Markos Untzeta. Musikaria

«Nor naiz ni benetan? Horren emaitza da diskoa»

Barrenera begiratu du; iraganera, haurtzarora. Begirada nostalgiko baten bidez, 'Seinaleak' aurreko diskoan baino argi eta ahaire baikorragoak bildu ditu 'Eguzki gorri bat' berrian.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko ekainak 21
Ez dator esku hutsik Markos Untzeta (Eibar, Gipuzkoa, 1970). Baina Esku Hutsik taldeak lagunduta grabatu du aurrenekoz disko bat, bere ibilbideko bosgarrena: Eguzki gorri bat. Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa), Anjel Ituarte (baxua eta kontrabaxua) eta Iñaki Belaustegi (bateria eta perkusioa) izan ditu bidaide. Eta haiekin batera aurkeztuko du lan berria, bihar (23:00), Ondarroako Beikozini aretoan (Bizkaia). Ez dira garai onenak AEBetako blues, folk eta rockean oinarrituriko musika egiteko: «Bueno, ez dira sekula izan». Baina behinola Bruce Springsteenek, Bob Dylanek, Tom Pettyk edota The Rolling Stonesek liluratu zuten, eta fidel mantentzen du sonoritate haiekiko mira.

Zein da zure haurtzaroko musika?

Musika ez zen egon batere presente nire haurtzaroan, ez bada gurasoekin kotxean irteerak egiten hasi eta Pantxoa eta Peio, Benito Lertxundi, Ez dok Amairukoak... entzuten genituenekoa. Euskal familia guztiek entzuten genuena, nolabait. Baina ez dut oroitzen musikak eragin berezirik izan zuenik nigan haurra nintzela.

Hala ere, haurtzaroak eman dizu inspirazio gogamenik disko berria osatzeko...

Bai, Seinaleak aurrekoa atera nuenean, azken urteetan nire ingurunean, geure gizarte honetan, bizi genituen arazo politiko-ekonomiko-sozialei eta harremanei buruz aritu nintzen. Disko nahiko iluna izan zen. Nahiko tristea, baita kritikoa ere. Lan hark utzi zidan halako aztarna triste bat. Neure buruari galdetu nion ea ni benetan nolako nintzen halako zerbait idazteko... nire zalantzak sortu zizkidan lan hark. Galdera horren erantzunaren bila hasi nuen bidea, nor naiz benetan? Eta horren emaitza da disko berria. Zer izan da haurtzaroa niretzat? Nondik nator? Zerk markatu nauen... Horregatik azaltzen dira gurasoak, lagunak, Eibar.

Eta zerk markatu zaitu musikalki, zein izan zen lehen musika pindarra ?

Oso gogoan daukat ikus-entzule gisa bizi izan nuen lehen kontzertua, Itoizena, Eibarko kiroldegian, San Joan jai batzuetan. 1983. urtea edo izango zen Musikaz blai diskoa atera zutenean. Hura izan zen lehen esperientzia musikala, baina ez zen izan bereziki musikagatik, sasoi hartan han egon beharra zegoen... Asko gustatu zitzaidan, hori bai.

«Naizen hori, nintzena, eta etorriko dena, pertsona bera direla sinesterik ba ote da?», diozu Iraganeko lekuak kantuan. Une honetan nor zara musikari modura?

Tamalez, geroz eta musika gutxiago entzuten dut. Pixkanaka desagertzen ari den ohitura bat da: familia daukat, lana... lehen nire denbora librearen %80 inguru pasatzen banuen musika entzuten eta gozatzen, orain apenas eskaintzen diodan ezer. Musikari bezala bizi naiz nire iraganetik. 14-15 urte nituenetik 25 urte ingurura jaso nuen formazio hartatik, alegia. Neure barruan mamitu zen musikari hori naiz oraindik ere. Ur horietatik edaten dut oraindik ere.

Beste kantu batean diozu: «Oi denbora! Nora zoaz hain arin hondar hari batek nola eskuartetik ihesi?». Lelo horrek harrapatzen du diskoaren muina?

Bai, diskoak haurtzaroari eta iraganari begirada egiten dio; orainari gutxi galde niezaioke, ia ez baitugu bizi. Hori da, era berean, bizitzaren paradoxa. Oraina da garrantzitsuena, baina apenas bizi dugun, heldu orduko iragaten baita hain arin. Egunero ateratzen da eguzki gorrixka hori, baina baita joan ere.

Elementu nostalgikoa badu hortaz lanak, baina zuk esana da ez dela lan nostalgikoa?

Nik ez daukat ezer nostalgiaren aurka; batzuetan sentitzen dut, eta gustatzen zait, gainera. Esaterako, Eibarren inguruko kantua egin dudanean, desagertzear den hiri paisaia hori gogoratzeko egin dut. Dira espazio batzuk, fabrika batzuk, desagertzen ari direnak, eta niri pena ematen dit... Umetan, besteak beste, gure jolastokiak baitziren. Zainduta egoten ziren, eta ez zen erraza izaten sartzea, abentura bat zen. Eta nire aitarentzat izan zen ogibidea, fabrika eta tailer horietan aritu baitzen lanean.

Halere, Seinaleak hark baino argi gehixeago dauka Eguzki gorri bat honek.

Bai, derrigor behar zuen hala. Nahi nuen zerbait desberdina egin. Hautamen selektiboa da egin dudana, nire haurtzarora joan naiz, eta pozetik iragandako momentuak hautatu ditut: trenera igo eta amarekin bidaiatzen genuenekoa...

Esku Hutsik taldearekin aurrenekoz grabatu duzu, nahiz eta lehenago ere haiekin aritu. Horrek ekarri du talde soinuaren sendotzea?

Soinuaren indarrean ez dut uste aldaketa handirik egon denik, baina bai soinuaren koloreetan eta ehunduretan, Giovanni Zanonek gitarra jotzaile gisa esparru oso zabala hartzen du. Aukera handiak ematen ditu, eta, kasu honetan, ez ditut teklatuak behar izan. Oso musikari emankorra da; behar zuen bere espazioa, eta eman diogu. Jendeak oso erraz nabaritu du haren eskua.

Esku hutsik kantuak islatzen du zure ikuspegi musikala?

Bai; une iheskor horien bila joaten naiz beti, eta kantuak dira momentu berezi horiek lortzeko modurik errazena.

Tempo erdiko doinuek ematen dizute plazerik handien une horiek lortzean?

Bai, oso erritmo emankorrak dira ahotsa instrumentu gisa erabiltzeko, niri erraztasuna ematen dit horrek, eta oso eroso sentitzen naiz erritmo horietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna