Emakume bi

Errenterian jaioa (Gipuzkoa), 1963an. Kixmi elurpean nobelaz (2005), Egia antzerki lanaz (2012) eta Paradisua narrazio bildumaz gain (2012), haur eta gazte literaturako hainbat narrazio argitaratu ditu: Familia berria (2012), Simon ipuinen munduan (2013) eta Patioan (2015) ditu oraingoz azkenekoak.

Arrate Egaña -

2015eko abuztuak 30
Bata zaharra da, ilezuria, bitsarena du zuria, eta zimur leuneko azal argia. Astiro dabil, herrestan, beste emakumearen besotik baina planta dotoreari eutsiz. Soineko arina jantzi du, setazkoa, eta beso askean larruzko poltsa bat darama. Bestea gaztea da, beltzarana, ile beltz, lodi eta dirdiratsua du, txirikorda batean lotua. Begi ilunak, biziak, eta azal beltzarana. Adindunaren pausoak bideratzen ditu. Mintzatu gabe doaz, aurrerantz begira, ezer ikusi ez arren. Tonpoi bidea albo batera utzita, Talako parkean barrendu eta egurrezko banku batean eseri dira, elkarren ondoan, isil-isilik bi-biak, itsasoari so. Udaberriko haize leunak loretan dauden mimosen lurrina daramakie.

Zaharra

Zein da emakume hau? Zer ari da nirekin? Ezagutzen ez dudan arren nire alboan dago, nigandik oso gertu, gertuegi. Ez daki ezer nire bizitzaz, ez nire izaeraz, ez du nire nahien berri. Itxita dauka nire iragana, orobat nire oraina, eta hala ere behartua nago berarekin egotera, ez dut beste irtenbiderik.

Gogoa atzera botatzen dut joandako egunak berreskuratu guran; urrunak eta lausoak izanagatik erruz datozkit, behar bezala ahalegintzen banaiz. Hura bai ederra. Egun eguzkitsuetako paisaia haiek, etxean pazientziaz ondutako jaki baten lurrina, ume zehatz batzuen irria. Maite ninduten pertsonak, nik maite nituenak, ordu mamitsuak, benetako uneak... hantxe geratu dira. Izenik gabeko zenbait akorde setatsu memoriari itsatsi zaizkio, melodia horrekin dantza egingo nuen agian, ez naiz ongi oroitzen. Ankerra izaten da distantzia jakin bat.

Eta emakume hau, niri atxikirik, eta hain urruti aldi berean, hain arrotza, eskutik naramala paturik gabeko leku mortu batera, eraman baino ez, inora ez. Bere usaina, aurpegia, hizkera, guztia zait estrainioa. Nor da emakume hau?

Dena den, ez dago inor gehiago. Ez ahaiderik ez lagunik. Hark dauka nik behar dudana. Eskuak estutzen dizkidanean epeltasun halako bat helarazten dit, eta onezkoak egiten ditut haren presentziarekin. Besotik helduta goazela, gure pausoek erritmo berdina hartzen dute maiz, gure arnasketek bezala, eta elkarren ondoan esertzean gure gogoetak, hain desberdinak izango diren arren, punturen batean topatu eta uztartzen direla dirudi. Orduan hurbila sentitzen dut, maitagarria, orain eta hemen dudan euskarria.

Gaztea

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna