Egiaz eta begiaz

Oroitzapena eta Gorazarrea

Elizgizon klaretarra zen Jose Otano Miqueliz nafarra. 1936ko urriaren 23an fusilatu zuten Hernanin, hainbat apaiz abertzalerekin bateratsu. Laurogeitaka urte geroago, kongregaziokidearen urratsak berregin ditu Josu Aldai Otxoa de Olanok (Agurain, 1944), Lergan hasi eta Hernaniko kripta izugarriraino.

Jose Otanoren bizi-heriotzen argitaratzaile Josu Aldai, Hernaniko hilerriko kriptan. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Hernani
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Franco hil ondoren hasi zitzaizkion batzuk eta besteak klerikoen fusilatuen memoria berreskuratzeari. Haatik, diktadorea 1975ean hila, 2009an ospatu zuten Bilbo, Donostia eta Gasteizko gotzainekhormara eraman zituzten hamalau elizgizonen oroimenezko meza. Martin Lekuona Etxabeguren, Gerbasio Albizu Bidaur, Jose Adarraga Larburu, Jose Ariztimuño Olaso, Jose Sagarna Uriarte, Alejandro Mendikute Lizeaga, Jose Otano Miqueliz, Jose Joakin Arin Oiartzabal, Leonardo Guridi Arrazola, Jose Markiegi Olazabal, Jose Ignazio Peñagarikano Solozabal, Zelestino Onaindia Zuloaga, Jorge Iturricastillo Aranzabal eta Roman de San Jose Urtiaga Elezburu oroitu zituzten elizkizunean.

Gasteizko katedral berria hautatu zuten toki. Eliza katolikoa barkamen eskean zetorren. Kontra egin nahi zion «Elizaren medio ofizialen isiltasun justifikaezina»-ri.

2009an berean, arestian aipatu gotzainek Oroimena garbitu, egia ezagutarazi, barkamena eskatu izeneko agiria argitaratu zuten, non, besteak beste, isil-gordean fusilatu apaizen datuak elizbarruti bakoitzaren buletin ofizialean argitaratu behar zirela baitzioten.

Paper errea.

Ez ziren argitaratu.

Horrexek jarri zuen lanean Josu Aldai Otxoa de Olano klaretarra. Jose Otano Miquelizen biografia idazteari lotu zitzaion. «Tropa frankistek 1936an Hernanin hildako misiolari nafarraren bizia aztertzen hasi nintzen. Egiari zor nion, eta, bestalde, 2017an, ehun bat klaretar beatifikatu zituztenean, halaxe adierazi zuen gure superior nagusiak, hau da, gerra batean hildako guztiek, zernahi kredo edo filiazio politiko dutela ere, duintasunez oroituak eta ehortziak izateko eskubidea dutela. Are, zor ere zaiola gizakiari». Hortik jo zuen Josu Aldaik, eta liburuttoa ondu: Vida y obra de José Otano Miqueliz (Jose Otano Miquelizen bizia eta obra).

Isiltasuna

Aldaik iragan mendeko 60ko hamarkadan izan zuen Otanoren lehen berria. Salamancan (Espainia) zen, Teologia ikasten. «Zenbait klaretar adinekori aditu nien esaten kongregazioko bat fusilatu zutela Espainiako Gerra zibilaren garaian. Izenik ez zuten esaten, ordea. Batzuek, ez zekitelako. Zekitenek, ez zutelako izenik esan nahi. Harrezkero, gertatu da kongregazioko hainbat martiri beatifikatu dituztela Herrialde Katalanetan eta Espainian. Datua da Espainiako gerran, bateko eta besteko kongregazioak aintzat harturik, klaretarrek izan zituztela hildako gehiena: 270 baino gehiago». Alabaina, ez da 180ren berri besterik.

Hildako klaretar gazteena Josu Aldairen herri berekoa zen, Aguraingoa: Nikolas Campo Gimenez de Bikuña. «1920ko martxoaren 5ean Ula baserrian sortua zen, gure komentu ondo-ondoan.1936an hil zuten, Otano Hernanin hil zuten urte berean. Haatik, Campo gaxtea Katalunian hil zuten, haraxe bidali baitzuten nobiziatua egitera. Hemezortzi klaretar hil zituzten han; bost, nafarrak ziren, eta Nikolas, aldiz, aguraindarra. Dakigunez, FAIkoek hil zituzten. Primo Riveraren diktaduraren ondoko garaia zen, eta anarkistek Elizaren kontrako tirria makurra zuten». Hil, eta isiltasun hautsez estali zituzten denak.

Altxapeka hilak argitara ekarri nahiak eraman zuen Aldai bere kongregazio kideen memoria gure egunetara ekartzera. «Otano 'kontrako bandokoek' hil zutenez, erabateko isiltasuna zen haren heriotzaren inguruan. Hogeita hemezortzi urte zituela hil zuten, guztiz bidegabe, esateak balio badu, behintzat. 1898an Lergan jaioa, musika ikasketak egin zituen eta organista izan zen klaretar komunitatean Espainiako eta Euskal Herriko zenbait herritan eta Parisen, kongregazioaren etxean beti». 1934an Tolosara destinatu zuten Jose Otano, eta, herri euskaldunean zela ernatu zitzaion euskaltasuna. «Auzoan zituen sakramentinoak, auzoan frantziskotarrak, euskaraz zer edo zer ari ziren haiek beren elizkizunetan, eta Otanok berak ere klaretarrek kanturen bat euskaraz kantatu behar zutela uste zuen. Baina euskarazko kanturik kantatzen ez Tolosako klaretarrek, eta, are,superiorrak Otanori ez uzten. Esaterako, badakigu, Otanok bere kide bati idatzitako gutuna irakurriz, superiorrari joan eta organista izateari uko egin ziola, klaretarrek euskaraz kantatzen ez zutelako. Superiorrak kasurik ez, ordea». Horixe giroa 1936ko gerra atarian Tolosan, eta klaretar komunitatearen baitan.

1936

Altxamendua uztailaren 18an, giroa gero eta goritzenago, eta agorrilaren 7an Tolosan diren klaretarrek komentutik irtetea erabaki dute. Barreiatu dira. Dozena inguru dira. «Bata bestearen ondotik, hustu dute etxea. Goizean, aita Antonio Arriaga irten zen; arratsaldean, aita Frantzisko Aretxaga eta aita Jose Otano. Gau hartan, zenbaitek komentutik kanpora egin zuten lo, ezagunen etxean. Biharamunean alde egin zuten aita superiorrak eta aita Salvador Medinak». Kongregazio barruko kronikak ditu Josu Aldaik informazio iturri behinen. «Hantxe irakurriz jakin nuen, adibidez, arestian aipatu aita Medina Deban atxilotu zutela CNTkoek. Ez zuten hil, hala ere, baina preso eduki zuten hiru hilabetez Arantzazu-mendi itsasontzian. Deban atxilo hartu, eta Donostian eta Bilbon eduki zuten barkuan sartuta». Presoaldi hura eta gero, libre utzi zuten Medina, eta Tolosara itzuli zen, onik, hein batean, bederen.

Jose Otanoz den bezainbatean, ihes egiteko asmorik ez nafarrak, esate baterako Bilbora joateko esan zioten komunitatean. Berak ezetz, ordea: «'Zertan behar dut nik Bilbora, ez inora? Txarrik egin ez dut nik!', esan omen zuen Otanok. Hala ere, badaezpada Tolosatik lekutzeko agindu zioten. Otanok arreba zuen Donostian, Antiguan, eta haraxe erabaki zuen». Aldaik dakikeenez, Jose Otano Donostian zen irailean, bateko arrebarenean eta besteko Groseko komunitatearen etxean. Hantxe hartu zuten erreketeek, urriaren 12an. Salaketa bat izan zen kausa, salaketa goian-behean ari zuen garai latzean. Otanori dagokionean, komunitate barrutik heldu zen denuntzia. Horixe jakinik Aldairi minzorria hasi zitzaion zango-belaunetan, Otanoren memoriari eskainia dion liburuttoan xuxen idatzia duenez. «1937an, klaretarren superior Felipe Maroto Martinek hainbat komunitate bisitatu zituen. Besteak beste, Donostian izan zen. Dio oso mingarria izan zela gauza, Otano on eta zintzoa zela, ez zuela ez propagandarik ez gisakorik egin. Haatik, haren kontrako salaketa sinatu zuen komunitate bereko aita Ramirezek. Superiorrak dio aita Ramirezek ez zuela bere gogoz egin, aita Matabuenak eraginik izenpetu zuela Otanoren kontrako salaketa». Inor atxilo eramateko argudiorik behar ez zen garaia zen. Esamesa aski zen denbora itsua. Abertzaletasuna, bekatu larri. Are, altxamenduaren alde ez hitz egitea susmagarri zen aldi gaitza. «Otanori zer egotzi zioten... batek daki. Organoan euskarazko kantak jo izan zituela? Zuzentza gorrien aldean zegoela, gogo onez egingo zuela bat haiekin, esan zuela?». Frogarik behar ez zen.

Urriaren 12ko hartan Otano Mariaren Bihotza Klaret parrokian zegoen, Donostian, organoan Pilareko Ama Birjinaren himnoa jotzen. Erreketeek, Otano hartu eta eraman zuten. «Haien artean bazen Lergakorik, Otanoren herri berekoren bat, edo batzuk. Etxeko atea jo eta 'Aita Jose Otano hemen al da?', galdetu omen zioten atezainari. Hark, baietz, etxean zegoela, baina ezertarako ere, superiorrari jakinarazi behar ziola. Eta superiorrak sartzeko baimena eman erreketeei. Koruan organoa jotzen ari zela hartu zuten atxilo aita Otano». Ondarretara eraman zuten, preso zeuzkaten beste zenbait apaizekin batera. Foru militarraren arabera epaitu zuten hilaren 15ean. Fusilatua zuten urriaren 23an.

Hernaniko hilerria

«Gerbasio Albisu eta Martin Lekuona izan ziren lehen fusilatuak, oker ez banago. Gero, Jose Adarraga, Jose Ariztimuño Aitzol eta Jose Sagarna. Hilaren 23an, Jose Otano eta Alejandro Mendikute... Eta gainerakoak ere, bata bestearen ondotik fusilatu zituzten. Hernaniko harrobian fusilatu ere, itxura dagoenez, eta Hernaniko hilerrian lurperatu, baina kristau ez zirenen barrutian, paretaren kontra, hobi komun batean». Jose Otano Miqueliz, nafar bakarra fusilatu haien artean. «Haatik, 2009an Gasteizen esan zen meza hartan, Iruñeko gotzainak ez zuen parte hartu. Bilbo, Donostia eta Gasteizko gotzainek liturgia ospatu, eta barkamena eskatu zuten, Elizaren iturri ofizialek isilpean gorde zutelako gerra garaiko hamalau apaizen hilketa hura. Otano, Lergakoa, eta Iruñeko gotzaina etorri ez. Batzuek memoria ariketa egiteko eskatu dute, baina kontra dira beste batzuk, zauriak berritzea dela eta hau eta hura. Nik, neure partea egin dut bi lagunen hilketaren berri emanik». Aldaik bete du bere eginkizuna, Otanoren heriotzarena idatzi du, eta, halaber, Aguraingo Nikolas Campo Gimenez de Bikuña gaxtearena.

Elizaren jarreraz badu kezkarik asko Aldaik. «Urte askoan tabua izan da frankistek fusilatutako apaizen gaia. Hildakoen senideek ere ez zuten berririk jakiten. Francoren aldekoek fusilatutakoei dagokienean, Eliza ez da batere profetikoa izan». Hernaniko hilerrira ekarri gaitu Josu Aldaik, kriptara sarreran ageri den idazkuna irakurrarazi digu: «1936ko gerran, hemen, hilerri honetan berrehun lagunetik gora hil zituzten. Askatasunaren alde bizia eman zuten haiei, Oroitzapena eta Gorazarrea».

Kriptara sarrarazi gaitu.

Izugarrikerien ganbera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.