpegira etortzen zitzaion ile xerloa kentzen zuen. Sekulako lana ematen zion ileak berari ere. Baina ezerk ez zuen axolarik. Etxetik irtetean margotzen zituen karmin gorriko ezpain lodi haiekin irribarre egiten zuen. Modu eder bezain inozoan.

Kostaldeko herrietako festak ezagutu genituen. Dantzak plazetan. Gaseosa zeramaten lehenengo ardoen zorabio goxoak. Lehenengo zigarreten eztulak. Dardarak. Zalantzak. Nahigabeaz mozorrotutako nahita emandako muxuren bat. Eta nire lehengusuaren insistentziari esker, Françoise Hardy.

Uda amaitu ostean, tren geltokiko kafetegian zitatzen hasi ginen. Bertako kafesnea atsegin zuela esan zidan. Nik ez nion ezer berezirik aurkitu inoiz kafeari baina bai arratsaldeak Elisarekin igarotzeari. Alde batera eta bestera presaka zebilen jendez inguraturik, gure intimitatearen naipe gaztelua eraiki genuen kafetegiko mahaian. Udazkeneko Elisak ez zuen udako Elisarekin zerikusirik. Ez zuen kafetegitik atera nahi izaten. Ez paseatzera, ez zinera, ez dantzalekuetara. Kafesneak eta atetik igarotzen ziren ezezagunei asmatzen genizkien istorioak dastatu nahi izaten zituen, besterik ez. Batzuetan, Elisa eta biok ginen protagonistak. Nire buruan bakarrik, inoiz ez nire ahotan. Irudipen nahiko tropikalak ziren denak. Inork ez zuen joan-etorriko billeterik hartzen. Guztiak ziren ihesak eta askatasun bilaketa desesperatuak. Guztia zen koilaratxoen tin-tin-tinen eta geltokiko megafoniaren iragarpenen ozeanotik haratago biziko ez genuen bizitza.

Carolinaren telefonoaren doinua inoiz ezagutuko ez dudan abesti bat da.

Norbait maite zuela esan zidan Elisak arratsalde hartan. Bihotzez maite zuela, inolako baldintzarik gabe. Horrekin nahikoa zuela bizitza bere osotasunean bizitzeko, ez zuela beste ezer behar. Zubi guztiak erretzeko prest zegoela eta bost axola zitzaizkiola konbentzioak.

Nire izerdiak bere eskua hezetu zuen heldu nionean.

Zorionak bakarrik duen gupidagabe izateko modu horrekin notario izateko azterketa gainditu berri zuen Ramon deituriko tipo bat aipatu zuen. «Askoz ere zaharragoa da, baina maite dut». Irribarre estu baten truke askatu nuen eskua, une hartatik aurrera kafesnearen apar fragilaren pisua koilaratxoarekin neurtzen entretenitu zedin.

Megafoniako ahotsak hurrengo trena laugarren bidetik sartzear zegoela iragarri zuen. Megafoniako ahotsak ez zuen ni alboko ate batetik irtetear nengoela iragarri baina hala egin nuen, kontua ordaindu eta Ramonentzat kafesne hilotz eta eserleku epel bat utziz.

Handik urtebetera, garai hartan notario batekin edozeinek egingo zuena egin zuen Elisak. Ezkondu eta automobil zuri batean betiko alde egin. Axola zitzaion konbentzio baten errepidea hartu eta ospa.

Urte batzuk beranduago, oraindik arraroa iruditzen bazait ere, ni ere ezkondu egin nintzen. Geltokira behar izan dudanean bakarrik gerturatu naiz urte hauetan. Bizitzarik ez irudikatzen saiatu naiz. Ez besteena, eta batez ere, ez nirea. Hona heldu arte. Gelako mini-bar panpin-etxearen miniatura delikatu guztiak agortu ditut dagoeneko. Nostalgiak ahoa lehortzen du.

Carolina fluoreszenteak tranpolinetik salto egin du.

«Isabel... sudurra... odola...» esan dit senarrak.

Larriturik, poltsa guztia hankaz gora jarri du, kleenex baten bila.

«BERRIZ. Lasai esan dezakezu, Joseba. Isabel, sudurretik odola darizu, BERRIZ».

Denborak bestelako gaixotasunei lekua egiteko sendatzen ditu bihotz puskatuak. Burua ur azpian sartu behar banu bezala, kleenexarekin sudurra heldu dut eta etzan egin naiz, zerura begira. Carolina, uretatik bueltan, Joseba eta nire artean igaro da.

Zeruan ikusi dut Carolina. Josebak lurrean ikusi nau ni. Hotel sasi-tropikal honetan zaila da desberdintzea gutako nor dagoen oporretan. Nor hilzorian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare sozialetan zabldutako irudia. Zauritutako gizon bat dago lurrean, –Salman Rushdie omen da–. ©BERRIA

Salman Rushdie idazleari eraso egin diote New Yorken, labanaz

Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz

Ospitaleratua da, larri; ebakuntza egin diote eta intubatuta daukate. Ustezko erasotzailea atxilotua da: 24 urte ditu, eta New Jerseykoa da. Idazlea heriotza mehatxupean izan da azken 33 urteetan, 'Satanic Verses' (Bertset satanikoak) idatzi zuenez geroztik.

 ©JUAN DE DIEGO

«Jazzaren iturburura bueltatu nahi nuen, eta soinu hori jaso»

Aitor Biain

Pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta lagun, lauko formatuan ondu du 'Grebalariak' diskoa. 1919ko La Canadencaren greba oroitu nahi izan du lanarekin. Plentziako Agorri Jazz jaialdian aurkeztuko du lana, gaur.

Lehen uda etxetik kanpo

Paule Ixiar Loizaga Legarra.

(Sopela, Bizkaia, 1997). Algortako bertso eskolan (Bizkaia) hasi zen bertsotan gaztetxotan, eta hainbat gazte sariketatan eta plazatan kantatu izan du urteetan. 2016. urteaz geroztik parte hartu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.
Norman Foster, 2019ko abenduan, proiektua jendaurrean aurkeztu zuenean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Urbelan, Altuna y Uria eta Campezo enpresek handituko dute Arte Ederren eraikina

Mikel P. Ansa

41,1 milioi euroko kostua izango du obrak guztira —hasiera-hasierako proiektuan espero zutena baino ia hemeretzi milioi euro gehiago—, eta 2024ko abuztuan bukatu beharko lukete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...